Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Kanaki Films ekoiztetxeak jasoko duela aurtengo Kulturaren Vianako Printzea saria. Raul de la Fuente eta Amaia Remirez zinemagile iruindarrek zuzentzen dute ekoiztetxea, eta hainbat sari irabazi dituzte urteotan guztietan beren filmekin. Epaimahaiak haiek saritzeko zenbait arrazoi nabarmendu ditu: «Dokumentalaren bidez munduan izandako eskubide urraketei buruzko ikuspegi gizatiar eta enpatikoa eskaintzeagatik, ikusteko eta kontatzeko zailak diren errealitateak irudien bidez plazaratzeko modu bereziagatik, eta nazioarteko merkatu eta jaialdietan proiektu dokumentalak aurkezteagatik».
Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatzen dute sariaren epaimahaia, eta gaur goizean elkartu dira, sariaren 36. aldiko irabazlea erabakitzeko. Ondotik, Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak jakinarazi du erabakia. Harekin batera izan dira Ignacio Apeztegia Nafarroako Kultura zuzendari nagusia eta Napar Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizle eta profesionalen elkarteko Iñaki Alforja —elkarte horrek proposatu du Kanaki Films saritzea—.
Esnaolaren hitzetan, De la Fuente eta Remirez «anbizio, sormen eta gizarte kontzientzia handiko ikus-entzunezko proiektuetan inplikatzeagatik» egin dira ezagun hogei urtetik gorako ibilbidean. «Mundu osoko jaialdi ospetsuenetan izan dira, eta ibilbide arrakastatsua dute». Halaber, ikus-entzunezko sektoreko gazteentzat «erreferente eta inspiratzaile» izatea txalotu die Alforjak, eta ekoiztetxeak ondutako hainbat lan ekarri ditu gogora. Hastapenetakoen artean dira, besteak beste, Virgen Negra (2012) —Mozambiken grabatua, landa eremuko emakumeen sexu- eta ugalketa-osasuna ditu ardatz—, Minerita (2013) —Boliviako meatzeetan lan egiten duten emakumeak eta haurrak ditu protagonista, eta film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi zuen—, Yo no soy Bruja (2015) —Togon sorgintzat jotako neskatoen ingurukoa— eta No estoy en venta (2015) —Beningo haurren esplotazioari buruzkoa—.
Halaber, Haitiri buruzko trilogia bat estreinatu zuten 2014an —Bad Card, Tattoo Love eta Elle filmek osatua—, eta Sierra Leonako kartzela batean filmatu zuten El Infierno, 2020an. Tartean, Un día más con vida (2018) pantailaratu zuten; Ryszard Kapuscinski kazetariak idatzitako izen bereko lana du oinarri, eta Angolak Portugalen kolonia izateari utzi zioneko azken egunak erakusten ditu —Oscar sarietarako aurreizendatuta egon zen lana, eta Goya sari bat ere irabazi zuen—. Los Williams (2024) dute lanik berrienetako bat, Athleticeko jokalari Iñaki eta Nico Williams anaiak protagonista dituena. 30.000 (2016), La fiebre del oro (2017) eta Maldita (2023) lanek ere Kanaki ekoiztetxearen zigilua dute. Eta horien guztien aurretik, De la Fuentek Nömadak TX zuzendu zuen, baita Donostiako Zinemaldian aurkeztu ere.
Seigarrenez, sortzaile gazte bati bultzada
Talentu Artistikoaren Sustapenerako sariaren irabazlea nor izango den ere jakinarazi du Vianako Printzea sariaren epaimahaiak gaurko agerraldian. Seigarrenez banatuko dute sari hori —30 urtetik beherako sortzaileei egiten die aitortza—, eta Ane Sagues Abad aktoreari emango diote aurten. 14 urte zituela ekin zion bere ibilbideari, Atikus konpainiaren Maravilla en el país de las miserias ikuskizunean. Madrilera ikastera jo zuen 2016an, eta handik itzultzean, 2022an, Las Nenas Theatre konpainia sortu zuen. Arte Gaztearen Topaketetako lehen saria irabazi zuen taldeak Ramos y Gramos lehen lanarekin, eta Torcidxs dute lanik berriena; hainbat espazio eta jaialditara eraman dute.

Saguesi ekainaren 4an emango diote saria, Iruñean, Kultura Departamentuaren egoitzan egingo duten ekitaldian. Remirezek eta De la Fuentek, berriz, ekainaren 14an jasoko dute garaikurra, Erriberriko jauregiak hartuko duen ekitaldian.