Aje emozional baten narrazioa

Goiatz Labandibar idazleak bere lehen nobela argitaratu du: 'Bekatua'. Emakume bat ezezagun baten ohean esnatuko da parranda baten ostean, eta ideia zurrunbilo batean murgildu

Goiatz Labandibar idazlea Bekatua liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Narraziogintzan jardun du gehienbat Goiatz Labandibar idazleak —Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (2013), Fotogramak (2016), Hori zen dena (2019), Amez (2022)...—, baina nobelara egin du salto oraingoan; hala ondu du Bekatua eleberria. Lo hartu ezinean sortzen den ideia zurrunbiloa kontatu asmo zuen, eta, azaldu duenez, «biharamun emozional baten narrazioa» da emaitza. 2021ean Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi ondoren, Erein argitaletxeak kaleratu du.

Idazlearen arabera, askotan konexiorik gabeko ideiak izaten dira lo hartu ezineko momentuetan, «itxuraz zentzurik ez dutenak». Une hori hartu nahi zuen abiapuntutzat, eta hortik tira egin. Hala, eleberria idazteko aitzakia bila hasi zen; hau da, norbait «krisi existentzial horretara eramateko» aitzakia bila. «Ez nuen nahi aitzakia hori oso transzendentala edo atzera-bueltarik gabekoa izatea; alegia, ez nuen nahi heriotza bat egotea tartean, eta heriotza bat izatea protagonista hausnarketa horietara bideratuko zuena. Zerbait arinagoa sortu nahi nuen, bazuena puntu azido bat akaso, baina baita umore puntu bat ere».

Azkenean, hauxe liburuaren sinopsia: Garazi izeneko 36 urteko emakume bat lagunekin parrandara atera, ligatu, eta berea ez den ohe batean esnatuko da, 19 urteko mutil bat aldamenean duela. Bikotekidea du, berez Garazik, eta, gertaera horren ondorioz, buruari bueltaka hasiko da, hausnarrean. «Akaso, sozialki ondoegi ikusita ez dagoen ekintza bat da adarrak jartzea. Eta horri plus txiki bat gehituta, emakume helduago batek bera baino askoz gazteagoa den mutil batekin ligatu izana, oraindik sozialki penalizatuago egon daitekeen zerbait da. Aitzakia da ondoren Garazik bere burmuina martxan jartzeko. Burura datozkion batzuk krisi baten bueltakoak dira: zergatik egin dut hau, zer egingo dut hemendik aurrera... Beste gauza batzuk, berriz, askoz sinpleagoak eta banalagoak dira». Bere buruari, inguruari eta gizarteari begira jarriko da, beraz, protagonista.

Labandibarrek azaldu duenez, ahots bakarra du liburuak; Garazi protagonistarena, hain zuzen. Hirugarren pertsonan narratzen du istorioa, baina haren ideiak, pentsamenduak eta emozioak etengabe agertuko dira testuan. «Pertsonaia gehiago ere aipatzen dira, batez ere bi: Mattin, ohean aldamenean daukan mutila;eta Axi, bere bikotekidea. Baina momentu batean ere ez dira aktiboak, eta ez dira lehenengoplanora etortzen. Nahita egindako zerbait da. Niretzat, protagonista bat eta bakarra dago: Garazi».

Uxue Razkin Ereineko editorea espazio erreferentzien inguruan ere aritu da: «Eszena bat dugu liburuan; protagonista ezezagun baten ohean esnatzen da, eta, erreferentzia hori izango dugu une oro, espazio hori». Protagonistaren hausnarketekin eta gogora ekarritako pasadizoekin, baina, bestelako eszena batzuk ere agertuko dira: «Kasu honetan, espazioa aldatzen dugu gogoeta horiek irakurtzean, eta garrantzitsua da hausnarketa zurrunbilo horretan irakurleak ez galtzea espazio erreferentzia hori. Deskribapenetan egin du lan Goiatzek: non gauden, ondoan nor daukagun, zer ari den egiten...».

Razkinen arabera, «ongi eraikita eta finkatuta» dago pertsonaia, eta hori da gakoa. «Horregatik funtzionatzen du. Eszena bakarra dago, baina Garaziren hausnarketa horiek ekintza ere bihurtzen dira, eta horiek ere, nolabait esatearren, eraiki egiten dute pertsonaia. Liburu honek niretzat daukan indarguneetako bat da».

Drama eta umorea

Kezka zuen hasieran Labandibarrek istorioak logika eta koherentzia izango ote zuen. Hala adierazi du: «Itxura batean, aipatzen diren ideiek ez dute konexiorik beraien artean, eta horrek beldur pixka bat eragiten zidan». Osotasuna eta zentzua izatea lortu duela uste du, ordea; pozik dago emaitzarekin. «Egia esan, gustura pasatu dut ohe horretan. Uste dut lortzen dela osotasun bat konexio gabeko ideia horien artean». Irakurleentzako mezu bat ere utzi du: «Espero dut gozatzea eta irribarre batzuk behintzat sorraraztea».

Tonu dramatikotik urruntzeko nahia azaldu du idazleak, eta horretan saiatu dela dio. Ereineko editorearen arabera, nahiko dramatikoa da gertaera, baina «jostaria eta makarra» da Labandibarrek darabilen estiloa. «Egia esan, euskal literaturan, horrelakoak falta direla sumatzen dut: jostariak, umorea dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.