Amatasuna kilikatzen

'Amakiak' estreinatuko du gaur Ama2 bikoteak Larresoron, duela bi urte eginiko 'Tripakiak' obraren segida dena

Maialen Fautoux eta Arantxa Hirigoien, Amakiak obraren errepika batean. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez zen hain ohikoa izan. Bi ama haurdunaldiaz ari, tripan niniak zituztela, zinez. Haurdunaldiaren gorabeherak orrazten, intimitate batean sarraraziz ikuslea, fokuen azpian, baina beti irria ezpain bazterrean. Hainbat kontu jorratzen, anitzek biziak agian, baina ez direnak baitezpada publikoki agertzen. Donostia Kulturak antolatutako Poltsikoko Antzerki Sorkuntzako saria irabazi zuen Maialen Fautoux eta Arantxa Hirigoien osatu Ama2 bikotearen Tripakiak obrak.

Emanaldi gutxi egin zituzten, haurrak sortu aitzin ematekoak guztiak. Poltsikokoa, bai forma aldetik, eta bai emanaldien emateko aukeragatik; baina oihartzuna, haatik, ez zuen hain sakelakoa izan. Egindako emanaldiek arrakasta bildu zuten, eta baita antzerkilariei segitzeko gogoa piztu ere. Eta horra bigarren antzerki lana, Tripakiak lanaren segida moduan har daitekeena. Amakiak gaur estreinatuko du Ama2k Larresoroko herriko gelan, 18:30ean. Bihar Miarritzeko gaztetxean emanen du, 17:00etan.

Umorea lagun

Ideia amatasunaz mintzatzea izan dute, egunerokotasunetik harturik: «Beti umorea lagun», Tripakiak antzerkiaren gisan. «Sinpleki bizi ditugun gorabeheren berri ematea» dute xede, «eta ongi pasatzea ere bai», Arantxa Hirigoienek esplikaturik.

Amatasuna hain ohikoa bada ere, aldi berean gauzak ez direlako betiko solasaldietan agertzen diren bezain leun. Adibidez, zoriontasuna: «Beti behar dugu erakutsi zoriontsua balitz bezala. Biziki gauza pozgarria balitz bezala». Eta, alta, anitz dira zailtasunetan murgilduak: «Eta ezin direnak erran. Beti erraten da biziki untsa pasatzen dela, ederra dela haur bat ukaitea. Baina badira beste mila buruhauste, eta egia da hori ez dugula plazaratzeko usaiarik. Atxikitzen dugu guretzat. Baina, alta, fite ohartzen gara denek bizi ditugula», beti Hirigoienen hitzetan. Tabu horiek aipatzea nahi izan dute. Antzerkian erraten direnekin ikusleak identifikatzeko posibilitatea emateraino, pentsatzen du Hirigoienek. Beti adibideekin segituz, badira hainbat betiko galdera, erraten direnak automatikoki, baina ez direnak baitezpada perspektiban jartzen. Dela haurrak gauak egiten dituen ala ez, edo dela noren eite duen haurrak, halako «segurtasun baten bila edo».

Nork bere burua eta ingurukoak atzerapen batekin begiratzeko aukera ematen die bikoteari taula gainera igateak: «Helburua bada pixka bat kilikatzea. Betiko tabu horiek plazaraztea». Baina ez da mezu antzerki bat, eta ez dute irakaspen bereizirik hedatzeko egina antzerkia.

Erreferentzietan, eta nahiz ez iturri zuzena izan, Arantxa Iturberen Ai ama! (Alberdania, 1999) izan dute. Taula zuzendaritza lanetan bikotea aritu da, baina, aitzinekoan bezala, Antton Luku idazle, zuzendari eta antzerkilariak lagundu die. Formatu aldetik, aitzinekoa bezala, sakelakoa izanen da: «laburra, xumea eta aski errazki nonahi ematekoa»; eta egileek epe labur batean baizik emateko xedea ez dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.