Bi urteko biran, 100 kontzertu eskaini ditu Janus Lester taldeak 2022ko abenduan Ez gaitzala loak harrapatu izeneko lehen diskoa kaleratu zuenez geroztik. Baina zuzenean aritzearekin batera, disko berri bat ere osatu dute bitartean: Lore. «Lehenengo diskoa dantzagarriagoa zen», azaldu du Jokin Pinatxo abeslariak, «bigarren honetan geldiune bat behar genuelako». Biran bizi izandako momentu argitsu zein ilunak bildu dituzte diskoko bederatzi kantetan, eta, musikarien hitzetan, «mendi errusiar bat» izan da emaitza. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian hasiko dute bira berria, abenduaren 30ean.
Haien entsegu lokaletik milaka jenderen aurrean jotzera pasatu ziren taldekideak lehen disko harekin, ia kolpean. Euskal Herrian ez ezik, Espainian eta Finlandian ere izan dira, esaterako, eta bizipen horiek sortutako sentimenduak baliatu nahi izan dituzte sorkuntzarako. «Bira izugarria izan da, guretzat pentsaezina zena, eta horrek emozio asko sortu dizkigu», esan du Pinatxok. «Ederra da taldekide bakoitzak bere sentimendu propioak izan dituelako, eta lortu dugulako horiek denak musikan bilakatzea. Bigarren disko hau gure hasieren lagin ederra izango da betirako».
Emozioen barruan, «alde ilunak» eta «alde argiak» aipatu ditu Pinatxok: «Kontzertu batek momentu argi asko ematen dizkizu, baina, ondoren, badaude kontrakoak ere. Hainbeste jenderen aurrean egotetik bakarrik egotera pasatzean, kontraste handia da hori». Momentu ilun horiek ez direla inorentzako errazak adierazi nahi izan du taldeak kantetan. «Baina momentu ilunak bizi beharrekoak dira, ondoren bizipen onak baloratu nahi baditugu. Itxaropen mezu bat bidali nahi izan dugu»
Lan berrian erritmo geldoagoak daudela zehaztu du Pinatxok. «Lehen diskoa melodia dantzagarriz beterikoa zen», azaldu du, «baina, orain, beste zerbait behar genuen, geldiune bat, eta frenatzeko beharra ikusi dugu». Sortzeko gogoak bultzaturik egin zuten lehen diskoa, haren ustez; bigarrena, baina, beharrak bultzatuta. «Askatasunari oihu bat egin beharrean, gure barrenak askatzeko mezu bat da, askoz gordinagoa».
«Lore batek ederki irudikatzen du disko honen izaera. Ahula da lorea, erraz apurtzen da, baina era berean, ia hilda egonda, zaintza pixka batekin, badu berpizteko ahalmena»
JOKIN PINATXOJanus Lester taldeko abeslaria
Pinatxok ez ezik, beste zazpi musikarik ere osatzen dute taldea: Mattin Arbelaitzek (bateria), Garazi Esnaolak (teklatuak), Julen Barandiaran Txiki-k (baxua), Andoni Arriolak (gitarra), Javi Etxarrik (gitarra), Julen Suarezek (tronpeta) eta Javier Etxarrik (tronboia). Horrez gain, disko berria egiteko, Eñaut Gaztañaga soinu teknikariaren laguntza izan dute, eta haren Gaztain estudioetan grabatu dituzte abestiak, Zestoan (Gipuzkoa).
Transmititu nahi duten mezua irudikatzeko elementu baten beharra ikusi zuen taldeak. Diskoaren izenean eta azalean ikusten den moduan, lorea da elementu hori. «Lore batek ederki irudikatzen du disko honen izaera. Ahula da lorea, erraz apurtzen da, baina, era berean, ia hilda egonda, zaintza pixka batekin, badu berpizteko ahalmena».
Zehazki, gerbera loreak aukeratu ditu Pinatxok bildumaren azalerako, Andoni Beristainek egindako argazkian. Loreak David Mola lore saltzaile eta artistak eman dizkio, eta pozik dago emaitzarekin Pinatxo: «Nik esatea ez dakit onena den, baina azal bat beharrean, ikaragarrizko azala da diskoak duena [barrez]». Abeslariak adierazi duenez, bereziki zaindu dute irudia Lore-n, diskoaren inguruko guztiari nortasun propio bat eman ahal izateko. Lehen aldiz egin dute hori. «Irudiek zentzu handia ematen diote diskoari, eta baita hain nabarmena den kolore gorriak ere».
Elkarlan bereziak
Bi kolaborazio daude diskoan. Neomak taldeak lagundu ditu Etxean abestian, eta Izaro Andresek Nola hartu arnasa kantan. Bi gonbidatuekin batera lan egitea «oso berezia» izan dela adierazi du Pinatxok, nahiz eta Izarorekin aurrez ere egin izan duten lan. Pinatxo: «Izarok Cerodenero diskoko Edzddh abestian beraiekin koruak egitera gonbidatu ninduten. Izarok esan zidan bere barruko minak sendatzeko balio izan ziola kanta horrek, eta begira nolakoa den bizitza, berarekin partekatu dudan kanta berrian nik sentsazio bera dudala».
Neomak taldearekin egindako Etxean kanta hautatu dute diskoaren aurrerapen modura. «Kanta hau konposatzen nenbilela, ahots asko sartu nizkion, baina denak nireak. Gehiegi ziren, eta konturatu nintzen masan abesteko zerbait nahi nuela. Horregatik proposatu nien Neomakeko neskei nirekin batera aritzea, eta dudarik gabe baiezkoa eman zidaten». Batzuetan, beste musikari batekin abestia kolaborazioan egitea «zaila» izan daitekeela uste du Pinatxok, baina adierazi du disko berrian lortu dutela abestiak elkarlanean, modu politean, sortzea.
Prest dute aurkezpen bira ere. Donostian hasiko dute, Viktoria Eugeniako kontzertuarekin, abenduaren 30ean, eta iragarri dute jada edukieraren erdia beteta dagoela. Pinatxok oso gustuko du antzokia: «Han sortzen den giroa oso berezia da, oso hurbilekoa eta beroa. Amets bat da bertan jotzea, eta uste dut disko berriko musikak eta esanahiak bultzatu egiten gaituela horrelako leku batean jotzera». Horrez gain, urtarrilaren 2an Bilboko Kafe Antzokian egongo dira, 4an Gasteizko Jimmy Jazzen eta 25ean Azpeitian (Gipuzkoa), San Agustin kulturgunean.