«Umeak ditut, irakaslea naiz eta ikusten dudana ez zait batere gustatzen». Hala ere, Gontzal Bilbao baikorra da eta uste du badaudela egungo gizartea aldatzeko aukerak eta tresnak. Disko bat grabatzea izan daiteke horietako bat, eta hori egin du Ama Sayk. Ren Fan lan kaleratu berriak (Bonberena Ekintzak) «punk kutsua» duela dio bateria jotzaileak. «Amorru handia dugu barruan sartuta, eta atera egin dugu».
Hamasei urte igaro dira Say ama bigarren disko luzea (Esan Ozenki) kaleratu zuenetik eta bi taldea berriz elkartu zenetik. Urte hauetan guztietan taldekideek musika jotzen jarraitu dute —Zein? sortu zuten haietako batzuek— eta diskoan agerikoa damusikari gisa izan duten bilakaera, baina gehienbat gizartearekiko ikuspegi kritikoak egiten duAma Sayren disko hau aurrekoetatik ezberdin.
«Guretzat oso garrantzitsua da gaur egungo gizartean gertatzen ari dena, bai Euskal Herrian, bai mundu osoan», azaldu du Bilbaok. Bera da, Ibon anaia eta abeslariarekin batera, jatorrizko taldekide bakarra. Mikel Gonzalezek (baxua) eta Joakin G. Pikazak (gitarra) osatzen dute laukotea. «Gauza batzuk jasanezinak dira. Gu Muskiz aldean bizi gara, eta sekulako kutsadura jasateaz gain, enpresaren inposizioa pairatzen ari gara. Zornotzan zentral termikoa dute, edo AHTa... Politika neoliberalaren ondorioak dira». Horri buruzkoa da Nere herria kantua. Mendea eta segundua-n, Mikel Laboa gogoan hartu dute «aita hil zait garaiak itota, zertarako den bizitza nekeak irakatsia» esaldian. «Gizarte basati batean bizi gara, presiopean». Eta Monster kaos-en zera abesten dute: «Hona hemen ajitadoreak!, hona hemen su-emaileak!, hona hemen ameslariak!».«Sistemaren kontrako kantua da. Gaur egungo balioak oso tristeak dira. Kontsumoari eta botereari baino ez diegu begiratzen», dio Bilbaok.
Ibon Bilbao Bartzelonara bizitzera joan zelako desegin zen taldea, 1995ean, beharbada unerik onenean zegoela, baina gaur egun ere elkartzeko arazoak dituzte. Horrek urtebetez luzatu du kantuak osatzeko prozesua, eta hortik datorkio lanari izenburu bitxia. «Talde gehienek mi notan jotzen dute, hori da oreka. Ren edo fan jotzea desoreka da. Gure gorabeherak adierazteko izenburu aproposa da».
Hitzetan ingelesa eta euskara tartekatzen jarraitzen du taldeak, «hori da gure etxeko marka»,eta doinuetan aurreko lanetan baino atmosferikoagoak eta esperimentalagoak agertzen dira, ez hain bat-batekoak. Karlos Osinagak (Lisabö) eta Mursegok parte hartu dute zenbait kantutan. Abenduaren 18an hasiko dira zuzenean aurkezten, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Ez omen da erraza gaur egun kontzertuak lotzea: «taldeen maila duela 16 urtekoa baino askoz hobea da, baina hemengo taldeek zailago dute jotzeko».
Ama Sayk sistemaren aurkako amorrua askatu du itzulerako diskoan
'Ren Fan' argitaratu du 90eko hamarkadan sorturiko taldeak, hitzetan «punk kutsua» duen lan bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu