XX. mendearen bigarren erdialdeko aktorerik famatuenetako bat izan da Alain Delon Frantziako zinemagintzan. Hala berresten du haren heriotza jakin berritan hedabideek eskaini dioten leku zabalak. Kameraren aurrean lehen urrats batzuk egin eta gutxira bihurtu zen izar bat Delon, batik bat, Luchino Visconti italiar zinemagilearen Rocco e i suoi fratelli (1960) eta Il Gattopardo (1963) filmetan egindako lanaren ondotik, eta 80 pelikulatan baino gehiagotan hartu zuen parte orotara. Frantziako eskuinaren ikurtzat ere jo izan dute askok —hala idatzi du Liberation egunkariak: «benetako figura eskuindar bat, baina berreskuratzen zaila»—, eta azken urteetan aktoreak han-hemen egindako iruzkin matxistek ere eragin dute polemikarik haren inguruan —«emakume bati zaplazteko bat ematea matxista izatea bada, orduan matxista bat naiz», esan zuen, esaterako, Frantziako telebista batean—. 2019an, Ohorezko saria eman zioten Cannesko zinemaldian, eta erabaki hura atzera botatzeko eskaera publiko bat zabaldu zen, aktorearen jarrera «arrazista, homofobo eta misoginoak» argudiatuta. Urte horretan bertan istripu zerebrobaskular bat izan zuen, eta, azken urteak Paris hegoaldeko bere etxean igaro ostean, atzo hil zen Delon, 88 urterekin.
«Limurtzaile» fama izan zuen hasieratik Delonek, baita «nartzisista» izatearena ere. Hala, bere azken lanetako batean, Astérix aux jeux olympiques (2008) filmean, bere buruaren parodia entzutetsu bat egin zuen Zesar enperadorearen larruan sartuta. Zinemarako lehen lana, berriz, 1957an lortu zuen, Quand la femme s'en mêle filmean (Yves Allegret), lagun aktore baten eskutik Cannesera heldu eta ekoizle estatubatuar batek begiz jo baitzuen; ondotik etorri ziren Viscontirekin egindako bi film arrakastatsuak, eta, hurrengo urteetan, haren ibilbide profesionalak abiada hartu zuen, eta, beste askoren artean, Jean-Pierre Melville, Rene Clement, Jacques Deray, Michelangelo Antonioni eta Jean-Luc Godard zinemagileen aginduetara egin zuen lan.
Modu paraleloan, aktorearen bizitza pribatuko gorabeherak askotan izan ziren zurrunbilo mediatikoaren erdian, eta adiskidetasun estua izan zuen Fronte Nazionalaren sortzaile Jean-Marie Le Penekin. Hautsak harrotu izan dituzten haren bestelako jarrera eta iritzien artean, heriotza zigorra abolitu izana irmo gaitzetsi izan zuen jendaurrean, baita sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak ere.