Arte garaikideko bilduma jorienetakoa du Dimitris Daskalopoulos finantzari greziarrak. Munduaren luze-zabaleko 170 artista esanguratsuren 400 obra bildu ditu, eta Bilboko Guggenheimen 30 egileren 60 lan erakutsiko ditu, horietako batzuk estreinako aldiz. Louise Bourgeois, Kiki Smith, Robert Gober, Mike Kelley, Martin Kippenberger, Paul McCarthy eta Annettte Messager ospetsuen obrez gain, Paul Chan, Nate Lowman eta Wangechi Mutu gazteen lanak ere badaude. Eskala handiko eskultura eta instalazioak dira gehienak, margolan eta argazki bakar batzuk ere badiren arren.
Bitarte argitsua izenburupean jarri dituzte ikusgai, Nikos Kazantzakis filosofo greziarraren pentsamoldeak «eragin handia» izan baitu Daskalopoulosek bilduma osatzeko jarraituriko irizpideetan, Nancy Spector komisarioak adierazi duenez.
Kazantzakisen arabera, bizitza bitarte argitsu bat da, eta tarte horretan hondamendia eta gainbehera nahitaezkoak dira ezer berria sor dadin. Hala, Guggenheimeko lehen solairuko bi aretotan eta bigarren solairu osoan dauden lanek etsipena eta itxaropena kontzeptuetan sakontzen dute, eta bizitzan bi horiek duten harreman etenezinean. Hots, izateak berezko dituen bi alderdi horiei erreferentzia egiten diete lanek, jorratzen duten gaia edozein delarik ere. Alienazioa, trauma, giza gorputza, kultura eta nortasuna dira obrarik obra ageri diren gai nagusiak. Egungo gaiak jorratzen dituzte, genero estereotipoak eta gatazka geopolitikoak, kasu.
Tamaina handiko obrak dira, eta batzuek areto osoak hartzen dituzte. Kiki Smithen (Nurenberg, Alemania, 1954) Konketa, Gorotzgorputza, Girlanda eta izenik ez duten beste eskultura batzuek irekitzen dute erakusketa. Gorputzak berak kanporatutako erraiak eta gorotzak erakusten dituzte lan batzuek. «Gorputzaren borrokaren ondorio dira. Bizirik zaudela hil egingo zarela jakitea zer den adierazteko modua da», azaldu du Spectorrekin batera erakusketa atondu duen beste komisarioak, Katherine Brisonek. Muki mintza jariatzen dute lanek.
Robert Goberrek (Connecticut, AEB, 1954) «bizi berri bat» eman die egunerokotik hartutako objektuei; sehaska, txakurrentzako saski eta zaku eraldatuei. «Giza gorputzaren ordezko bihurtu ditu». Nortasunaz eta generoaz hausnartu du, halaber, Egunkaria deritzon eskulturan. Bere burua erretratatu du zuriz jantzitako emakumezko ezkongaiz jantzita, eta lerroburu nagusiak dio Vatikanoak sexu berekoen ezkontza gaitzetsi duela.
Marina Abramovicen (Belgrad, Serbia, 1946) eskultura lau telebista pantailaz osaturik dago, bata bestearen gainean jarrita, eta irudietan eskeleto bat garbitzen ari den emakume baten eskuak ageri dira. «Tibeteko hileta errituetan oinarritu da artista, bizitzaren eta heriotzaren arteko marra lausoa erakusteko».
Zerumugan, Irakeko inbasioa
Areto horretan beste obra batek ematen du atentzioa, bitan banatzen baitu. Arantzadun alanbrezko harresi bat eraiki du Kendell Geersek (Johannesburgo, Hegoafrika, 1968), eta Akropolia orain izena jarri dio, Grezia zaharreko zutabeak gogora ekartzen dituzten habeez osaturiko egitura baita. Geersen obra Irakeko inbasioa jazo zenekoa da, baina.
Annette Messagerrek (Berck-sur-Mer, Frantzia, 1943) santutegi bitxia osatu du, era guztietako zintzilikarioekin, hala nola panpinekin, argazkiekin, korda beltz eta arrosekin, Dependentzia/Independentzia deritzon instalazio handian. Eta, ibilbidean aurrera, Wangechi Muturen (Nairobi, Kenya, 1972) Salokeria hobitik ateratzean: beste requiem batinstalazioan barruratzeko, oihal batzuk zeharkatu beharko ditu ikusleak. Berehala igarriko du atzeraka ematen duen kiratsa. Gora begiratu eta orduan konturatuko da nondik datorren: ardo ustela jariatzen duten botilak zintzilik daude sabaitik, eta erdigunean dagoen mahaian erortzen da, odola balitz bezala. Ibiltzean zerbaitek traba egiten diola sumatuko du orduan bisitariak. Behera begiratzean jakingo du arrazoia: oinen artean korapilatzen diren ilez beterik dago zorua. Barrena nahasiegia ez, eta segitzea erabakitzen dutenek —«hau da, onik jarraitzen dutenek», esan du komisarioak, irri eginez— lan ikuserrazagoak aurkituko dituzte ordainetan. Erakusketaren ikur bihurturiko Paul McCarthyren (Utah, AEB, 1945) Tomate burua, esaterako. Ez du horregatik mami gutxiagorik. «Maskulinitatearen irudia auzitan jarri du artistak, gizonen usteko erabateko ziurtasuna eta indarra, zalantzaren eta ahuleziaren bidez irudikatuz».
Rivane Neuenschwanderrek (Belo Horizonte, Brasil, 1965) munduaren etorkizunaz ohartarazi du Gerta daitekeena bideoan. Munduko bola pintatu du eztiz, eta eltxoek huraxe pixkanaka nola jaten zuten filmatu du gero. Irailaren 11ra arte izango da Bilbon Bitarte argitsua erakusketa.
Alanbre arantzaduna, ezti artean
Guggenheim museoak Dimitris Daskalopoulos greziarraren arte garaikideko bildumako lanak hartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu