Donostiako 61. zinemaldia

Altuna: "Film laburrek luzeek baino etorkizun hobea dute"

Juan Jose Campanellaren 'Futbolin' filmarekin ekin zaio 61. Zinemaldiko Sail Ofizialari. Donostiako Zinemaldiari buruzko 'Zurriolako butaka' telebista saioa ere hasi da; egunero izango da, Berria.info-n, 11:00etan, etzi izan ezik. Batez ere, Euskal Herriko ekoizpenak izango ditu ardatz. Gaur Asier Altuna eta Joxean Fernandez izan dira. Bideoa: Asier Altunaren elkarrizketa. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1875/[/Berriatb]

2013ko irailaren 20a
09:16
Entzun

Asier Altuna zinemagilea izan da gaur BERRIAk eta Hamaika telebistak elkarlanean Donostiako Zinemaldian izango duten Zurriolako butaka saioaren lehen emanaldian. Irizar saria erabakiko duen epaimahaiko presidentea da Altuna, eta Zela Trovke (Antzinako abesti eslovakiarra) film laburra ere aurkeztu behar zuen gaur Zinemaldian. Lanaren inguruan itxaropentsu agertu da: "Kimuak egitasmoan sartu da, eta emango dizkigu notiziak hemendik kanpo ere".

Zurriolako butaka-n egin dioten elkarrizketan nabarmendu du, hain zuzen, film laburrek gaur egun duten sasoiaz: "Film laburrak gero eta gehiago ikusten dira, eta zabaltzeko errazagoak dira Internet eta jaialdi txikien bitartez. Luzea baino etorkizun hobea ikusten diot, ekonomikoki errazagoak direlako, eta kontsumitzaile gisa zer edo zer motzagoaren bila ari garela uste dudalako. Zinema aretoak hutsik daude", esan du Gorka Erostarbe kazetariari erantzunez.

Heriotzaren inguruko kantak

Azaldu du Altunak Zinemaldiak momentu oso politak eman dizkiola berari. Zinema asko ikusteaz gain, "etxekoa delako", bi film estreinatu dituela gogoratu du: Aupa Etxebeste-rekin "urduritasun izugarria" zuela aitortu du, eta Bertsolari-rekin beste modu batean egon zela. Zela Trovke film laburra belodromoko pantaila handian ikusteko gogoz dagoela ere aitortu du. Eslovakian heriotzaz hitz egiten duten kantu mota baten inguruan sortutako lana da berea. "Emakume baten modu gordinean eta zuzenean kontatzen du nola hiltzen duen senarra".

Iluntzean da Donostiako Kursaal jauregian Donostiako 61. Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldia, baina zinema martxan da goizetik Gipuzkoako hiriburuan. Atzo heldu ziren lehen izarrak, eta gaur Campanellaren Futbolin animazioko filmak eman dio hasiera Sail Ofizialari. Hamahiru film lehiatuko dira irailaren 28a bitartean Urrezko Maskorra eskuratzeko. Unax Ugaldek eta Cayetana Guillen-Cuervok aurkeztuko dute hasiera ekitaldia.

Joxean Fernandez, beste gonbidatua

BERRIAk eta Hamaika telebistak Zurriolako butaka saioa ekoitzi dute elkarlanean, jaialdiaren nondik norakoak jasotzeko asmoz. Egunero Berria.info-n izango da ikusgai, 11:00etatik 12:00etara, zuzenean (ikusi lehen saioa, osorik). Etzi izan ezik, Donostiako Zinemaldiak iraun bitartean izango da. Emanaldi guztiak Berria.info-n izango dira gero ere ikusgai, bai osorik eta bai atalka. Saioaren ardura teknikoa Lara Madinabeitia BerriaTB-ko bideogileak izango du. Erostarbek eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak gidatuko dute.

Zurriolako butaka-k, batez ere, Euskal Herriko ekoizpenak izango ditu ardatz. Aktore, zuzendari, zinemagile eta ekoizle euskaldunak igaroko dira Kursaalean dagoen platotik. Asier Altuna eta Joxean Fernandez izan dira Zurriolako butaka-ko lehen saioan. Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea da Joxean Fernandez (elkarrizketa, hemen). Bihar Aitor Merino aktore eta zuzendaria izango da gonbidatu nagusia. Asier ETA biok dokumentala zuzendu du. Hamaika telebistak ere egunero emango du saioa, bitan: 20:00etan bata, eta 22:30ean bestea.

Azkenik, kritikarien txanda

Saioaren bigarren zatian zinema kritikarien txanda izango da. BERRIAko hiru kritikari eseriko dira adituen mahaian: Angel Aldarondok Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmak aztertuko ditu papereko zutabean; Beñat Eizagirre, Zabaltegi sailaz arduratuko da, non urteko zinema proposamenik erakargarrienetako batzuk aurkeztuko diren; eta Koldo Almandoz kultur kazetaria ere arituko da.

Horrez gain, zuzeneko iritziak eta iruzkinak irakurri ahal izango dira Berriketan.info atarian, Zinemaldiari buruzko gune berezian. Gainera, saioak iraun bitartean, irailaren 20tik 29ra, BERRIAlagun egiten direnek Karmele Jaioren Amaren eskuak liburua jasoko dute opari. www.berria.info/berrialaguna webgunean sartuta, [email protected] helbide elektronikoa erabilita edo 943-30 45 45 telefono zenbakira deituta egin daiteke BERRIAlagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.