Zinema

Albertina Carri: «Dramarekin batera, festa ere aldarrikatu behar da»

Zinegoak jaialdiak Albertina Carri zinema zuzendari, gidoilari eta ekintzaile argentinarrari emango dio gaur arratsaldean bere ohorezko saria. Hilaren 7ra arte iraungo du festibalak.

Albertina Carri zinemagilea, gaur goizean, Bilboko Arriaga antzokian egindako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 28a
17:13
Entzun

«Niretzat, zinema bizitzeko modu bat da: zinemak proposatzen didan bezala bizitzea gustatzen zait». Artista, aktibista, ekoizle, gidoilari eta zinema zuzendari feminista da Albertina Carri (Buenos Aires, 1973), eta ibilbide luzea du egina dagoeneko. Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoaren arabera, gainera, haren lanak «ohikotasunetik harago» doaz: «Begirada zapaltzaileek fokuz kanpo utzi nahi duten hori guztia erakusteko lengoaia eta forma propioen esploratzaile nekaezina da Carri. Zinema generoek ikusezin bihurtzen duten zinema bat da harena». Eta horregatik eman dio ohorezko saria, orain, Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. Esker ona azaldu die Carrik antolatzaileei, gaur goizean, saria jaso aurretik emandako prentsaurrekoan: «Izugarrizko ohorea da lanean eta aktibismo artistikoan emandako urte hauen guztien aitortza jasotzea».

Carrik Buenos Airesko Zinema Unibertsitatean ikasi zuen gidoigintza, eta hainbat film labur ondu zituen hurrengo urteetan. Besteak beste, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (denak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) eta Restos (2010). Rotterdam (Herbehereak), Londres eta Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, Roberto eta Ana Maria gurasoen bila abiatu zen Carri. Intelektual eta militante iraultzaileak ziren biak, eta diktadura militarrak bahitu eta desagerrarazi egin zituen, Carrik 4 urte besterik ez zituela. Bilaketa hori bere ondorengo film luzeetan ere islatu zuen: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) lanetan, hain zuzen ere.

Hutsunea ulertzeko saio horiekin batera, Carrik sexualitatea ere landu izan du bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Besteak beste, Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmetan. «Azken finean, lehen pertsonan hitz egiten dut, ez dagoelako nik bizi izandakoa kontatzen duen material nahikorik», kontatu du Carrik. Las hijas del fuego (2018) filmean, kasurako, modu nabarmenean landu zuen sexualitatearen, zinemaren, askatasunaren, politikaren eta feminismoaren arteko lotura. Arenzanaren hitzetan, «bizitzaren eta filmen arteko mugak ezabatzen ditu Carrik, eta ertzetako gaiak erdigunean jartzen saiatzen da une oro».

Momentu honetan, filmak egitearen helburuetako bat «istorio zoriontsuak» kontatzea dela azaldu du zinemagileak, eta, Pier Paolo Pasolini zuzendariari keinu eginez, festaren garrantzia nabarmendu du: «Dramarekin batera, festa ere aldarrikatu behar da; izan ere, drama guztiaren gainetik, hori da zutik mantendu gaituena». Era berean, halako jaialdiak «erresistentziarako espazio» direla azpimarratu du zinemagileak: «Ez dut uste plataformak direnik gure irtenbidea. Are gehiago, pandemia bukatzen denean, zinema aretoek zinema independentearen aldeko apustua egingo dutela iruditzen zait. Itxaropentsu nago».

Zinema lanez gainera, telebistarako saioak ere sortu izan ditu bere ibilbidean. Tartean, La bella tarea telesail dokumentala. Asterisco LGTBI+ Nazioarteko Zinemaldiaren sortzailea ere izan da. Eta, aurrera begira ere, lanean dabil: Caigan las rosas rojas ikus-entzunezkoa prestatzen ari da.

Saria ematearekin batera, Carriren ibilbide zinematografikoaren inguruko ziklo berezi bat ere antolatu dute jaialdian: martxoaren 1etik 4ra, Carriren hainbat lan proiektatuko dituzte BilbaoArte espazioan. Besteak beste, Geminis bihar arratsaldean; La rabia hilaren 2an; eta Cuatreros hilaren 3an.

Hasi dira martxan

Gaur arratsaldean abiatuko da XIX. Zinegoak jaialdia, Bilboko Arriaga antzokiko irekiera ekitaldiarekin, eta hilaren 7ra bitarte zinemaz betetako programa bat eskainiko du festibalak. Hala ere, joan den asteburuan 3, 2, 1... Zinegoak! programarekin eman diote nolabaiteko hasiera festibalari, eta antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldiek harrera «oso ona» izan dutela: «Asteburua oso ondo joan da, jendez lepo egon dira ekitaldi gehienak». Datozen egunetarako ere egitarau zabala prestatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.