Ignacio Aldekoa idazlearen jaiotzaren mendeurrena da aurten. Gasteizen jaio zen, eta gazteleraz egin zuen bere ibilbide literarioa. Figura ezin garrantzitsuagoa da hirian. Haren izena darama hiriko kultur etxe garrantzitsuenak, esaterako, bai eta euskarazko ipuingintza sustatzeko beka batek eta duela bi urte sortu zuten ipuin literarioen nazioarteko jaialdiak ere. Bada, idazlearen garrantzia azpimarratzeko eta hura omentzeko ziklo bat ere antolatu dute aurten. Idazlearen obrari buruzko hitzaldiak, Aldekoak idatzitako Gayarre (1959) filmaren proiekzioa eta bere ibilbide pertsonala eta literarioa biltzen dituen erakusketa bat egin dute, besteak beste. Eta erakusketa hori oinarri duen liburua ere aurkeztu dute orain: Ignacio Aldecoa, istorioen kontalaria.
Julia Guillamon idazleak egin ditu erakusketako komisario lanak. Eta, zehaztu duenez, bildumarentzako hautatutako izena ez da hala nolakoa. Izan ere, Robert Louis Stevenson idazlearen hilobian ere epitafio hori dago, eta Aldekoak berak esaten zuen bere hilobian ere horixe ipintzea gustatuko litzaiokeela.
Artistaren alderdi guztiak
Gaur aurkeztu dute katalogoa. Erakusketaren izen bera ipini diote, eta haren egitura bera baliatu dute hura osatzeko ere. Lehenengo atalean, Aldecoaren bizitzak izenekoan, autorearen biografia jorratu dute: Araban igaro zuen gazte garaia, Madrilen eta Salamancan (Espainia) egin zituen ikasketak, eta Eivissa uhartean (Herrialde Katalanak) eta New Yorken (AEB) igaro zituen zenbait urte. Atal horretako orrialdeak familiaren bildumatik lortutako hamaika argazkirekin atondu dituzte, baita Aldekoak berak idatzitako lanekin ere.
Ipuinetako bizitzak izena du hurrengo atalak. Aldekoaren alderdi artistikoa lantzen du parte horrek, eta bi adituren testuak bildu dituzte: Guillamon komisarioarena eta Saioa Aginarena. Komisarioak gidoi batzuk idatzi ditu Aldekoak idatzitako zortzi ipuin oinarri hartuta, eta, gidoi horietan oinarrituta, Aginak Aldekoaren testuetako pertsonaiak birsortu ditu. Birsortutako pertsonaia horien artean daude familiarekin batera zubi azpian bizi den haur ijitoa, porrot egin duen toreroa edo maisuak ikasgelatik kaleratu duen haurra.

Literaturaz gain, boxeoa zen Aldekoaren beste pasioetako bat. Hori izan dute Neutral corner atala osatzeko oinarria, eta iragana eta oraina uztartu dituzte kirol horren bidez. Kapituluaren izena ere nahita aukeratutakoa da, izen horixe ipini baitzioten Aldekoak eta Ramon Masats argazkilariak 1962an elkarrekin egin zuten argazki liburuari. Gaur aurkeztutako liburuaren zati horretan, 1960ko hamarkadan boxeolari bati ateratako argazkiak eta Rocio Lopez argazkilariak azken hamarkadan beste boxeolari batzuei ateratako argazkiak txandakatu dituzte.
Nagusiki errealismoa landu zuen Aldekoak bere literaturan, eta hori da liburuko azken atalaren gaia. Idazlearen eleberriak aztertu dituzte bertan. Haren liburuetan agertzen diren hiru ezaugarri nagusi hartu dituzte kontuan: objektuaren sinbolismoa, naturaren behaketa eta paisaiarekiko harremana.
Erakusketatik harago
Erakusketan oinarritu arren, liburuak baditu gehikuntza batzuk. Katalogoaren hasieran eta amaieran Prolegomena eta Post Scriptum atalak gehitu dituzte, hurrenez hurren. Hasierakoan, Guillamonen, Jose Ramon Gonzalezen eta Angeles Encinarren testu akademiko bana aurki daiteke. Amaierakoan, ordea, beste ildo bateko testuak daude: testu literarioak. Felipe Juaristik, Iban Zalduak, Guillamonek eta Juan Cruzek idatzi dituzte azken horiek.
Juaristik Aldekoaren bakardadea jorratu du bere testuan. Idazleak Gasteiz deskribatzeko duen gaitasuna nabarmendu du bertan: «zein ederki deskribatzen dituen hiriburuko ilunabarrak; argia apaltzen, giroa hozten, txokoak husten, bakardadea poliki-poliki zabaltzen kaleetan zehar». Zalduak, bestalde, aitortza bat eginez ekin dio bere idatziari: «Ez naiz Ignacio Aldekoaren betidaniko zalea; berez, helduaroan iritsi nintzen harengana». Baina argi dio batzuetan hobe dela berandu heltzea, «sekula santan» ez iristea edo «goiz» iristea baino. Helduaroan «birdeskubritu» zituen «ezer gutxi gertatzen den ipuin horiek», ordurako ikasi baitzuen bizitzan ezer gutxi gertatzen dela, eta gutxi gertatzen den horretan Aldekoak xehetasunei erreparatzen ziela.
Doan jaso ahalko da liburua Ignacio Aldekoa kultur etxean. Sarreran eskatu ahalko du interesa duen orok.