Bidaiatzen urteak daramatza Jon Arretxe idazleak (Basauri, 1963).Munduan zehar ezagutu dituen lekuetan eta pertsonengan topatu du maiz idazteko inspirazioa. Halaxe gertatu zaio berriro, eta Tangerko ametsak (Erein) eleberria kaleratu du. Heriotza, intriga, maitasuna, miseria eta etorkinen auzia hartu ditu osagaitzat kontakizuna eraikitzeko. Baita ametsak ere; Europa helburu duten hainbat eta hainbat lagunen ametsak gauzatzen baitira hiri horretan, baina porrot ere egiten dute beste askorenek. Sueños de Tánger izenburupean, gaztelaniaz ere kaleratu du liburua.
Nobela beltza eta bidaia literatura uztartu ditu Arretxek eleberrian, azken urteotako joerari jarraituz —Morto Vivace (2007), Fatum (2008) eta Xahmaran (2009) lanak genero berekoak dira—. Bi plano paralelotan garatzen da kontakizuna: Maliko Bamako hiriburuan bata, eta Maroko iparraldean, Tangerren, bestea, nagusia. Bi hirietan egona da idazlea. Duela hogei urte izan zen lehen aldiz Bamakon, hango familia batekin harremana egin zuen, eta gerora ere itzuli da. Bizipen haietan inspiratu da kontakizunaren zati bat han kokatzeko. Hain zuzen, hirira iritsiko da neska zuri bat nobelaren lehen atalean, argazki bat eskutan, norbaiten bila.
Tangerren garatzen da istorioaren zati zabalena. «Tangerrera kasualitateak, patuak eraman ninduen, baina uste dut oso hiri interesgarria dela horrelako nobela baterako». Kokapenagatik, konkistatzaile eta zibilizazio guztiak handik igaro direla ekarri du gogora, eta XX. mendean ere «hiri berezia» izan dela uste du. «Estatus oso berezia izan du, hiri irekia izan da, jabego konpartitukoa Europako herri boteretsuenekin, artista oso ezagunen babesleku izan da, milioidunen parranda leku, agente sekretuen topaleku, amarruzale eta iruzurgileen paradisua ere bai... Horrek guztiak giro berezia eman dio».
Kontraste oso handiko hiria da Tanger, Arretxeren ustez. Europako edozein hiriren antza duen alde berriagoarekin batera, medina zaharra ere badu, «mendebaldarroi halako ezinegona edo beldurra sortzen digun giro hori duena». Kale estuen labirinto hori hilketa eta misterioz osatutako halako trama bat kokatzeko «leku ezin hobea» iruditu zaio idazleari. Badu beste ezaugarri bat; Europara etorkinez beteta doazen txalupen abiapuntu nagusietako bat da, eta gai hori ere oso presente dago eleberrian. «Abiapuntu izate horrek eragin du Tanger afrikar askorentzat ia-ia kartzela bihurtzea. Afrika beltzeko milaka jende dago haraino ailegatu dena, basamortua zeharkatu ostean, txalupa bat hartzeko esperantzaz, gero porrot egin duena eta han geratu dena, ezer barik». Halako milaka lagun topa daitezke Tangerko kaleetan zehar, eskean, edozein txokotan lotan. Hortik izenburua ere. «Amets horiek batzuetan betetzen dira, eta beste batzuetan ez, baina jende askok tupust egiten du Tangerren kontra, eta hor geratzen da, ez aurrera ez atzera».
Horixe gertatuko zaio Moussa gazteari; Malin utzi du familia, eta ez dio uko egiten Europara ailegatzeko ametsari. Helburu jakin batek Tangerko portura azken ferryan iritsi den gizon misteriotsua da beste pertsonaietako bat. Fatima da beste protagonista, familiak arbuiatu ostean kalean bizirik irauten saiatzen den emakumea. Hiru pertsonaien bideak medina zaharreko kale estuetan gurutzatuko dira kontakizunean.
Lekua ezagutzea
Nobela bat idazteko girotuta dagoen lekua ezagutzea inportantea dela uste du Arretxek, eta aurrekoetan egin bezala, Tangerren izan da liburua idazten. «Hiru aldiz izan nahiz azken urtean, eramangarria motxilan sartu, medina zaharreko ostatu bat bilatu eta hantxe egon naiz idazten; nobelako hainbat eta hainbat orrialde handik atera dira». Medinako kaletxoetan barrena bueltaka ibili da, zokoko kafeetan herritarrei so orduak eman ditu, «denbora pasatzen utzi eta begira, hiriari inspiratzen uzten eta pertsonaiak zein egoerak oparitzen. Zoko txikian nire begien aurretik pasatu dira liburuko pertsonaia asko». Txalupetan bidaiatzeko tratuak egiten dituztenak, iruzurgileak eta beste ere han ikusi ditu, eta haiei buruz irudikatu dituenak jaso ditu. «Zentzumenak apur bat irekita, berez datozkizu pertsonaiak eta lekuak sortzeko».
Hango jendearekin ere asko hitz egin du, mota guztietako pertsonekin, eta hala lortu du istorio sinesgarriak jasotzea. «Hogei urte daramat bidaiatzen, eta ez naiz inoiz leku edo monumentuen bila joan, jendearen bila baizik». Tangerren ere, miserian bizi den jende askok kontatu dizkio bere bizipenak. «Istorio horiek egiazkoak dira, eta eurek kontatuak direnez, aurreiritzirik gabe, gordin-gordinik sartzen dituzu nobelan».
Ametsaren azken geltokian
Nobela beltza eta bidaia literatura uztartu ditu, berriz ere, Jon Arretxe idazleak 'Tangerko ametsak' liburu berrianKontakizuna eraikitzeko intriga, miseria eta immigrazioaren gaia hartu ditu osagai gisa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu