Alice Sara Ott pianista laudatuak irekiko du EOSen sasoi berria gaur

Ravelen pianorako eta orkestrarako kontzertua interpretatuko du, besteak beste, Andrei Boreiko zuzendari dela

Erredakzioa
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostian ekingo dio gaur denboraldi berriari, Andrei Boreikoren zuzendaritzapean. Alice Sara Ott japoniar jatorriko pianista alemaniarra izango da orkestraren gonbidatua 30. aldiaren irekiera kontzertuetan. Nazioartean laudorio ugari jaso ditu musikariak, eta Gasteizko Principal antzokian (hilaren 10ean), Iruñeko Baluarten (hilaren 11n) eta Bilboko Euskaldunan (hilaren 14an) izango diren emanaldietan ere joko du orkestrarekin batera. Donostian birritan ariko dira; gaur eta hilaren 13an izango dira Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan.

Rautavaararen Cantus Arcticus lanarekin hasiko dituzte emanaldiak, eta Ravelen Pianorako eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean obrarekin segituko dute, Haydnen 67. sinfonia emateko jarraian. Lapurdiko konpositoreak sortutako kontzertuen artean argitsuena da pianorako eta orkestrarako egindako hori. Haren doinuek George Gershwin amerikarraren jazz zantzuak ezkutatzen dituzte. Bartoken Mandarin miresgarriaren suitea interpretatuko dute azkenekoz.

Hamahiru urte besterik ez zuen Alice Sara Ottek Hamamatsuko (Japonia) Nazioarteko Piano Lehiaketan etorkizun handiko artista izendatu zutenean. Eta bi urte geroago irabazi zuen Silvio Bengalli Nazioarteko Piano Lehiaketako sari nagusia. Berriki Municheko Orkestra Filarmonikoarekin eta Londresko, Vienako, Tokioko eta San Frantziskoko orkestra sinfonikoekin jo du. Halaber, bira bat egin du uda honetan Daniel Hardingek gidatzen duen Suediako Irratiko Orkestrarekin. Eta heldu den urtean Europako hainbat herritan eta Japonian joko du. Andrei Boreiko, berriz, Dusseldorfeko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia da, eta EOSeko zuzendari gonbidatua, 2009-10eko denboraldiaz geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.