Kritika-Antzerki musikala

Albiste egiatiak

Jaso ikastolaren 'Itzalpean' antzerki musikala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jaso ikastolaren 'Itzalpean' antzerki musikala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Agus Perez.
2025eko maiatzaren 13a
04:45
Entzun 00:00:0000:00:00

'ITZALPEAN'

Ekoizpena: Jaso ikastola. Zuzendariak: Ane Aleman, Dabid Albira, Eva Lopez de la Hoz, Imanol Janices, Irati Sanz, Irantzu Zabala. Abeslari-aktoreak, akrobatak, dantzariak, atrezzoa, multimedia, muntaketa: Jaso Ikastolako ikasleak. Musika-interpretazioa: Jaso Musikala orkestra. Lekua: Barañaingo auditoriuma. Eguna: Maiatzaren 9a.

Urtero bezala, musikal handi bat estreinatu dute Iruñeko Jaso ikastolako ikasleek, Barañaingo auditorioa azken besaulkiraino beteta zegoela. Askotan esan dugu iruindar ikastola horren musikalak goi kalitatekoak direla —eta kasu honetan ere bai, espero zen bezala—, baina argi dago ikasleengandik arlo guztietan sortutako ekintza eszeniko hauek balio sozial ikaragarriak dauzkatela.

Ikustekoa zen emanaldiaren aurretik sortutako giroa: adin guztietako ikusleak, adinduak zein haurrak, eta animazio handia haien artean. Batzuk —ez gutxi— ageriko pozarekin, horrelako ekitaldi jendetsu batean edonorekin euskaraz aritzeagatik. Beste batzuk, aldiz, gaztelaniaz, baina beren presentziarekin erakutsiz euskarazko ekitaldi batek beraiengan piztutako interesa eta beren oinordeko euskaldunei babesa ematearen harrotasuna.

Jaso ikastolaren musikaletan puntako gai sozial batek hartzen du beti zentraltasuna, eta oraingo honetan albiste faltsuena izan da protagonista. Baina esandako hori abiapuntua baino ez da izan eta, ohikoa duten bezala, beste kontu asko azaleratu dira emanaldian zehar, hala nola saldukeria politikoa, langileen arteko elkartasuna, presoen bizimodua eta hedabideen jokabide etikoa.

Betiko moduan, tamaina handiko muntaia prestatu dute emanaldirako, eta horren araberakoa izan da eszenografia, bere diseinu birakariarekin epaiketa gela solemnea, kazetaren erredakzioa eta espetxe barrukoa irudikatu dituena, ganora handiz irudikatu ere kartzelako eta erredakzioko bi solairuekin eta guzti. Igogailurako sarbidea ere ez da falta izan kazetarien lantokian eta, beste kontu guztietan bezala, ikasleek beraiek mugitu dituzte eszena bakoitzerako dekoratuak eta elementuak.

Jaso Musikala orkestra gaztea orbangabe arduratu da zuzeneko musika jotzeaz, ikasleen koreografietan eta abesti melodiko inspiratuetan laguntzaile. Eta koreografiez ari bagara, ezin aipatu gabe utzi paperezko egunkariekin egindako konposizioak eta espetxeko mutinaren eszena ikusgarria, akrobazia ikasleekin gauzatu dena. Elementu eszenikoen ezinbesteko osagarria izan dira argien diseinu dinamiko landua eta jantzien egokitasuna, eta horren guztiaren ondoriotzat jo dezakegu ikusle guzti-guztiak hasieratik sorginduta geratu izana.

Azkenik, albiste egiatia da emanaldia amaitutakoan emozioak eztanda egin duela eta artista gazte haietariko askok negar-anpuluak begietan zituztela. Neska talde batek itxura ederreko basa-lore sorta bat oparitu dio Imanol Janicesi, eta nik hori ikustean zera esan diot: «Imanol, honek ez dauka preziorik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.