Literatura. Leonardo Padura. Idazlea

«Aldaketak gizartearen egitura mugitzen hasiak dira»

Politika azpitestu modura erabili ohi duela dio, errealitatearen ikuspegi baten barruan, 'El hombre que amaba a los perros' azken eleberrian kasu.

Berlin
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Leonardo Padura Fuentes (Habana, 1955) eleberrigile kubatarra da; batik bat, polizia eleberriengatik ezaguna. 2011z geroztik, Espainiako herritartasuna du Padurak, baina oraindik ere Kuban bizi da.

Leonardo, inoiz gertatu al zaizu Kubako egoera politikoari buruz galdezka hasi gabe ekitea elkarrizketa bati?

Bai, gertatu izan zait inoiz edo behin, baina ez sarritan.

Horrek zer esan nahi du: Kuban politikak itzal egiten diola kulturari?

Kuba erakargarria da, hainbat arrazoirengatik. Batzuetan, jakin-minak piztutako erakarpena da; beste batzuetan, ezjakintasunak eragindakoa; zenbaitetan, morboak eragindakoa apur bat; eta beste zenbaitetan, elkartasunak eragindakoa. Baina, betiere, Kubako politikak badu interesik jendearentzat, askotariko gorabeherak direla eta: Kubako historia, Ameriketako Estatu Batuekiko harremanak, azkeneko urteetan gertatutako aldaketak eta etorkizunean gertatzekoak direnak. Eta, horregatik, elkarrizketetan beti ageri ohi dira hainbat gai: politika, ekonomia eta eguneroko bizimodua.

Hori eragozpen bat al da Kubako kulturarentzat?

Baietz uste dut. Nire ustez, bizimodutzat hartu dutelako sartu dira zenbait idazle politikan. Kuba barruan zein Kubatik kanpo. Ez naiz Kubatik alde egin dutenez bakarrik ari: Kuba barruan bizi direnez ere ari naiz. Batzuek alde idazten dute, eta beste batzuek kontra; batzuek zein besteek, ordea, beren literaturako erdigune bihurtu dute politika.

Baina zure liburuek ere badihardute politikaz.

Ni beti ahalegindu izan naiz azpitestu gisa baliatzen politika, errealitatearen gizarte ikuspegi baten barruan. Nire azkeneko eleberrian —El hombre que amaba a los perros (Zakurrak maite zituen gizona)—, ezinezkoa zen alde batera uztea politika, eleberri horretan badelako politikaria den pertsonaia bat: Leon Trotski, politika arnasten, jariatzen eta obratzen zuen gizona. Hura erailtzeko erabakia erabaki politiko bat izan zen. Itzal handiko gertakari politikoak egokitu zitzaizkion bizian, baita Ramon Mercaderri ere: hala nola Errusiako Iraultza, Alemaniako faxismoaren goraldia, Espainiako 36ko gerra, II. Mundu Gerra.

Izan ere, Trotskiz dihardu zure liburuak, baina baita Kuba garaikideaz ere. Zein da bien arteko lotura?

Marra ezinago zuzen bat da bien arteko lotura: herrialde sozialista bat ere bada Kuba, eta hala da oraindik. Eredu estalinista izandako haren ondorioak jasan behar izan genituen gure herrialdean. Kuban, zorionez, ez ziren gertatu Sobietar Batasunean gertatu bezalako gehiegikeriak.

Moskuko prozesuak…

…eta gulag izeneko kontzentrazio esparruak, eta hango ehunka mila pertsona. Ekonomia sobietarraren kopia bat izan zen Kubako ekonomia. Egitura sobietar haren ondorengoak ziren mekanismoak ezarri zituzten gizartean, eta, nolabait, bere hartan diraute oraindik. Beraz, zuzen-zuzena da lotura ideologikoa, politikoa eta historikoa.

Hain zuzen, Trotskiri eta estalinismoari buruzko liburu bat argitaratu berri dute. Eztabaida ideologikoa zabaldu egin dela esan nahi al du horrek?

Bai, zabaldu egin da eztabaida. Nire ustez, bat etortzeak izan badirelako argitaratu dute orain liburua. Eta bada beste kontu garrantzitsu bat ere: 70eko urteetan, Quinqueño Gris ere esaten zioten garaian, nekez pentsatuko nuen liburu hau idatziko nuenik. Eta ez nuen idazterik izango 80ko urteetan, gauzak aldatzen hasiak baziren ere ez zegoelako informazio nahikorik. 90eko urteetan ere ez nukeen idatziko, orduantxe hasi baitziren ebaluatzen zer gertatu zen Sobietar Batasunean, eta Espainiako 36ko gerran, historia zeharo aldatu baitzuten. Liburu hau idatzi dut, hain zuzen, liburua idazteko aukera izan dudanean: batetik, gogoeta egiteko aukera nuelako; eta, bestetik, nire literatura gaitasunak horretarako bidea ematen zidalako. 2001ean eleberri bat idatzi nuen, La novela de mi vida (Nire biziaren eleberria), eta han ere politika baliatu nuen narraziorako osagai nagusi gisa. Eta ezinago garrantzitsua izan zen liburu hura idaztea—hiru pertsonaiaren bidez, 200 urteko ibilaldia egin nuen Kubako kulturan barrena—, aukera eman baitzidan literaturaren zerbitzura baliatzeko historia ikerkuntza. Are gehiago, nire eleberririk onena dela uste dut oraindik ere.

Esan al daiteke Kubako iraultzaren historia berriz aztertzeak ekarri duela eztabaida politikoa landu ahal izatea?

Zalantza izpirik gabe. 2007an gertakari bat izan zen, eta izugarrizko garrantzia izan zuen prozesu honetan. 2006aren amaiera aldera, Quinqueño Gris garaiaren zapalkuntzako protagonista izan ziren pertsonaia batzuk agertu ziren telebistan. Eta gaitzespen sentimendu halako bat eragin zuen Kubako intelektualen artean, mezu elektronikoen gerratxoa izenekoa sortzeraino. Izan ere, posta elektronikoen bidez, hainbat iritzi helarazi zizkioten elkarri, honako hauek hizpide hartuta: pertsonaia haiek nortzuk ziren, urte haietan zer gertatu zen; galdetu ere egin zuten zergatik zen zilegi pertsonaia haiek berriro jendaurreko jokalekuan agertzea. Zantzu ezinago adierazgarria izan zen, agerian jartzen baitzuen garaiak aldatu egin zirela eta eztabaida ezin saihestuzkoa zela.

Era berean, herrialde bakoitzak, gizarte bakoitzak du bere tabu politikoa. Zein da Kubaren tabua?

Kuban oraindik ere kontu asko dago eztabaidatzeko. Ez dut uste tabu jakin bat dagoenik, baina bada oraindik ere zer eztabaidatu franko, zer argitu ugari.

Habanako azken Liburu Azokan ia eskandalu bat gertatu zen, zure liburua aurkeztu zutenean; nonbait, handia izan zen eskaria, eta urriak aleak. Gero, espekulazio asko izan zen blogetan, batik bat kanpokoetan. Zer gertatu zen?

Lau mila alekoa zen argitaraldia. Ez zegoen paper gehiago liburua inprimatzeko. Alegia, arrazoi material bat izan zen. Ez zegoen paperik; lau mila ale inprimatzeko lain besterik ez zeukaten, eta hori ez da nahikoa liburu bat Kuban zabaltzeko. Hala ere, gogobete egin ninduen ikusteak liburu bat erosteko irrikaz zegoela jendea; eta ez dibertiaraziko dituen liburu bat, baizik eta gogoeta eginaraziko dien bat.

Material urritasunaz ari garelarik, Kubako Gobernuak behin eta berriz esan izan du Ameriketako Estatu Batuen blokeoak ondorio kaltegarriak eragin dituela. Zer-nolako ondorioak ditu Washingtonen politikak Kubako kulturaren alorrean?

Blokeoa benetakoa da. Kubaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritzari erasaten dio; nazioartean kredituak eskuratzea eragozten dio blokeoak Kubari. Kubak dibisetan egindako banku eragiketak, berriz, korapilatsuagoak dira. Azken batean, ondorio kaltegarri asko dakartza, baita beste herrialde batzuek hainbat gai Kuban ezin merkaturatzea ere, hala egiteak Ameriketako Estatu Batuetako merkatua galaraziko bailieke. Baina Raul Castrok berak ere esana du gutako askok badakigun zerbait: norberaren eraginkortasunik eza ezkutatzeko aitzakia gisa erabili izan dela blokeoa. Kuban tomate nahikorik ez egotea ez da blokeoaren ondorio zuzena. Lurra gaizki erabiltzearen ondorio zuzena da, ekoizpena gaizki antolatzearen ondorio. Kuban handia da eraginkortasun defizita, baina horrek ez du inolako zerikusirik blokeoarekin.

Hain zuzen ere, orain horrexegatik dute eztabaidagai Kuban erreformak egitea, edo —uhartean esan ohi dutenez— ekonomia sistema eguneratzea. Zer iritzi duzu horretaz?

Hain zuzen, Kubak jadanik ezin du politika irizpideen arabera zuzendu ekonomia, ekonomia irizpideak bazter utzita. Uste dut horrek ekarriko duela eguneratzea; hain zuzen, ekonomia zuzentzeko ekonomia irizpideak erabiltzeak. Hasten ari den prozesu bat da hau, eta zabaldu berri den atea nekez itxiko da berriro. Bada osagai erabakigarri bat prozesu honetan. Gutxinaka-gutxinaka, lanik gabe utziko dituzte 1.300.000 pertsona, gobernuarentzat eta estatuarentzat aritzen direnak. Ez dut esan nahi estatuko soldatak eskuzabalak direnik eta arazoak konpontzen dituztenik; baina, nolanahi ere, daukazuna baino gehiago gastatuz gero, ezinezkoa da eraginkorra izatea. Beraz, aldaketa horiek Kubako gizartearen egitura mugitzen hasiak dira; behe-behetik hasi dira Kubako ekonomiaren egitura aldatzen, eta, nire ustez, ekonomia eta gizartea antolatzeko bestelako modu bat sortuko dute pixkana-pixkana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.