Soilik eguneko sarrera batzuk geratzen dira aurtengo Bilboko BBK Live musika jaialdirako, antolakuntzak jakinarazi duenez; hiru egunetarako bonu sarrerak amaitu dira, eta baita kanpaldirako sarrerak ere. Gaur goizean egin du azken aurkezpen ofiziala jaialdiak. Jakinarazi dute 120 herrialdetatik baino gehiagotatik erosi dituztela sarrerak aurten, bereziki Erresuma Batutik, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik eta Amerikako Estatu Batuetatik. Datu horiek eskuetan izanik, egunero 40.000 lagun inguru espero dituzte, hots, 120.000 lagun orotara. Hala azaldu dute Alfonso Santiago jaialdia antolatzen duen promotora enpresaren zuzendariak eta Xabier Otxandiano Bilboko Ekonomia Garapeneko zinegotziak.
Uztailaren 12an, 13an eta 14an egingo da jaialdia: lehen egunean, ostegunean, Florence and The Machine eta Alt-J talde ingelesak izango dira kartelburuak. Ostiralean, My Bloody Valentine indie rock talde irlandarra, The Chemical Brothers rock eta musika elektronikoa uztartzen duen talde beteranoa eta The XX ingelesak ariko dira. Gainera, The XX Londresko hirukoak kontzertu berezia emango du Bilboko Kafe Antzokian, uztailaren 10ean, asteartean. Sarrerak 49 euroren truke erosi ahal izango dira, uztailaren 7tik aurrera eta honako leku hauetan: Night + Bilbao dendan eta Power Records disko dendan.
Larunbatean, Gorilazz talde ingelesa izango da kartelburua. Aurten, 97 talde ariko dira jaialdian, eta haietatik bostek soilik errepikatuko dute, antolatzaileek nabarmendu dutenez.