Amaieratik hasi, dena aldatzeko

'Itsasargiak' lanean hasitako bidea jorratu du Izaki Gardenak taldeak 'Amaieratik hasi' lehen disko luzean

Jon Basaguren (erdian) eta Izaki Gardenak taldeko kideak. ANDER GILLENEA / BOSTOK.
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Amaieratik hastea bizitzako hainbat alorretan darabilgun kontzeptua da: harremanetatik hasi, eta gizarteko hausnarketetaraino. Gauzak amaitu eta berriak hasten ditugu etengabe, eta gauza berri horiek amaieratik hasi, maiz», azaldu du Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak. Izan ere, Amaieratik hasi (Oihuka) izenburupean argitaratu berri dute lehen disko luzea, eta kontzeptu horren inguruan hamar abesti lotu dituzte, antsiak, beldurrak eta ametsak bilduz. «Ikuspegi eta testuinguru ezberdinak aurkezten dira abesti batetik bestera, baina guztiek badaukate nolabaiteko lotura ideia horrekin».

Itsasargiak lana izan zen taldearen aurkezpena, eta country amerikarraren eta pop britainiarraren eskutik heldu zen hura. Lehen bost abesti horiek kaleratu eta urtebetera heldu da lehen lan luzea, aurrekoaren bide beretik. «Lehenengo lan hura Izaki Gardenak zenaren erakusle izatea nahi genuen. Bost abesti horietan guri gustatzen zitzaizkigun estilo guztiak landu genituen, eta disko luze honetan bost kantu horiekin irekitako bidea jorratu eta sakondu dugu». Aldaketa estilistiko nabarmenik ez dakar, beraz, lan berriak; pop musika rock, country eta blues doinuekin uztartu du oraingoan ere taldeak.

Diskoa kaleratu zutenetik hainbat kontzertu eskaini dituzte, eta lanak harrera «ezin hobea» izan duela esan du Basagurenek. «Oso pozik gaude, diskoak oso harrera beroa izan duelako». Kontzertuetan bietatik hurbildu direla kontatu du abeslariak, aurreko lana ezagututa gehiagoren bila joan diren entzule egarrituak nahiz Izaki Gardenak-en berririk ez zutenak, eta bien aldetik jaso duten erantzun positiboa nabarmendu du. «Disko berri asko saldu ditugu, eta hori beti da berri pozgarria».

Kontzertuen ibilbidean etenaldi txiki bat egin ondoren, abenduan oholtzetara itzuliko dira. Durangon (Bizkaia), Lekunberrin (Nafarroa) eta Donostian kontzertu bana eskainiko dute datorren hilabetean. «Kontzertu horiekin diskoa aurkezteko aurrez lotu genituen emanaldiak bukatuko ditugu. Hortik aurrera zer datorren ikusi beharko dugu, baina orain arte izan dugun harrerarekin oso itxaropentsu gaude».

Metala atzean utzita

Ibilbide oparoa dauka Basagurenek musikan, baina metal munduarekin lotuta, batez ere. Hamar urtez aritu da Akatu taldeko abeslari gisa. 2012an desegin zen talde hura, eta ordutik Izaki Gardenak-en bideari eutsi dio musikari gasteiztarrak. «Askok kontraste bezala ikusten dute Akatutik Izaki Gardenak-era eginiko jauzia, baina nik eboluzio bezala bizi izan dut. Hau da orain behar nuena eta egin nahi nuena, eta eroso sentitzen naiz estilo honekin; beraz, oso pozik nago egiten ari naizenarekin». Estiloen gainetik musikazalea dela nabarmendu du. Hain justu, abestiak egiteko orduan lehenik musika ontzen duela azaldu du, eta ondoren musikaren gainean hitzak jartzen dituela.

Itsasargiak lanean bezala, Libe Garcia de Cortazar (teklatuak, ahotsak), Joseba B. Lenoir (gitarrak eta ahotsak), Iker Fernandez (bateria, perkusioak) eta Eneko Leza (baxua) ditu lagun Basagurenek disko honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.