UPN Nafarroako gobernuan zela, 2013. urtean, Marmoles Baztan enpresari eman zion Urdazubiko (Nafarroa) Alkerdi harrobia beste 30 urtean ustiatzen jarraitzeko baimena. Legediak hala eskatzen duen arren, proiektua ez zuten publiko egin, eta ondorioz ez zen helegiterik aurkezteko aukerarik izan. Arrazoi horregatik SOS Alkerdi eta Sustrai Erakuntza Fundazioak luzapena "ez dela legezkoa" salatu dute azken hilabeteetan; eta azkenean arrazoi eman die Nafarroako Garapen Ekonomikorako Departamentuak. Hala, 30 urteko luzapena bertan behera gelditu da, behin-behinean.
Enpresak, baina, Alkerdi ustiatzeko asmoari eusten dio, eta harrobian lanean jarraitzeko luzapena eskatu du berriz. Dagoeneko, Kultura eta Ingurumen Departamentuak luzapen horren aurka azaldu dira. Izan ere, Alkerdin daude Paleolito garaian egindako Nafarroako margolanik zaharrenak. Harrobiaren ingurunea IKO, Interes Kulturaleko ondare gisara dago izendatua. Horrez gain, Natura 2000 Sareko KBE, Kontserbazio Bereziko eremua ere bada. Horregatik, harrobia eta ondare arkeologikoa ez direla bateragarriak salatu dute.