Zinema

Altzoko 'Aundiya' 'Handia' izango da

Altzoko (Gipuzkoa) erraldoiaren istorioaren filmaren izenburua aldatu dute, hasierako izenaren inguruan eztabaida bat piztu ondoren.

Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariak, Altzoko erraldoiaren istorioa errodatzen. DAVID HERRANZ, MORIARTI
2017ko uztailaren 13a
16:11
Entzun

Eztabaida sortu zen Altzoko herrian Aundiya filmaren izenburuaren inguruan. Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek Gipuzkoako herri horretan bizi izan zen erraldoiaren istorioa filmatu dute. Atzo jakinarazi zuten, gainera, urriaren 20an estreinatuko dela. Ez da izango, ordea, hasieran eman zioten izenarekin. Altzotarrak kexatu egin ziren, herri horretan ez dutelako aundiya ahoskatzen handia esateko, haundie baizik. Garañok gaur goizean jakinarazi du txio batean izena aldatzea erabaki dutela eta Handia izango dela azkenik filmaren izena.

Filmean, Migel Joakin Eleizegiren bizitza kontatuko dute; XIX. mendean ezagun egin zen, eta Altzoko Handia esaten zioten. Eleizegi Altzoko baserri batean jaio zen, 1818an. 20 urte zituela, gaitz batek jo zuen, eta etengabe hazten hasi zen, 2,42 metro luze izateraino; Europako gizonik garaiena izan zen. Horrek ospea eman zion, eta Europan zehar bidaiatzera eraman zuen, erakustaldiak egiteko. Anaiarekin egin zituen bidaia horietan, Aundiya izen komertziala erabili zuen, orduko zenbait agirik diotenaren arabera, eta horrexegatik aukeratu zuten Aundiya filmaren behin-behineko izen gisa.

Altzotarrek azpimarratu dutenez, aundiya ez da Tolosaldeko herri horretan erabiltzen den ahoskera, kostaldeko herrietan entzun daitekeena baizik. Bideoa: Handia pelikularen grabaketa.

[youtube]https://youtu.be/KHEXoVHXUV4[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.