Zinema. Estreinaldiak

Amets amerikarra, australiar erara

Baz Luhrmannek 'Gatsby handia' nobelaren bosgarren bertsioa eraman du pantailara

Leonardo DiCaprio aktorea, The Great Gatsby-ko eszena batean. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur egun literatura unibertsalaren klasiko handi bat den arren, 1925. urtean argitaratu zenean Gatsby handia-k ez zuen oihartzun handirik izan. Liburu gutxi saldu zituen orduan F. Scott Fitzgeraldek, eta, hurrengo urteetan, eleberria ahaztuta gelditu zen.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, baina, liburuaren gaineko interesa piztu, eta, 1950eko hamarkadatik aurrera, kultuko liburu bihurtzen hasi zen. Gizartea abiada handian ari zen aldatzen, eta belaunaldi berriak beste modu batera hasi ziren Gatsby handia ulertzen. Hortik aurrera, liburua ezinbesteko bihurtuko zen.

Jazz musikak Estatu Batuetako gizartean izan zuen eraginaren ispilu moduko bat da Scott Fitzgeralden eleberria. Halaber, amets amerikarra deitu izan den horren gaineko begirada zorrotza da. Gainbehera, idealismoa, gizarte klaseak eta gehiegikeriaren kultura dira liburuak lantzen dituen gai nagusietako batzuk.

Ziurrenik, Gatsby handia-ren arrakasta diferituan zerikusi handia izan zuen zinemak. Eleberria 1926. urtean eraman zen lehen aldiz pantaila handira, Herbert Brenonek zuzenduta. Pelikula mutua zen hura, eta ez zuen aparteko oihartzunik izan.

1949. urtean, Elliot Nugentek bigarren moldaketa egin zuen. Berez, ez da aparteko filma, baina egokitzapen horrek asko lagundu zuen liburua belaunaldi berrien artean ezagutarazten. Besteak beste, Alan Ladd eta Shelley Wintersek lan egin zuten film horretan.

Liburua klasiko bihurtua zenerako, Paramounten bertsioa etorri zen. 1974. urtea zen, eta urte bereko beste pelikula batek, Roman Polanskiren Chinatown-ek ezarritako estetikarekin lotu zuten proiektua. Jack Claytonek zuzendu zuen filma, eta haren aginduetara izan ziren orduan gailurrean zegoen Robert Redford eta Mia Farrow. Aurrekontu handiko bertsioak dezenteko arrakasta izan zuen; hala ere, estudioak espero zuena baino txikiagoa. Bigarren mailako bi Oscar sari eskuratu zituen.

Luxu handia

2000. urtean Robert Markowitzek telebistarako egin zuen egokitzapena oharkabean pasatu zen. Mira Sorvino eta Toby Stephensek jokatu zituzten rol nagusiak.

Baz Luhrmannena, Gatsby handia-ren bosgarren bertsio zinematografikoa da orain arte egin den garestiena; eta, jakina, lehenengoa, hiru dimentsiotan ikusten ahalko dena. Garai bateko pelikula garestien moduan, ekoiztetxea behin eta berriz ari da haizatzen zeintzuk diren pelikularen kopuruak: lan egin duten estren kopurua, erabili behar izan dituzten Prada soineko eta Swarovski kristalak... Luxu gehiegi, akaso, garai triste hauetarako.

Hala ere, Baz Luhrmann zuzendariak ongi aski daki aurrekontu handiekin borrokan ibiltzea zer den. Huraxe izan zen zinema musikalaren generoak 2000ko hamarkadan izan zuen nolabaiteko pizkundearen erantzule nagusietako bat. 2001ean, Moulin Rouge egin, eta filmak sekulako arrakasta izan zuen mundu osoan.

Ez zuen horrenbesteko zorterik izan bere hurrengo proiektuarekin. 2008an, Australia ekoizpen handi eta garestia estreinatu zuen, garai bateko drama erromantiko handien bertsio bat izan nahi zuena, baina filmak ez zuen harrera ona izan, eta diru aldetik ez zituen espero bezalako emaitzak bildu.

Gatsby handia-ren bertsio berri honetarako, zuzendari australiarrak berriro ere Leonardo DiCapriorekin lan egin du. Aktore eta zuzendariak aspaldi, 1996 urtean, lan egin zuten elkarrekin lehen aldiz, William Shakespeareren Romeo and Juliet-en moldaketan.

Di Capriorekin batera, beste bi aktore oso ezagun daude liburuaren zinemarako egokitzapen honetan: Tobey Maguire eta Carey Mulligan.

'THE GREAT GASTBY'

Zuzendaria: Baz Luhrmann. Aktoreak: Leonardo Di Caprio, Tobey Maguire, Carey Mulligan, Joel Edgerton, Isla Fisher, Elizabeth Debicki, Amitabh Bachman.

Herrialdea: Australia.

Urtea: 2013.

Iraupena: 143 minutu.

Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herria eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.