SOSLAIA. Patxi Zubizarreta

Aitortza jaso du Espainiatik

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Atzera ere, euskarazko lan bati egin dio aitortza Espainiako Haur eta Gazte Literatur sariak: Patxi Zubizarreta idazleak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) irabazi du garaikurra aurten, 2022an plazaraturiko Zerria liburuagatik (Erein). Lanaren hainbat ezaugarri nabarmendu ditu epaimahaiak: hala nola «narrazioaren kalitate aparta» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abilezia».

Halaber, nobelaren «ahalmen desafiatzailea» goratu dute epaileek, batik bat. Horrez gainera, diotenez, Zubizarretak ederki jakin du «deskribapen hipnotikoz» gizatasunari buruz hausnartzen. «Patxi Zubizarretak, bere leuntasunarekin eta idazkera dotorearekin, ederki lortzen du zaurian edertasuna aurkitzea. Haurrentzako literatura harribitxi bihurtzen du hala», erantsi dute.

Hain zuzen ere, besteak beste sari bati esker argitaratu zuen Zubizarretak Zerria, lanak 2021eko Lizardi saria irabazi baitzuen, sariketak haurrentzako obrak ez ezik gazteentzakoak ere aintzat hartu zituen lehenbiziko aldian. Zubizarreta lehendik ere izana zen garaile horretan; 1991n, bere liburu Matias Ploffen erabakiak saritu zuten. Gainera, bestelako sari ugari jasotakoa da Zubizarreta. Esate baterako, lau aldiz eman diote hari haur eta gazte literaturako Euskadi saria —1998., 2006., 2010. eta 2019. urteetan—.

Espainian saritu berri duten Zerria eleberrian, gizatasunaren eta animaltasunaren gaineko hausnarketa sakona egiten du idazleak, gazte glaziologo batek jasotzen duen notizia bat abiapuntu; beste beste, infantizidio baten kontakizuna eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.