Altzairua eta argia

Iñigo Arregik bere ibilbidea irudikatuz sortu du 'Airean marrazten'. 25 eskultura eta 30 erliebe jarri ditu Vital Fundazioaren aretoan, Gasteizen

Gasteiz
2016ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Argia ez da protagonista, erakusketara sartu ahalaz bat; iluntasuna da ardatz. Altzairuzko artelan bakoitzarekin hartzen du garrantzia: zein zati argitzen den, nolako itzala sortzen duen. Elkarren artean nahastutako formak dira nagusi Iñigo Arregiren lanetan. Argiak jolas egiten du forma horiekin. Puntu didaktiko bat erantsi diote erakusketari. Tailer bat prestatu dute, baina haratago joan dira bideoekin. Artistaren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini dute; nola prestatzen dituen artelanak, baita nola garraiatzen dituzten ere.

Iñigo Arregik (Arrasate, Gipuzkoa) altzairua eta argia erabili ditu bere azken lana osatzeko. Airean marrazten erakusketako lanek irudikatzen dute Arrasateko industrialdeen eta korte altzairuen eraginpean eraikitako ibilbidea. 25 eskulturak eta 30 erliebek osatzen dute erakusketa. Gasteizko Vital Fundazio aretoan ikusgai dago, azaroaren 27ra arte.

Airean marrazten izenak erreferentzia egiten dio altzairuz osatutako lan gehienen konfigurazioari: «Begiratutakoan arinak iruditzen zaizkigu, goiko aldean dituzten aire lerroek eraginda», argitu du Arregik. Horrez gain, erakusketak zirrara sortu diola nabarmendu du, batez ere Fernando Martinez de Viñaspre komisarioak egin duen diseinuagatik: «Nire lanak erakustera ohitua nago. Baina kasu honek gainditu egiten ditu aurreko guztiak». Martinez de Viñasprek argiekin klimax bat sortu duela nabarmendu du, argi koroa «magiko» bat. «Nik ere beste modu batera ikusten dut nire obra». Areto baten barruko mugak gainditu izana egotzi dio komisarioari. Batetik, argiarekin sortutako itzalekin hizkuntza bikoitz bat sortu duelako; eta, bestetik, artelanen banaketa egokia egitearren. «Erakusketa hau nire lanen artean erreferentzia bihurtu da».

Lan gehienak ikusgai daude Gasteizko Vital Fundazioko Aretoan; baina, kanpotik pasatzen direnek izango dute zer ikusi, Gauerdiko zuhaitza Foru Plazan kokatu dutelako, Eduardo Txillida artistak diseinatutako plazan. «Txillidak diseinatutako plaza hori erreferentzia bat da. Emozio berezia sorrarazten dit hor kokatzeak. Esan daiteke emozionalki inbaditzen dudala espazio ia sakratu hori».

Eskulturak osatzeko erabilitako materiala, Corten altzairua, estalperik gabe egoteak dakartzan ondorioak ere azpimarratu ditu. Hots, eguzkiak zuzenean joz gero gorria bilakatzen dela, eta beltza euripean.

Beste lan bat ere nabarmendu du; Hiru bake modulu konbultsiodun garai baterako. «Lan horrek irudikatzen ditu nire ezinegona eta nire inguruarekin daukadan lotura». Bizi izandako egoerek sortutako sentipenak inspirazio iturri dituela argitu du.

Zizelkatze estiloa

Bere pieza asko dira elkarren atzean ahokatzen diren altzairuzko xaflak, mekano edo puzzle gisa. «Geometria garbia erabiltzen dut, forma organikoagoekin nahastuta. Hizkuntza bat sortu dut». Eskultura handiak egiteko joera daukala zehaztu du: «Pertsonen aurrean izango duen tamaina imajinatzen dut eskultura diseinatzen nabilenean; azpitik begira dagoen pertsonak bizi izango duen tentsioa imajinatzen dut».

Teknologia berriak iritsi dira eskulturara, eta horiek erabiliz lan egiten du Arregik. Lehendabizi, bere lanak osatzen ditu egurrezko maketetan; gero, 3D eskanerra pasatzen du eskulturatik; horrela, piezaren dimentsio zehatza zein den jakiten du.

Tailer bat prestatu dute erakusketan, ikuspuntu didaktiko bat gehitzeko lanari. Hantxe lan egingo du Arregik. «Eskulturak egiteko erabiltzen ditudan prozesuak ezagutu ditzakete bisitariek». Jende aurrean lan egingo duen lehen aldia dela nabarmendu du: «Isilean egiten dugu lan, bakar-bakarrik. Jendeak hurbildu eta galderak egingo dizkidala pentsatuta, nik uste dut aberasgarria izango dela guztiontzat, baita niretzat ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.