Donostiako 59. Zinemaldia

Amets Arzallus: «Irudietara eraman du geuk ere azaltzen ez dakiguna»

Filmean parte hartu duten bertsolarien ustez, bertsolaritza «nola dagoen bizirik» erakusten du filmak

Asier Altuna, ezkerrean, bertsolariekin, Kursaalean: Miren Amuriza, Jon Sarasua, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Filmean egungo bertsolariaren irudia emateko, emakumea eta gaztea izan behar zuela pentsatu zuen Asier Altunak, eta, horregatik, bertsolaritzaren sormen prozesua islatzen duten irudietarako Miren Amuriza hautatu zuen. Bera ez dela aktorea, bertsolaria baizik, erantzun zion Amurizak Altunari, proposamena egin zionean, baina onartzea erabaki zuen, eta orain «pribilegiatua» sentitzen da Bertsolari-n izan duen parte-hartzea dela-eta. Lan taldeak emandako «konfiantza» eskertu zuen bereziki Amurizak filmaren aurkezpenean.

Amurizaz gain, filmean agertzen diren beste lau bertsolari izan zituen Altunak ondoan aurkezpenean: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Jon Sarasua.

Arzallusen ustez, «miresgarria eta eskergarria» da Altunak egin duen ariketa. «Irudietara eraman du geuk ere azaltzen asmatzen ez duguna».

«Bertsolaritza bezalako fenomeno bat, zaharra eta berria, nola dagoen bizirik azaltzen du filmak, tradizionala izanik hain garaikide izan daitekeena»,Maialen Lujanbioren ustez. «Bertsolarion ikuspuntutik pelikula honek ekarpen hori egiten digu».

«Gogoeta konpartituak»

Bertsolaritzaren azken hamarkadetako «jardun autoerreflexiboa»ageri da Bertsolari-n, Jon Sarasuaren ustez. Belaunaldi berriek bertsolaritza garai berrietara egokitu beharra izan dute, horretarako estrategiak landuz, eta bide horretan egindako gogoetak berekin daramatzate. Horregatik uste du berak filmean egiten dituenak «gogoeta konpartituak» direla.

Andoni Egañak filmaketetako hainbat anekdota ekarri zituen gogora, erresonantzia magnetikoko tunelean sartu eta haren barrutik bertsotan aritu behar izan zuenekoa, horien artean. «Filmean ematen du une bateko kontua izan zela, baina denbora asko egon behar izan nuen han barruan», ekarri zuen gogora.Kazetarien galderei erantzunez, bertsolaritzak gaur egun ahots kritikoa izateko indar aski baduela esan zuen Egañak, eta gogoratu zuen txapelketez aparte urtero 1.700 inguru bertso saio egiten direla.

Asier Altunaren Bertsolari Antiguo Berri 2 aretoan emango dute gaur, 18:15ean. Bihar, berriz, bi aukera izango dira filma ikusteko: Viktoria Eugenia antzokian, 12:00etan; Principe 7 aretoan, 20:45ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.