Alaitz Olaizolak 'Sekretuen lapurrak' gehitu dio Ereinen Antzoki Txikiari

Jon Eugiren 'Animaliakeriak' eta J. Perez Fonsecaren nobela bat ere kaleratu ditu argitaletxeak

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Erein argitaletxearen Antzoki Txikia bildumari azkenaldian urterokoa bihurtu den ekarpena egin dio aurten ere Alaitz Olaizolak, oraingoan Sekretuen lapurrak antzerki lanarekin. Obra Begoña Durrutik egindako ilustrazioekin argitaratuta ikusteaz gain, antzeztua ere ikusiko du egileak, ezeren okerrik ez dela, Azpeitiko Antzerki Tailerreko kideek obra prestatu eta datorren urteko udaberrian estreinatzeko asmoa baitute.

Adar urdina duen munduko zuhaitz bakarra da Olaizolaren obra berriaren ardatz nagusia. Zulo bat du, sekretuen zuloa; zulo horrek kontatzen zaizkion sekretuak gordetzen ditu. Baina jende asko eta askotarikoa etorriko da munduko bazter guztietatik zuhaitz adar urdindunaren zuloko sekretuak lapurtzen saiatzera.

Haur eta gaztetxoekin antzerkia lantzen duten irakasleek eta antzerki eskoletako arduradunek «ahalik eta aktore kopuru handiena» duten lanak nahi izan dituztela eta, obra hau hamasei pertsonaiarentzat idatzi du Olaizolak. Ez da kopuru itxia, gainera, erraz egokitu baitaiteke aktore gehiagorekin edo gutxiagorekin lantzeko, esketxetan banatuta.

Antzoki Txikia bilduman 6 eta 10 urte bitarteko irakurleentzat argitaratzen den zortzigarren liburua da Sekretuen lapurrak, eta orain arte argitaratu diren zortzi horietako lau dira Olaizolarenak. Hamar urtetik gorakoentzat bost obra argitaratu dira bilduma berean, eta horietatik bi Olaizolak idatziak dira.

Animaliak eta irudimena

Jon Eugiren Animaliakeriak narrazioa eta Jose Antonio Perez Fonsecaren Iban Aldenurikoa saileko Thaurroken basoanobela ere argitaratu ditu Ereinek. Animaliakeriak «animaliei buruzko ipuin bat» da, baina ez fabula bat, egileak adierazi duenez. «Animalien ezaugarriak hartu ditut, eta haiei azalpen literarioak asmatu dizkiet». Horretarako, Bertold izeneko protagonista erabili du, «irudimen aberatseko mutiko bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.