'Amazon.es'-ek atal bat eskaini die euskarazko liburuei, 18.000 titulurekin

Irakurgailurik eta liburu elektronikorik ez du saltzen oraindik, baina urtea amaitu baino lehen hasiko da

Juan Luis Zabala
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Interfazea gaztelania hutsezkoa baldin bada ere, Ongi etorri Euskal Liburu dendara euskarazko goiburuarekin egiten dio harrera bisitariari Amazon.es atari berriak (www.amazon.es) euskarazko liburuei eskaini dien atalak, eta 18.000 tituluko katalogoa eskaintzen, hainbat generotan banatuta: artea, zinema eta argazkilaritza; biografiak, egunkariak eta benetako gertakariak; zientziak, teknologia eta medikuntza… Literaturari eta fikzioari eskainitako atalak 3.069 titulu eskaintzen ditu, horiek ere hainbat azpiataletan banatuta: ekintza eta abentura; zientzia fikzioa; fantasia; fikzio klasikoa; fikzio garaikidea; fikzio erotikoa… Fikzio garaikideari eskainitako azpiatala da eskaintza ugariena duena, 1.916 titulurekin.

Amazon.es-ek eskaintzen dituen euskarazko liburuetako batzuk salgai zeuden lehenagotik Amazon.com-en, baina haietako asko merkeago daude orain Amazon.es-en. Adibidez, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela 23,28 euroan dago salgai Amazon.es-en, eta 68,99 euroan Amazon.com-en.

Euskarazko liburuen artean Amazon.es-en salduenak zeintzuk diren jakiteko aukera ere ematen du atariak. Fermin Etxegoienen Neurona eta zeurona saiakera ageri zen atzo arratsaldean zerrendaren buruan, atzetik Antoine de Saint-Exuperyren Printze txikia, Ian Falconer-en Olivia eta Alberto Ladron de Aranaren Arotzaren eskuak zituela.

Galiziera eta katalana ere bai

Gaztelaniazkoa da nagusiki atari berriaren eskaintza, baina, euskarazko liburuek bezala, katalanezkoek, galizierazkoek eta ingelesezkoek beren atalak dituzte, eta «atzerriko hizkuntzetako liburuei» eskainia dago beste bat.

Liburuez gain, askotariko produktuak saltzen ditu Amazon.es-ek: etxeko elektrotresna txikiak, softwarea, musika, filmak, bideo jokoak, erlojuak, askotariko jakiak… Baina horien artean ez dago Kindle irakurlea, eta hura erosi nahi dutenek Amazon.com-era atari nagusira jo beharko dute oraingoz. Bai Kindle irakurgailua eta bai aparatu horretan irakurtzeko moduko liburu elektronikoak urtea amaitu baino lehen jarriko dituzte salgai atarian.

Internet bidezko salmenta lantzen duen munduko denda handiena da Amazon.com, eta denda horrek bereziki Espainiako Estatuaren mugen barnerako prestatutako eskaintza biltzen du Amazon.es-ek. Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Italiak ere badituzte gisa bereko atari berezituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.