Alfonso Sastreren 'Lluvia de ángeles sobre París' Donostian antzeztuko dute

Bululu 2120 konpainiak bihar eta etzi antzeztuko du Viktoria Eugenian, Antonio Malondak zuzenduta

Antzezlaneko bi aktore, Alfonso Sastre eta Antonio Malondarekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Alfonso Sastre (Madril, 1926) filosofo eta dramaturgoak 84 antzerki gidoi idatzi baditu ere, «oso gutxi» taularatu dituzte. «Euskal Herrian hamarkada bakoitzeko obra bat», kalkulatu duenez. Lluvia de ángeles sobre París 1994an idatzi zuen Sastrek, eta lehendabiziko aldiz izango da Euskal Herrian, bihar eta etzi, hain zuzen ere. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango dute, 20:00etan bi egunetan.

Orain arte hiru aldiz baino ez da taularatu obra hau. Madrilgo Circulo de Bellas Artes antzokian izan zen, 2012ko uztailean. Horren harira, antolatzaileek adierazi dute aukera paregabea dela Sastreren obra bat taula gainean ikusteko. Bululu 2120 konpainiak prestatu du obra, Antonio Malondaren zuzendaritzapean (Bartzelona, 1933).

Autoreak komedia gisa definitu badu ere, «errealitate gordinak» azaltzen dira obran. Anatole Franceren La revolte des anges—Aingeruen matxinada— idazlanean oinarritu zen Sastre. Protagonistak zerutik jausitako aingeruak dira. Carlos Rodriguez aktoreak argitu duenez, «beren ideiengatik jausi dira. Kontziente dira ezin dutela bertan bizitzen jarraitu, mundua dagoen bezala egonda. Horregatik, gaurkotasun handiko obra da». M-15 mugimenduko batzar batean jesarrita egon daitezke aingeruok, bere aburuz, gauzek nola aldatu behar duten esanez. «Errealitatearen kontzeptu platoniko bat daukate, nolakoa den eta nolakoa izan behar den definituz».

Sastre eta Malonda oso gustura agertu dira elkarlanean aritzeko aukera izan dutelako antzezlan honetan, «sortzaileak eta lagunak» direlako. Bululu 2120 konpainia frankismo garaian sortu zuten, «konpainia gerrillari eta antifaxista» gisa definitu dutena. Biek ere biek irmoki gaitzetsi dute Sastreren obrek jasaten duten zentsura. «Antzerki antolatzaileek ez dute programazioetan Sastreren obrarik txertatzen. Beste leku batzuetan proposatu dugunean ezezkoak eta isiltasuna baino ez ditugu jaso erantzun moduan», adierazi du Malondak. Sastrek uste du antzerki konpainiek ildo ideologiko bat izan behar dutela. «Baina galdetzen diezu konpainia gehientsuenei, eta zer erantzun ere ez dute jakiten». Antzerkia eraldaketarako tresna moduan ulertzen du: «Gudarako arma bihurtu behar da».

Horrelako lanak taularatzea oso garrantzitsutzat jo du autoreak. «Gaur egun daukagun sasidemokrazia bukatu behar da, ez baitu inoiz aurretik jasan genuen diktadurarekin apurtu. Horregatik da M-15 mugimenduaren leloetariko bat 'Egiazko demokrazia orain', ez delako orain arte halakorik izan». Horren harira, gaur egun Espainian dauden politikariek ez diotela idazteko inolako gogorik ematen adierazi du. «Lotsa emango lidake Raxoi bezalako norbaiti buruz idaztea pentsatze hutsak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.