begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Alice eta hilobi lapurrak

2024ko apirilaren 26a
05:05
Entzun

Egunotan badira gurean ezin galduzko hainbat zinema puska, baina ariman minik, begietan malkorik eta bihotzean dolurik sumatu gabe gal ditzakezue beste afanetan, beste ospakizunetan, beste idoloen adoraziotan bazarete.

Bat izan ezik. Hori galduz gero, marmolezko bihurtuko zaizue bihotza, belztuko arima, eta betikotz ilundu begirada. Erraietatik egingo dizue ihes alaitasunak eta zoriontasunak besteen oroipenetan hartuko du abegi.

Oraindik aipatu ez dizuedan hori nahita edo nahi gabe baztertzen baduzue, ezingo duzue aurrerantzean zinema eta edertasuna zertan den konprenitu. Zeluloideaz eta zeluloidearekin barrenetan sentitu duzuen oro desagertuko, ezabatuko, ezdeustuko da. Pantaila aurrean izanda ere, bertan gertatzen dena ez duzue ulertuko. Zergatia jakin barik malkotan urtuko zarete. Ikusmena galtzen ari direnak nola, saiatuko zarete begiratzen. Alferrik, ez baituzue zer ikusteko izango.

Zaitezte, beraz, erne, edo bat-batean dena galduko duzue. Ez, ez naiz ari Alex Garlanden Civil War sekulakoaz, badakit-eta nola edo hala ikusiko duzuela. Izugarria baita. Alice Rohrwacherren La Chimera-z ari natzaizue, zuen salbazio eternalaz kezkaturik nauzue eta.

La Chimera-z ari naiz, jakinda ere, pelikulan esaten den eta pelikulak esaten duen moduan, badirela gauzak gizakion begietarako sortuak ez direnak, arimetarako baizik.

Alta, kimeraz ari garen arren, Alice Rohrwacherren azken filma lurrekoa, mundukoa ere bada oso. Duela hainbat eta hainbat hamarkada San Remoko jaialdian eta antzekoetan entzuten ziren abestiak airean dabiltza. Baita Italiako canzonetta delizios eta bihurriak ere. Felliniren zinematik ateratakoak diruditen pertsonaiez egiten du gainezka Cannesen sarituak izan ziren Lazzaro Felice eta Le meraviglie lanen egilearen azkenak. Ez da harritzekoa pentsatzen badugu Filmin plataforman ikusgai den Le meraviglie horretako pertsonaia batek Gelsomina duela izena. Gelsomina, bai, La Strada-ko protagonistak bezala.

Felliniren erara sortu izan ditu bere kreaturak aita tedeskoa, ama Toscanakoa eta ahizpa pelikulan aktore dituen zinemagileak. Eta ez bakarrik gizakiak. Baita egoerak eta gertaerak ere. Momentu askotan Roma-ren eraginpean nabaritzen dituzu zure nerbio-bukaerak. Sarri, bururatzen zaizu filma betetzen duten izaki horiek ez ote diren Il vitelloni haien anai nagusiak. Baina ez pentsa, Pasolinirekin ere akordatzen zara. Eta Dino Risirekin. Rossellinirekin nola ez zara ba gogoratuko, bere alaba Isabella hor badago, Flora palazzokoandre berdingabearena eginez?

Felliniren zinematik ateratakoak diruditen pertsonaiez egiten du gainezka Cannesen sarituak izan ziren 'Lazzaro Felice' eta 'Le meraviglie' lanen egilearen azkenak. Ez da harritzekoa pentsatzen badugu Filmin plataforman ikusgai den 'Le meraviglie' horretako pertsonaia batek Gelsomina duela izena. Gelsomina, bai, 'La Strada'-ko protagonistak bezala.

Italiako zinemaren kosmogonia (existitu izan zena eta, nahiz eta agian existitu ez, irudikatzen kapazak garen hori) datorkizu burura, irribarre malenkoniatsua egiten duzula.

La Chimera. Etrurian da kokatua. Etruria antzinako herri etruskoaren lurra zen. Hantxe jaio, hantxe bizi, hantxe euren jainko eta jainkosak gurtu. Hantxe hil. Hantxe lurperatu. Milurtekoak pasatu ondoren, ofiziorik ez baina abilidadea baduten gaizkin majoek zabortegi bilakaturiko hilerrietan bilatzen dituzte denborak ahazturiko altxorrak. Munduko museo guztiak saiatuko dira gero eskaintza handiena egiten, luxuzko itsasontzietan antolatzen diren legez kanpoko enkanteetan...

Lapur horietan guztietan trebeena iragan lodiko eta etorkizun meheko ingeles bat da. Ezer gutxi dakigu berari buruz. Kartzelatik atera berria, bihotza du urratua Isabella Rossellinik eta berak oraindik bizirik dela sinesten duten emakume misteriotsu batengatik. Ur-azti batek nola, harribitxi etruskoen aztarnak erraz eta erruz aurkitzen dituen gizon tristatuak Arthur du izena. Marmolezko jainkosa baten edertasunak minez blai jarriko dio arima ezin ederragoa den film aparta honetan, non Isabella eta Alice bezalako beste emakume fin batek egin dituen kameraren eta formatuaren aukeraketak. Izena nahi? Helene Louvart. 35 milimetroak hautatu zituen lehenbizikoz ezinbestekoak ziren Etruriako freskoak pantailara ekartzeko. Eta Super 16a, berriz, narratibari dentsitatea emateko; 16 milimetroak, planoaren ertzetan apunteak egiteko balio duen pintzel bat balitz bezala erabiltzeko.

Bukatzeko, filmaren afixan, Tarot-karten arkano bat: Le pendu, The Hanged, El horcado. Urkatua. Buruz behera. Zabiltzate adi.

Alice Rohrwacher zinemagilearen 'La Chimera' filmeko fotograma bat.
Alice Rohrwacher zinemagilearen La Chimera filmeko fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.