Beldurrezko Astearen antolatzaileek gaur egin dute aurtengo ekitaldiaren lehen aurrerapena. Urriaren 29an hasiko da jaialdia, Alex de la Iglesiaren azken filmarekin, Veneciafrenia-rekin. De la Iglesiak berak eta Jorge Gerrikaetxebarria harenohiko kolaboratzaileak idatzi dute filmaren gidoia, eta, besteak beste, aktore hauek ditu protagonista: Ingrid Garcia-Jonsson, Silvia Alonso, Goize Blanco, Nicolas Illoro, Alberto Bang eta Cosimo Fusco.
Venezian (Italia) girotuta dago filma. Azken hamarkadetan hiriaren argia itzaltzen ari dira turistak, eta horrek haserrea piztu du veneziarren artean. Inbasioaren aurrean, bizirik irauteko senak bultzatuta antolatu dira haietako batzuk. Bitartean, Espainiako turista talde bat Veneziara doa dibertitzera, inguratzen dituen arazoez jabetu gabe. Han, borrokari ekin behar izango diote euren bizitza salbatzeko.
Bestalde, zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren berri ere eman dute antolatzaileek.
Honako hauek dira:
Apps (Lucio A. Rojas, Jose Miguel Zuñiga, Sandra Arriagada, Camilo Leon, Samot Marquez; Argentina)
Belle / Ryu to sobakasu no hime (Mamoru Hosoda, Japonia)
Beyond the Infinite Two Minutes / Droste no hate de bokura (Junta Yamaguchi, Japonia)
Caveat (Damian Mc Carthy, Erresuma Batua)
The Deep House (Alexandre Bustillo eta Julien Maury, Frantzia)
The Medium (Banjong Pisanthanakum, Thailandia-Hego Korea)
Prisoners of the Ghostland (Sion Sono, AEB)
The Sadness (Rob Jabbaz, Taiwan)
The Seed (Sam Walker, Erresuma Batua)
Yello Dragon's Village / Koryu no Mura (Hugo Sakamoto, Japonia)