Alain Touraine hil da, gizarte mugimenduen pentsalaria

1960ko hamarkadaz geroztik, gizarte postindustrialetako mugimendu sozialen berriez egindako ikerketengatik da ezagun ikerlari frantziarra.

Alain Touraine, Bilbon, 2012an egindako bisitan. JON HERNAEZ / FOKU
2023ko ekainaren 10a
19:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako pentsalari nabarmenetako bat izan da Alain Touraine azkeneko mende erdian. Renaulteko langileen gaineko ikerketa batekin hasi zuen bidea, eta gizarte eraldatzeko indarren eta gaitasun kolektibo zein indibidualen gainean aritu da ikerketan geroztik, mundu postindustrialak sortutako gizarteen eta horietan aktore izateko borrokan dabiltzan eragileen soziologia aztertuz.

«Gatazka» ikertzea omen zuen maiteen. France Culture irratian duela lau bat urte emandako elkarrizketan aipatu zuen «erabaki bat» hartu beharra dagoela: «Zure bizitza bizitzea erabaki dezakezu, edo besteen bizitza, gizarte baten bizitza, ulertzen ahalegintzea erabaki behar duzu. Aukeratu egin behar da, sakrifikatu». Eta sakrifizio hori ikerketara eraman zuen Tourainek, soziologiaren, gizarte mugimenduen eta gizarte eraldaketen ikerketara.

1925ean jaio zen, Hermanville-sur-Merren, familia burges eta kontserbadore batean. Irakurle amorratua izan zen, baina ikasle berantiarra. Historia ikasketak egin zituen Sorbonan, Parisen. Irakasle batek Hungariara bidali zuen orduan, nekazaritza erreforma betean zeuden baserriak ikertzera. Handik itzulita, Valencienneseko ikatz meatze batean aritu zen ikerketan, meatzarien artean.

George Friedmannengana jo zuen, eta hark eman zion Renaulteko lantegietan lanak izan zuen bilakaera ikertzeko zeregina. 1950eko hamarkadan, Amerikako Estatu Batuetan ikasten ari zela, Talcott Parsons soziologoaren ikastaro batek bultzatu zuen soziologian murgiltzera. Oraindik sortu gabea baitzen ikerketa lerro hori Frantzian. Alemaniaren kontrako gerratik sortu zen gizarte horretan ekin zion lanari, beraz. Eta supituan etorri ziren gizarte mugimendu berriak, 1960ko hamarkadan. Eta gai berriak plazaratu zituzten, ordura arte ezkerrak aldarrikatu zituen eskakizunez harago: eskubideak, identitateak, emakumeak, gutxiengoak, ekologismoa, ikasleak...

68ko Maiatzak Nanterreko Unibertsitatean harrapatu zuen, irakasle, 43 urterekin, eta ikasle mugimenduko buru ezagunetako baten defentsa egitea egokitu zitzaion. Hiru urte lehenago egina zuen tesia: Ekintzaren soziologia (1965). Soziologia egiteko oinarrian jarri zuen eragile izateko desira edo nahia. Garai batean langile mugimenduek gorpuzten zutena, eta ordurako gizarte mugimendu berriak —bere hitzetan, definizio hori— mamitzen hasiak zirena. Gizarteak aldatzeko gatazkak eta eragileak

jarri zituen, beraz, ikerketa soziologikoaren muinean.

Ikertu zituen Txileko 1970eko hamarkadako gorabeherak eta Poloniakoak. Geroago, 1990eko hamarkadan, zapatistak. Feministen ekarpen itxaropentsuak ere aztertu zituen. Eta beste asko. Ez zuen ezkutatzen sozialdemokratatzat jotzen zuela bere burua, marxistengandik aparte. Alain Jupperen gobernuak 1990eko hamarkadan bultzatutako erretretaren erreforma babestu zuen, eta haren kontrako grebak errefusatu. Liberala izateaz akusatu zuten orduan.

Kapitalismo «kontrolaezinak» oinarriak industriatik espekulaziora nola aldatu zituen aztertu zuen, eta horrek zer pultsio antidemokratiko ekar zitzakeen ere bai. Eta horrekin batera, gizarteen ondoratzea: garai batean kontzeptu erlijiosoetan kohesionatzen zirenak, gero politikoetan, azkenik soziologikoetan eta gaur egun bere burua edozer gauzekin identifikatzen baitute. «Soziala-k ez du zentzurik gaur egun; zaila da hori esatea soziologo batentzat, baina hala da», adierazi zion Le Monde-ri 2013an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.