Albertina Carri: «Dramarekin batera, festa ere aldarrikatu behar da»

Zinegoak jaialdiak zinema zuzendari, gidoilari eta ekintzaile argentinarrari eman dio bere ohorezko saria. Atzo hasi, eta hilaren 7ra arte iraungo du festibalak

Albertina Carri zinemagilea, atzo, Bilboko Arriaga antzokian egindako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Niretzat, zinema bizitzeko modu bat da: zinemak proposatzen didan bezala bizitzea gustatzen zait». Artista, aktibista, ekoizlea, gidoilaria eta zinema zuzendari feminista da Albertina Carri (Buenos Aires, 1973), eta ibilbide luzea du egina dagoeneko. Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoaren arabera, gainera, haren lanak «ohikotasunetik harago» doaz: «Begirada zapaltzaileek fokuz kanpo utzi nahi duten hori guztia erakusteko lengoaia eta forma propioen esploratzaile nekaezina da Carri. Zinema generoek ikusezin bihurtzen duten zinema da berea». Eta arrazoi horregatik eman dio Ohorezko Saria, orain, Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoak. Esker ona azaldu zien Carrik antolatzaileei, atzo, saria jaso aurretik emandako prentsaurrekoan: «Izugarrizko ohorea da lanean eta aktibismo artistikoan emandako urte hauen guztien aitortza jasotzea».

Carrik Buenos Airesko Zinema Unibertsitatean ikasi zuen gidoigintza, eta hainbat film labur ondu zituen hurrengo urteetan. Besteak beste, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (denak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) eta Restos (2010).

Rotterdam (Herbehereak), Londres eta Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, guraso Roberto eta Ana Maria gurasoen bila abiatu zen Carri. Intelektual eta militante iraultzaileak ziren biak, eta diktadura militarrak bahitu eta desagerrarazi egin zituen, Carrik 4 urte baino ez zituenean. Bilaketa hori bere ondorengo film luzeetan ere islatu zuen: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) lanetan, hain zuzen ere.

Haien falta ulertzeko saio horiekin batera, Carrik sexualitatea ere landu izan du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Tartean, Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmetan. «Azken finean, lehen pertsonan hitz egiten amaitzen dut, ez dagoelako nik bizi izandakoa kontatzen duen material nahikorik», kontatu du Carrik. Las hijas del fuego (2018) filmean, kasurako, modu nabarmenean landu zuen sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura. Arenzanaren hitzetan, «bizitzaren eta filmen arteko mugak ezabatzen ditu Carrik, eta ertzetako gaiak erdigunean jartzen saiatzen da une oro».

Zinemagileak azaldu du gaur egun filmak egitearen helburuetako bat «istorio zoriontsuak» kontatzea dela, eta, Pier Paolo Pasolini zuzendariari keinu eginez, festaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Dramarekin batera, festa ere aldarrikatu behar da; izan ere, drama guztiaren gainetik, hori da zutik mantendu gaituena». Era berean, halako jaialdiak «erresistentziarako espazio» direla azpimarratu du zinemagileak: «Ez dut uste plataformak direnik gure irtenbidea. Are gehiago, iruditzen zait zinema aretoek zinema independentearen aldeko apustua egingo dutela pandemia bukatzen denean. Itxaropentsu nago».

Zinema lanez gainera, telebistarako saioak ere sortu izan ditu bere ibilbidean. Tartean, La bella tarea telesail dokumentala. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da. Eta, aurrera begira ere, lanean dabil: Caigan las rosas rojas ikus-entzunezkoa prestatzen ari da.

Saria ematearekin batera, Carriren ibilbide zinematografikoaren inguruko ziklo berezi bat ere antolatu dute jaialdian: gaur hasi eta hilaren 4ra bitarte, Albertina Carriren hainbat lan proiektatuko dituzte Bilbo Arte gunean. Besteak beste, La rabia bihar arratsaldean; eta Cuatreros hilaren 3an.

Hasi dira martxan

Atzo arratsaldean abiatu zen Zinegoak jaialdiaren hemeretzigarren aldia, Bilboko Arriaga antzokiko hasiera ekitaldiarekin, etahilaren 7ra bitarte, zinemaz betetako programa eskainiko du festibalak. Hala ere, joan den asteburuan 3, 2, 1... Zinegoak! programarekin eman diote nolabaiteko hasiera festibalari, eta antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldiek harrera «oso ona» izan dutela: «Asteburua oso ondo joan da, jendez lepo egon dira ekitaldi gehienak».

Datozen egunetarako ere egitarau zabala prestatu dute. Bihar arratsaldean, esate baterako, Instructions for survival, Emakume zuzendariak eta A primera morte de Joana lanak ikusteko aukera izango da, besteak beste, Golem Alondegian eta Bilborock aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.