ZINEMA

'Alardearen seme-alabak’ dokumentala estreinatuko dute bihar, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian

Eneko Olasagastik eta Jone Karresek zuzendutako lana ostegunean ere emango dute, lehen emanaldirako sarrerak amaitu direlako.

Igor Susaeta.
2013ko apirilaren 22a
17:29
Entzun

Hondarribiko eta Irungo alardeen iragana eta oraina jorratu ditu filmak, pertsonen sentipenetatik abiatuta. Horiek esandakoak adituta eta bi herrietako alardeak bertatik bertara bizi izanda, Olasagastik honako hau ondorioztatu du: "Dokumentaleko elkarrizketatu batek esaten duen bezala, alardea sintoma bat da". Zuzendariaren ustez, pentsatzen dugu berdintasunean bizi garela, "baina hori ez da egia". Eta alardeak dira horren sintoma, haren iritziz.

Herri bateko eta besteko alarde eguna, haren egitura baliatu dute istorioa kontatzeko. Dokumentalaren lehen zatiak alardearen jatorria erakusten du, haren historia, eszenaratze, osaketa eta ezaugarriekin. Bigarrena gatazkaren hastapenaz eta garapenaz mintzo da. Hirugarrena gaur egun kokatzen da, 2011. eta 2012. urteetan, eta alardeak zein egoeratan dauden ikusita, festaren orainaz eta iraganaz gogoeta egiten dute protagonistek.

Ainhoa Ruiz de Arbulu Irungo alarde mistoaren generalak eta Jose Ramon Otaegi hango alarde tradizionaleko artilleria buru izandakoak eman dituzte Irungoari buruzko lekukotzak. Hondarribiari dagozkionak, berriz, Jose Manuel Susperregi EHUko irakasle eta alarde tradizionalaren aldekoak eta Ixabel Alkain eta Garoa Lekuona Jaizkibel konpaniako kapitain izandakoek eman dituzte. Xabier Kerexeta soziologoak eta Maggie Bullen antropologoak, berriz, ikuspegi zientifikoa eskaini dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.