Burt Lancasterrek sekula ez zuen eskolarik hartu aktore izateko. Behin, jada Hollywoodeko izarretako bat zela, galdetu zioten ea zein zen aktore bati eman ziezaiokeen aholkurik onena. Harritu antzean, hauxe erantzun zuen: «Aholkurik onena aktore batentzat? Kanpora irten eta egin ezazu!». Haren belaunaldikide dezentek ez bezala, ez zituen bete New Yorkeko Actor's Studio-n Lee Strasbergek ezarritako The Method sistemaren irizpideak. Eredu hark, hain zuzen, Konstantin Stanislavski antzerki zuzendari, aktore eta ekoizleak (Mosku, 1863-1938) mende erdi lehenago garatutako metodoan zuen oinarria. Horren arabera, aktorearen lana ez zen rol bat interpretatze hutsa. Ez. Pertsonaiaren azalean sartu beharra zuen, horretarako barne azterketa baliatuz. Ikasbide hura iraultzailea izan zen bere garaian, eta oraindik ere indarrean dirau. Metodoaren sortzailearen, aktoreen entrenatzailearen jaiotzaren 150. urteurrena bete da gaur.
Intuizioa eta inkontzientearen indarra erabiliz, pertsonaien psikologia aztertzea eta haien nortasuna bereganatzea eskatzen zien aktoreei, pertsonaia bera izaki bizidun bihurtu ahal izateko. Memoria afektiboa deitzen zion horri. Metodoaren arabera, esaterako, min handi bat pairatzen ari den pertsonaia bat interpretatu behar baldin badu aktoreak, komenigarria da artistak berak antzeko egoera bat bizi izan zuen unea gogoratzea, pertsonaia sinesgarriagoa bihurtzeko.
Stanislavski gaztea zela, 20 bat urte zituenean hasi zen metodo hari lehen zertzeladak ematen. Adibidez, mozkorraren edo arlotearen plantak egiten zituen, eta Moskuko tren geltoki batera joaten zen, mozkorrek edo arloteek han bizi zitzaketen egoerak edo sentipenak bereganatzera.
Mozkorretik edo arlotetik, ordea, gutxi zuen Stanislavskik. Haren familia burgesa garai hartako Errusiako Inperioko aberatsenetakoa zen. Aitaren negozioak zirela-eta, nerabea zela Parisera joan behar izan zuen bizitzera. Artean Konstantin Sergeievitx Alekseiv zen. Han, baina, talde amateur batzuekin antzezten hasi zen, eta ezagutu zuen erretiratzekotan zegoen aktore poloniar bat, Stanislavski abizenekoa. Abizen hura goitizentzat hartuta, esperimentuak askatasun handiagoarekin egingo zituela uste zuen errusiarrak.
Behin Moskura itzulita Arte eta Letren Elkartea sortu zuen, 1888an. Artearen munduko diziplina ezberdinetako profesional onenak bildu zituen, eta elkartearen errepertorioko ikuskizunak, orduan Errusiako Inperioan gauzatzen ziren beste obren gainetik nabarmentzen ziren.
Horregatik, 1897an bilera batera deitu zuen Vladimir Ivanovitx Nemirovitx-Dantxenko Moskuko Elkarte Filarmonikoko antzerki eskolako antzerkigile errespetatuak. Hamalau orduz solastatu ziren, eta bi elkarteak bateratzea erabaki zuten, Moskuko Arte Antzokia sortuz. «Gure programa iraultzailea zen. Interpretatzeko estilo zaharraren kontra egin genuen; itxurakeriaren, patetismoaren eta gehiegikeria bohemiarraren aurka», adierazi zuen, handik urte batzuetara, Stanislavskik.
Obren estreinaldiak gutxitu eta entsegu kopurua handitzea erabaki zuen, bere metodoa gauzatze aldera; eta aktoreentzako tailerrak sortu zituen, bide batez. Bien bitartean, Anton Txekhoven, William Shakespeareren, Moliereren eta Leon Tolstoiren obrak taularatzen zituzten, besteak beste, antzokian.
Sona handia hartu zuen metodoak, eta haren jarraitzaileetako bik, Richard Boleslavskik eta Maria Ouspenskaiak, Group Theatre konpainia hauspotu zuten 1920ko hamarkadaren bukaeran, New Yorken. Haren kide ziren Strasberg, Elia Kazan eta Stella Adler. Haren lekukoa hartu zuen Actor's Studio-k, Kazanek berak, Cheryl Crawfordek eta Robert Lewisek eratutakoa. Strasberg gonbidatu gisa joaten zen hasieran eskola batzuetara, baina gero zentroko irakasle bakarra bihurtu zen. Orduan ahoz aho zebilen The Method-eraino garatutako Stanislavski metodoa, Broadwayko antzerki obretan eta Hollywoodeko filmetan aplikatzen zelako.
Itogarria izan daitekeena
Steve McQueen, Paul Newman, Geraldine Page, Jane Fonda eta Marilyn Monroe Actor's Studio-tik pasatutakoak dira. Metodoaren adierazgarri garbiak dira, adibidez, Marlon Brandoren Streecar named Desire-ko (1951) antzezpena, eta Robert de Nirorena Raging Bull-en (1980). Halere, sektorean bertan uste zuten sistema itogarria izan zitekeela, eta aktorearen trebetasunak mugatu zitzakeela. Laurence Olivierrek, adibidez, zera esan zion Dustin Hoffmani Marathon Man (1976) filmatzen ari zirenean: «Zergatik ez zara saiatzen besterik gabe antzezten?». Hoffmanek nekatuaren itxura eman beharra zeukan pantailaren aurrean, eta bizpahiru gau zeramatzan begirik bildu gabe. Olivierrek, formakuntza klasikoa hartutakoa izaki, ezin zuen jarrera hura ulertu.
Izan ere, errealismoa adierazi nahi zuen Stanislavskik. Horretarako, irudimena kitzikatuko zuten eta giharrak erlaxatuko zituzten ariketak proposatzen zituen; inprobisatzeko gaitasuna bultzatzen zuen; eta espero ez diren egoerak probokatzen zituen bat-bateko erantzuna eskatzen zutenak.
Philippe Gaulier clown eta antzerki irakaslearentzat, berriz, metodoa «ergelkeria hutsa» da, «kaka zahar handi bat». Kaka horrek, baina, makina bat ikerketa eta hausnaketarako bazka eman du. Entrenatzailearen metodoak indarrean dirau oraindik ere.
Aktoreak entrenatzen
Konstantin Stanislavski aktore, zuzendari eta ekoizle errusiarraren jaiotzaren 150. urteurrena bete da gaur. Haren abizena daraman antzezpen metodoak iraultza bat ekarri zuen, eta indarrean dirau gaur egun ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu