Ezpalak. Egur aditu bati hartu diote izenburua Seiurte taldeko kideek beren ibilbideko estudioko bederatzigarren diskorako: Joxe Mari Olasagasti aizkolariari. Telebista ikusten ari zen Iokin Elortza gitarra jotzaile eta abeslaria, ikusi zuen aizkolaria amaitu berri zuen desafioko ezpalen artean ezpalei buruz hizketan, eta zerbait mugitu zitzaion. Erdi irribarrez aitortu du orain. «Metafora polita iruditzen zaigu. Enbor batetik ezpala askatu egiten da, eta enbor horretakoa izango da beti, baina jadanik bere bizitza propioa dauka. Horren harira hasi nintzen kanta batentzako hitzak idazten, eta oso egokia iruditu zitzaigun diskoa izendatzeko. Disko bakoitza ezpal bat delako gure ibilbidean, eta baita abesti bakoitza ere». Enbor arteko irudi hori, beraz, guztiaren abiapuntuan, eta rock doinu eta pop melodiako zortzi kanta ondoren. Kanta azkarrak, rock gitarrak eta lelo melodiatsuak. Taldearen enborrekoak denak, baina ezpal berrikoa, halere. «Gure diskorik trinkoena da. Abesti guztien oinarrian indarra dago».
Ibilbidea badute atzean. Beren ibilbideko seigarren estudioko diskoa dute oraingoa, eta hogei urte beteko dituzte aurten oholtzan. Aski ongi ezagutzen dute Euskal Herriko eszena, eta ezagun dituzte aretoak ere, baina diotenez, bakar xamar ikusten dute beren burua. «Umezurtz sentitzen gara; guretzako eszenarik ez bagenu bezala. Ez dago gure moduko talde askorik, eta askotan zaila egiten zaigu kontzertuak konpartitzeko talde anaia bat bilatzea. Euskal Herrian beste era batzuk nagusi dira, eta programatzaileen aldetik ere, antzera. Rockak badu bere eszena, baina patillak eduki behar dira eta rockerra izan behar, eta gu ez gara rockerrak. Jaietan eta txosnetan ere bestelako kontzertuak daude... Gu ez gara sentitzen eszena baten parte». Kexa arrastorik ez, ordea, abeslariaren hitzetan. Errespetua sentitzen dutela dio, eszenarik ez dutela igartzen da dena. Eta bromazale berriz horregatik azalpena. «Hogei urte aldiriak paseatzen. Hogei urte kontzertu ia klandestinoak eskaintzen; errespeturik sentitu ezean, akabo! Dinosauro itxura ere hartzen hasi gara eta!».
«Kolpe bat bezalakoa da». Hasi eta buka harrapatu nahi izan dute entzulea, Elortzak azaldu duenez. 11 kantako diskoak kaleratu dituzte orain arte, baina kontzentratu egin nahi izan dituzte indarrak oraingoan. «Disko luzeago horietan erabilitako energia kopuru bera dago disko honetan, baina 11 kantatan banatuta egon beharrean, zortzi kantatan banatuta». Orain arteko diskorik indartsuena atera zaiela diote, eta onartu dute broma: gero eta zaharrago adinez, orduan eta grinatsuago. «Momentu honetan gaude gazteen barrutik; inoiz baino gehiago ari gara gozatzen». Elortzak atera du zuzenekoen gaia lehenik: «Zuzenekoetan ere gero eta basatiagoak gara!». Julen Oarbeaskoa baxu jotzaileak ere bai ondoren: «Diskoak entzun eta gero, jendea harritu egiten zen zuzenekoetan daukagun indarra ikustean. Azken disko honekin lortu dugu zuzenean dugun indar hori diskora eramatea».
Musika nondik doan
Grises taldeko Eñaut Gaztañagak lagundu ditu horretan. Aurrez Atlantida diskoko nahasketak egin zizkien, eta ekoizle sartu dute oraingoan. Lehenengoz aritu dira hala. «Denetatik egin dugu gure ibilbidean baina beti izan gara lan guztia gure oskol barruan egitekoak. Pixkanaka hasi gara jendeari eskua sartzen lagatzen. Ez da erraza izaten askotan kanpoko bati sartzen uztea, baina oraingoan onartu dugu, eta igartzen da aldea. Onerako, noski. Aberastu egin da taldearen soinua». Urtarrila eta otsaila eman dituzte Berrizen (Bizkaia), Estoldetan estudioan, eta pozik daude lortutako emaitzarekin. Bromazale, Olasagastiren irudia aipatu du berriz Elortzak ekoizlearen lana aipatzean. «Agian ez da igarriko grabazioan, baina eskatu genion Ezpalak abestiko bateriak aizkorakada hotsa izatea».
Hasieran pop-rocka egiten zutela dio abeslariak, eta orain rocka egiten dutela. «Rock hitza oso zabala da. Rock esatea da dena esatea eta ezer ez esatea». Eta horregatik zehaztapena. «Nahiko rock modernoa egiten dugu. Musikariak baino gehiago musikazaleak gara gu, eta horrek eramaten zaitu egunean egotera. Jadanik ez ditugu entzuten hogei urte genituenean entzuten genituen disko berak. Guk jarraitzen dugu musika entzuten, kontzertuetara joaten, eta garapena sentitzen dugu. Musika doan lekutik, guk jarraitzen dugu».
Aizkoratik sortutako diskoa
'Ezpalak' diskoa kaleratu du Seiurte taldeak.20 urte beteko dira aurten oholtzan dabiltzanetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu