Joseba Irazokik zehatz samar gogoratzen du munstroak noiz erakutsi zuen aurrenekoz atzaparra bere leihatilan. 2010ean Mikel Erentxunekin —haren musikari gisa— bira bat egitear zela konturatu zenbenetan krisia deitzen dioten munstro horrek letagin zorrotzak dituela, diskoen salmentan soilik ez, zuzeneko emanaldietan ere bere ondorio murrizgarriak badituela: «Emankizun gutxi atera ziren, eta aurrekontuak nahiko jaitsiak zirenez, musikari gutxiagorekin egin behar izan zen bira bukaera. Hortik aitzinera, musikari profesional gisa lan egin izan dudanean, soldatak jaitsiz joan dira, eta gastuak, igoz».
Garai bertsuan sentitu zuen krisiaren hozkada Txuma Murugarrenek ere, Marjinalia (2007) azken diskoa kaleratu zuenetik aurrera. «Kontzertu akustiko txikiak egiteko aukera ez nuen eskaini. Banda osoarekin jotzeko asmoa nuen, eta horrek, jakina, aurrekontua garestitu egiten du. Oso makal ibili gara 2011-2012urte hauetan».
Hamar urte pasatxo igaro da musika industriaren zimenduak kolokan jarri zirenetik. Teknologia berrien ugaltzeak, Internetek zabaldutako bide berriek eta musika grabatu, gorde eta zabaltzeko molde berriek kontsumo ohiturak aldatu zituzten. Gaur egun, diskoak ez dira erosten behinola bezala, eta diskogintzaren industria izan da kaltetu nagusia edo kaltetu nagusi modura agertu dena. Sortzaileek, musikariek, jakin dute, aldez edo moldez, aurrera egiten arlo horretan. Topatu dituzte beraien musika grabatzeko eta zabaltzeko sistema alternatiboak. Autoekoizpenak, autofinantzaketak, kapital biltze kolektiboak, crowdfunding-ak, eta Internet sarea bera izan dira aurrera egiteko erabili dituzten makuluetako batzuk, zenbaitzuek bide klasikoari eutsi badiote ere.
Diskoak saltzeko, zuzeneko emanaldiak, kontzertuak, bihurtu dira gunerik aproposenak eta erabilienak. Musika industriaren krisia azaleratzen hasi zenean, emanaldien zirkuitua indartuko zela uste izan zuten askok, inoiz ez bezala zuzenekoetara itzultzeko garaia zela esan izan zuen askok, eta oraindik ere asko dira hori horrela dela pentsatzen dutenak. Baina errealitateak ere bere arauak zedarritzen ditu. Murugarrenek argi dauka krisiak ez duela «inondik ere» zuzeneko emanaldien zirkuitua indartu, «makaldu baizik». «Dagoenarekin moldatu behar honek eskuak lotuta uzten zaitu, ezin duzu ezer berezirik eskaini, berezi izate horrek bitarteko gehiago behar baditu. Kontzertu bat dagoenean arkamuiak izaten ditut aurrekontua eta eskaini beharrekoa uztartzeko, musikari guztioi egoki ordaindu eta jendeari kalitatezko produktua eskaintzeko».
Datuak argiak dira. 2008tik aurrera erakunde publikoek %50 jatsi dute zuzeneko ikuskizunetarako aurrekontua. Arte eszenikoak eta musika izan dira kaltetuenak. Euskal Herrian udalek, foru aldundiek eta gobernuektradizio sendoa izan dute zuzeneko emanaldien promotore gisa. Orain «ia bat-batean» desagertu egin dira, eta promotore pribatuak eta sortzaileak beraiek kinka larri samar geratu dira. Promotore pribatuari zaila zaio, 2012an, erakundeen bidez egitea kontratazioak, eta ekimen pribatuz eginez gero, etekinak soilik leihatilaren mende utziz gero, zailtasun handiak izaten ditu sarrerak saltzeko, jendeak ondo pentsatzen baitu dirua zertan xahutu.
Egoera hori dela eta, bat baino gehiagoksalatu dute ahots gora egoeraren larria. Oihartzuna izan du Natxo de Felipe Oskorriko kantariak idatzizko hedabide bati esandakoak. «Ez dugu kontratatuko gaituen inor topatzen, eta ez dut inolako aterabiderik ikusten. Oskorri mugitzeko, dirua behar da, eta udalak ez daude prest hori egiteko».
Krisi ekonomikoaren eragina «ukaezina» daJabier Muguruza musikariaren hitzetan. «Batetik, krisi ekonomikoa dago, eta, bestetik, gorputzean sartu diguten beldur moduko hori. Krisiaren ondorio zuzena da, diru publikorik ez dagoenez kontratazioak ikaragarri jaitsi dira». aurtengo urteak urte berezia dirudi munstroaren eraginak azaleratzeko eta identifikatzeko garaian, baina, Muguruzaren ustean, lehenagotik datorren kontua da. «Krisiaren eragina ez da hain berria. Kontua da kulturaren munduan askotan disimuluan ibiltzen garela. Erakundeek dirua jartzekoeragozpenak dituzte, eta, bestalde, normala den bezala, jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaio poltsikotik dirua ateratzea. Bi faktore horiek ukatzea, gaur egun, disimuluan ibiltzea da. Ulertzen dut neurri batean disimuluan ibiltzera behartuta gaudela, baina egia ere esan beharko dugu».
Krisiak krisi, sortzaile askorengan mentalitate aldaketa bat izaten ari da. Ezinbestean, ziurrenik. Muguruzak berak aitortu du Taxirik ez diskoa plazaratu zuenean, 2009an, ikuspegi ilunagoa zuela, edo kontserbadoreagoa, nahi bada. «Orduan, igual, esango nuen saiatu egin behar dela aurrez lortutakoari eusten, duintasun horri eusten, lehengo formatuei eusten. Baina momentu honetan ez dut ikusten beste alternatibarik. Bestela, etxean geratu, negarrez eta ozpinduta».
Alternatiba garai berrietara egokitzea da. Aurrera egiteko «motibazioa» eta garai berrietara egokitzeko «indarra» baditu Muguruzak. «Duela hiru urte nahikoa desanimaturik nengoen. Musikari talde oso baten laguntzaz eginnuen Taxirik ez diskoa, baina jaitsiera handia izan zen, eta oso zaila zen horrela aurrera egitea. Baina orain ari naiz bestelako formula batzuekin ere saiatzen».
Flores uhartearen metafora
Formatu eta formula berriak aurkitzea. Horra hor oraingo gakoa. Bikote bat diskoa aurkezten, batean eta bestean dabil Muguruza. Oraintsu Valentzian aritu da (Herrialde Katalanak). Formatu txikian. Mikel Azpiroz teklatu jotzailea lagun duela. Beste musikaririk gabe. «Nahi baduzu musikaria izan baldintza duinetan, formazioa eta gastuak murriztu behar dituzu, derrigor».
Txuma Murugarrenek ere garbi ikusten du formatu txikiagoekin moldatu beharra dagoela, eta Flores uhartean gertatutakoa dakar gogora, metafora modura. «Han elefanteak eta bestelako animalia handiak, urteen poderioz txiki bilakatu dira bertan iraun ahal izateko; egun, elefante ñimiñoak daude bertan. Hemen, halako zerbait gertatu da kultur emanaldiekin. Nanotu egin behar izan ditugu gure proiektuak bizirik irauteko». Eta kontratazioak urritu soilik ez, norabide aldaketa bat ere egon da, Murugarrenen hitzetan. «Kontratazioak egiten dira, baina uste dut jende asko erakartzen dituzten egitasmoetan zentratu direla programatzaileak, euskal produkzioaren kaltetan».
Joseba Irazoki da, adibidez, egungo musikaririk ipurterreenetako bat. Egitasmo pertsonaletan ez ezik, beste musikariekin ere kolaboratzen du. Agertoki handietan bezalaxe, taberna txiki batean edo gaztetxe batean, berdin-berdin, jotzen du. Orain, normalean, zirkuitu underground-ean mugitzen da, eta emanaldi kopurua ez zaio askorik jaitsi, gutxi gorabehera programatzeko ohitura «nahiko ongi» mantendu baita. «Udalek kontratatutakoak edo areto handiagokoak, aldiz, lehen baino gutxiago ateratzen dira». Krisiak zerbaitera behartu badu, emanaldiak bakarka egitera behartu du Irazoki. «Horixe da formuletako bat, musikatik bizi nahi baduzu. Ondo funtzionatzen ari den talde batean egotea, edo, bestela, instrumentua hartu eta edozein lekutan jotzeko prest egon behar duzu. Kanpoko musikari anitz ikusten dira horrelako bizimoduarekin; hemen, agian, ez gaude horretara horren ohituta».
Alternatibak ez datoz soilik musikari eta taldeen aldaketa gaitasunetik. Kontratazio moduak ere aldatu egin beharko dira, Muguruzak adierazi duenez. Formula berriak ezinbesteko izango dira aurrerantzean. «Minimo bat artistarentzat gehi leihatilatik lortutakoaren portzentaje bat, beste batzuetan leihatilara jo beharko da oso-osorik. Eta zenbait lekutan, Madrilen esaterako, badira musikariak alokatu behar izaten dituzten lokalak, arriskuak hartu beharra dago». Euskal Herriko hainbat herritako tabernetan mugimendu handia sumatzen ari da azken hilabeteotan, esaterako.
Musikari eragiten dion krisia ez da soilik ekonomikoa Muguruzaren aburuz, baditu beste ezaugarri batzuk ere. «Indar uniformatzailea ikaragarria da. Gurea bezalako mikrokultura baterako, ikaragarria da hori. Kontrako bidean, aldiz, ez dut ikusten indar handirik. Edo horren kontra egiteko borondate handirik ere ez. Uste dut kulturalki geroz eta kolonizatuago gaudela. Eta hori ez da krisiarekin etorri den zerbait».
Musikariak eta krisia
Aldean hartu, eta segi aurrera
Diskoen salmentetan ez ezik, zuzeneko emanaldietan ere nabarmen eragiten ari da krisi ekonomikoa. Musika tresna hartu eta batera eta bestera mugitu, beste erremediorik ez zaie geratzen musikariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu