Sortzaile gazteen ibilbide artistikoa sustatzeko asmoz, Ertibil lehiaketaren 43. aldia antolatu du aurten ere Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur aurkeztu dituzte irabazleak: Amaya Suberbiolaren ST24019 (Metodos abreviados de teclado) margolanak jaso du lehenengo saria; Gabriele Muguruzaren Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge eskultura multzoari eman diote bigarrena; eta Izaskun Araluzearen Peppa marrazkiari egokitu zaio hirugarrena. Duela bi urte egin bezala, oraingoan ere Punta Begoñako galerietan (Getxo, Bizkaia) jarri dituzte ikusgarri irabazleen obrak, eta, horiekin batera, lehiaketan parte hartu duten beste artista batzuen sorkuntzak ere ikus daitezke. Leire Aranberri, Maider Gonzalo, Ainhoa Lekerika eta Antton Goikoetxea artistenak, esaterako. Erakusketara sartzea doakoa da, eta abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik.
Ertibil Bizkaia 2025 izendatu dute erakusketa, eta Punta Begoñako galerietako bigarren solairuan jarri dute. Artelanak dauden gelako leihoetatik Ereagako hondartza ikus daiteke, eta itsasoko olatuen hotsa entzun. Leihoen beste aldean dago, hain justu, Suberbiolaren margolana. Gelan sartu bezain laster pizten du ikuslearen arreta: kolore desberdinetako geruzak ditu, bereziki, arrosak, moreak eta urdinak. Geruza bakoitzaren irudia geometrikoa da, eta forma espresionistak eta marra arinak nahasten ditu bere teknikan. «Gailu mugikorrek» egunerokoan duten eraginaren inguruan pentsarazteko sortu zuen Suberbiolak lan hori. «Lurralde bateko egoera ulertzeko eta garaian garaiko kezkak, ametsak eta ikusmoldeak adierazteko modu bat da artea», azaldu du Leixuri Agirrezabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak.
Askotariko forma geometrikoak ditu protagonista Muguruzaren artelanak ere. «Paper berjuratua, olio pintura eta metakrilatoa nahastu ditut, eta, hortik abiatuta, forma abstraktuak sortu», adierazi du artistak. Hiru eskulturak osatzen dute Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge lana: eskulturetako bi hormatik zintzilik daude, eta lerro gorriz eta berdez osatuta daude; hirugarrena, berriz, hormatik aparteago dago, eta lerro urdinak ditu protagonista. «Eskulturak ez ezik, argazkiak ere uztartu ditut hiru objektu horiek osatzeko». Argazkien eragin hori lehen begi kolpean antzematea, ordea, zaila da. Geometria oinarri hartuta, bi dimentsioko planoa hausten du artistak, eta, azkenean, errealitateak forma organikoak hartzen ditu paperaren gainean.

Muguruzari bezala, konposizioarekin eta mugimenduarekin jolastea gustatzen zaio Araluzeari. Kolorez beteriko marrazkia da Peppa, arkatzez egindakoa. «Formatu handian egin dudan lehenengo pieza da, eta horregatik aukeratu nuen, hain zuzen, lehiaketan parte hartzeko», esan du sortzaileak. «Koadro horrek artea egiteko izan dudan eboluzioa erakutsi nahi du». Aurreko bi artelanekin konparatuta, errazagoa da Peppa izenekoan formak ezberdintzea: lore txiki bat irudikatu du artistak margolanaren ezkerreko aldean, eta horri begira dagoen ume bat eskuinekoan. «Margolan txikiagoak egiteko ohitura dut, baina Peppa-k norabide aldaketa bat ekarri du nire ibilbidean», aitortu du Araluzeak. Mihisearen tamainak, hain zuzen, eragina izan du artistaren sorkuntzan: keinuak are gehiago zabaldu eta ireki behar izan ditu.
Emakumeak nagusi
Arrizabalagak jakinarazi duenez, emakumeen parte hartzea nagusitu da Ertibil lehiaketaren aurtengo aldian. Ertibil Bizkaia 2025 erakusketa osatzen duten hamabost artelanetatik hamar emakumeek egindakoak dira. Leire Aranberri eta Idoia Leatxe artistek, gainera, arrakasta handiko abeslariak integratu dituzte lehiaketarako sortutako artelanetan. Aranberrik eratutako 3 Kisses soinu instalazioan, esaterako, Yoko Onoren, Laurie Andersonen eta La Zowiren ahotsak entzun daitezke aldi berean. Abesti bana kantatzen du bakoitzak: Kiss (1980) interpretatzen du Yoko Onok; Superman, Andersonek (1981); eta No lo ves, La Zowik. Chapelle Roan abeslaria da, berriz, Leatxek egindako eskulturaren protagonista. Artistaren izen bera du artelanak, eta eskulturaren eta erregistro performatiboaren arteko nahasketa bat da.
«Gazteen sormena bultzatzeaz gain, bizkaitar guztiei arte garaikideaz gozatzeko aukera eman nahi diegu. Uste dugu kultura horretarako dela, eta belaunaldien arteko elkarrizketak sortzeko bidea ere badela»
LEIXURI ARRIZABALAGABizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua
Obra horiek guztiak ez dituzte Getxon soilik erakutsiko. «Erakusketa ibiltaria izango denez gero, Bizkaiko beste hiru herritan bisitatu ahal izango da erakusketa hori. Derion, Basaurin eta Arrigorriagan, hain zuzen», azaldu du Arrizabalagak. Derioko Kultur Birikan izango da irailaren 1etik urriaren 13ra arte; Basauriko Ariz Dorretxera eramango dute gero, azaroaren 4tik 30era; eta Arrigorriagako Euskaldun Berria aretoan egongo da, azkenik, ikusgarri, abenduaren 1etik 30era. «Gazteen sormena bultzatzeaz gain, bizkaitar guztiei arte garaikideaz gozatzeko aukera eman nahi diegu. Uste dugu kultura horretarako dela, eta belaunaldien arteko elkarrizketak sortzeko bidea ere badela».