Sailkapen orokorreko langa ez ezik, saioko langa ere goian jarri zuen; bigarren sailkatu zen Peio Ormazabali 54,5 punturen alde zabala atera zion, aldeak alde, Ormazabalek saio polita egin bazuen ere. Urduri, ezin asmatuta eta ezin ekarrita aritu zen saioan zehar Eneko Abasolo Abarkas, eta azkenerako hirugarren sailkatu zen Ormazabalekiko koska batera. Lehen hiru sailkatuen arteko puntuen eta mailaren arteko koskarik ez zen izan azken hiru sailkatuen artean; nahiz eta Beñat Vidal, Ortzi Garitano eta Joanes Igeregi lehen hiru sailkatuengandik alde handira izan. Batez ere akats teknikoen kopuruen bidez igarri ziren sailkapeneko aldeak saioan zehar, eta sailkapeneko desoreka saioaren desorekaren erakusle izan zen.
Entzule kopuruaren langak gora egin bazuen Aulestiko aurreko kanporaketan, Igorreko kiroldegian are gorago egin zuen alde handiz: 570 bertsozale inguru batu ziren.
Ofizioka, zortziko handian eta txikian, tarteka ideia eta erantzun politak kantatu bazituzten ere, ez zen ariketa osorik entzun.
Ormazabalek eta Amurizak batera kantatu zuten lehen ofizioan, familia eduki guran arrakastarik barik denboratxoan zebilen bikotearena egiten. Ormazabalek, lehen bertsoan helburua lortzeko teknologiak garesti ordaintzen direla iritzita, amore eman, eta «ta zertarago gehiau saiatu / nahiko famili gara gu», bota zion Amuriza emazteari. Erantzunean berarentzat horrela emakume sentitzea gaitza zela kantatu zion, eta ariketako bigarren bertsoan borobildu zuen bere arrazoiketa senarra konbentzitzeraino: «Bete ezinda hutsune haundi bat / daukat barruan laguna: / zuk ez deustazu inoiz emongo / seme baten maitasuna».
Bikote gisa jarri zituen Leire Aurrekoetxeak Abarkaseta Igeregi ere: «Joanes, etxean txakurra eta biok bizi izan zarete bakarrik urteetan. Orain, Eneko zure bikotea etorri da etxera bizitzen, eta ez du txakurrik gura». Hasieran, ez zion aukera handirik eman Igeregik: «baina hor aukeratzeko / ez duzu aukera / lenago sartu baitzen / txakurra ohera». Gustuko ez zuen panorama argitu zuen hurrengo bertsoan Abarkas-ek: «Ni izkinan jartzen naiz / ta bera erdian». «Ohetik botako dut / baina etxetik ez», egin zuen atzera egin zuen Igeregik. «Baina bizi nahi badut / gogotsu bakean / bera lez lotu behar / zaitut zu katean», deliberatu zuen azkenerako Abarkas-ek.
Lehen lanegunean kokatu zituen kartzelako gaiak bertsolariak: «Zure lehenengo laneguna da. Ordua baino lehenago heldu zara lantokira. Atea noiz zabalduko zain zaude». Amurizarena izan zen lanik osoena atzerritik lan bila etorritakoaren ahotik honela ekinda:
Miren Amuriza
Orain hile bi hartuta hona
ekarri nindun patera
aprobetxatu gura izan dot
suertatu jatan aukera.
Gure herrian oso latza da
bizi dogun egoera
miseria tankera;
betiko izango ete da?
Ta azkenean lanera nator
hemen taberna batera
aro barri bat zabalduko jat
ate honekin batera
Amurizak Amorebieta-Etxanon kantatuko du hilaren 28an Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta puntuaketen bidez sailkatuko diren beste hirurekin batera. Ormazabalek ere aurrera egingo du, eta Abarkas-ek azken kanporaketaren arabera. Langa mugitzeko azken aukera Miren Ibarluzea, Eñaut Uruburu, Gorka Lazkano, Ion Barrocal eta Eneko Arratek dute igandean, Itzubaltzetan.
Sailkapena
IGORREKO SAIOA1.- Miren Amuriza 446,5
2.- Peio Ormazabal 392
3.- Eneko Abasolo 'Abarkas' 365,5
4.- Beñat Vidal 333
5.- Ortzi Garitano 331
6.- Joanes Igeregi 327
SAILKAPEN NAGUSIA
1.- Miren Amuriza 446,5
2.- Oihana Bartra 412, 5
3.- Ibon Ajuria 410
4.- Gorka Ostolaza 400
5.- Jone Uria 398, 5
6.- Arrate Illaro 392,5
7.- Peio Ormazabal 392
8.- Xabier Enbeita 370,5
9.- Eneko Abasolo 'Abarkas'365,5
10.- Xabat Galletebeitia 364,5
11.- Joseba Artza 363
12.- Ander Elortegi 361,5