Euskal Herriko paisaia margolari handienetako baten lanak daude ikusgai Donostian, Fernando de Amarica (1866-1956) erakusketan. XIX. eta XX. mendeen arteko garaiak bizi izan zituen margolari gasteiztarrak, eta inpresionismotik gertu aritu bazen ere, beste joera artistiko batzuk ere landu zituen. Bere hastapen akademizistetatik azken urteetako lan espresionistetaraino, Amarikaren sormen garai guztietan barrena ibilbidea egiteko aukera ematen du 63 margolanez osatutako bildumak. Boulevard aretoetan ikus daiteke, abenduaren 8ra bitarte.
Margolariaren obrarik esanguratsuenak aukeratu ditu erakusketarako Iñaki Moreno komisarioak. Fernando de Amarica Fundaziotik hartu dituzte gehienak, baina badira Bilboko Arte Eder, Donostiako San Telmo eta Madrilgo Prado museoetatik ekarritako hainbat lan ere.
1896koak dira lanik zaharrenak: bere autoerretratu bat eta Cabeza de niña lanak. Zuzenbide ikasketak amaituta, margolariak Erromara prestakuntza jasotzera joan zen garaian margotu zituen bi lanok. Parisen ere izan zen Amarika, eta Sisley eta Moneten lanak aurkitu zituen han, baita Toulouse-Lautrec ezagutu ere. Madrilen eginiko garaian, berriz, Sorollaren kromatismoak txunditu zuen. Halere, Morenok ez luke Amarika inpresionismoaren korrontean ez beste edozeinetan sailkatuko; autodidakta zela uste du, kolorea maite zuela, eta margolanetan «bere bihotzak eta zentzumenek esaten ziotena» islatzen zuela.
Garaira egokitzeko gaitasuna
Familia dirudun bateko kide izanik, artetik bizitzeko beharrik ez zuen izan Amarikak, baina horretan saiatu zen halere. Berlinen eta Bruselan eginiko bi erakusketek utzitako zapore garratzaren ondorioz -hiru lan ez zizkioten itzuli-, margolanik beste inoiz ez uztea eta Gasteizen naturaren paisaiak lantzen geratzea erabaki zuen. Euskal Herriko txoko ugari erretratatu zituen, kostakoak nahiz barnealdekoak.
Joera artistiko berrietara egokitzeko Amarikak izan zuen gaitasuna goraipatu du Morenok. 80 urterekin ondu zituen lan espresionistenak. «Bere garaietara egokitzearen adibide bakanetakoa da». 400 bat margolan egin zituen, eta horietako batzuk ikus daitezke; bi pastel lan izan ezik, olio margoak dira guztiak.
Amarikaren sormen garai guztietako lanak bildu dituzte erakusketa batean
Donostiako Boulevard aretoetan margolari gasteiztarraren 63 lan jarri dituzte ikusgai, abenduaren 8ra bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu