Arte Ederren Museoa

Alfabetoa gidari dela

Bilboko Arte Ederrak 'ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa' erakusketa sortu du bilduma propioko artelanekin. Kirmen Uribe idazleak alfabetoaren letra bakoitzarekin sortutako hitzen esanahien arabera aukeratu dute zer erakutsi.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 3a
14:04
Entzun

Artelanak erakusteko ezohiko bidea aukeratu du Bilboko Arte Ederren Museoak bere 110. urtemugarako. Museoak duen bildumako obrak erakusgai jarri dituzte, baina ez edonola. Ez dituzte autoreen arabera antolatu, ezta kronologikoki ordenatu ere. Teknikak ere nahastuta daude. “Gure bilduma erakutsi eta erakargarri egiteko etengabe berrasmatu beharko dugu”. Egitasmo handizaleekin hartu zuen, joan den urtean, Miguel Zugazak museoaren zuzendaritza. Eta gaurkoa da bere eskuaren isla, 31 areto berritu baitu. Hain zuzen, 31 areto horietan jarri dute ikusgai ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa. Alfabetoaren letrei tiraka, gaika antolatu dituzte museoaren bilduma osotik aukeratutako 300 artelan inguru. Letra bakoitzari hitz bat jarri dio Kirmen Uribe idazleak, eta hitzaren esanahiaren arabera daude artelanak ikusgai. Letra bakoitzari areto bat eskaini zaio. Larunbatean irekiko ditu ateak eta 2019ko ekainaren 2ra bitarte izango da zabalik.

“Alfabetoaren erabilera erakusketa antolatzeko beste era bat da. Kronologikoki edo estetikoki jartzea bezain zilegi da”, aipatu du Zugazak. 31 letra aukeratu dituzte: gaztelaniako alfabetoa osatzen duten 27 letrak, ll-a eta euskal alfabetoaren -ts, -tx eta -tz digrafoak. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez sortu dituzte hitzak. Adibide bat: alfabetoko lehen hizkiarekin artea hitza proposatu du Uribek, eta hitz horren jiran antolatu dute museoaren lehen aretoa, bilduman, artea irudikatu dezaketen artelan guztien artean galbahea eginez. “Lan nekeza izan da”, aitortu du Uribek. K.a. 12.000 urteko Torreko hezur dekoratua (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Ekaingo haitzuloan aurkitutako plaketa (Deba, Gipuzkoa); Josep Beuys margolariak 1974an egindako ahuntzaren irudiak eta Pau Gauguin artistak 1888an egindako Latsariak Arlesen piezak jarri dituzte ikusgai A letra duen aretoan. “Lau artelan daude, gaurkoak eta duela 12.000 urte egindakoak, eta animalia bakarra azaltzen da: ahuntza”, azaldu du Uribek.

Beste adibide bat: h letrarekin, heriotza hitza aukeratu du idazleak, eta gaiari buruz artean egin den lanketaren erakusgarri bihurtu dute h letradun aretoa. “Heriotza hitzaren azkeneko hotz horrek beti deitu izan dit arreta. Ez dakit etimologia zuzena den esatea heriotza hitzak hotz ere baduela bere baitan, baina niri poetikoa egiten zait”. Lucas Cranach Zaharrak 1534an egindako Lukrezia eta II. mendearen lehen erdialdean margotutako Gizonezko baten bustoa, hilarria daude, besteak beste, ikusgai. Artelana, literatura eta gaur egungo egoera lotu ditu idazleak, berehala. “Obra klasikoak dira, baina gaur egungo gaiak gogora ekartzen dizkigute. Margolanean azaltzen den Lukrezia, bortxatu eta bere buruaz beste egin zuen; eta, bestalde, Palmiraren koadroak, gaur egungo Siriako gerrari buruzko hausnarketa egitera garamatza”.

Joanes Leizarragak idatzi eta 1571n argitaratu zen ABC eta Christinoen instructionea liburuaren izenburuari tiraka ondu du idazleak erakusketa. Duela urte bat sortu zuten egitasmoa, eta hiru oinarri azpimarratu ditu sortzaileak. Aurrena: “Museoak zuen artelanen bilduman oinarritu gara, dagoenari buelta bat emanez. Sekulako autoreak daude gordailuan, eta, garrantzitsua dena, euskal artisten lanak ere badaude”. Ezaugarri horrek balio berezia ematen dio erakusketari, Uriberen hitzetan. “Eromena izan da antolaketa lana. Baina saiatu gara bigarren maila batean ala ezkutuan zirenak ateratzen”.

Bigarren ardatza azaltzeko, galdera eta erantzuna egin ditu, biak jarraian: “Nola sortu dugu erakusketa? Librea, ausarta eta taldean egindakoa da; betiere, bildumarekiko errespetuz. Armonia berri bat sortu dugu obren artean, eta elkarren ondoan jarri ditugu, orain arte elkarrekin egon ez diren autoreak”. Adibide ere jarri du irri artean. “[Jorge] Oteiza eta [Bartolome Esteban] Murillo areto berean jarri ditugu, eta ez dakizue zein ondo eramaten diren”. Talde lana aipatu du, idazleak, azkenik. “Egitasmoa taldean osatu dugu”, eta ñabardura bat jarraian: “Hemen egin da, eta hemengo jendearekin. Horrek esan nahi du hemen badagoela maila nahikoa”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.