«Lagun batek beti esaten zigun Tony Viscontirekin grabatu behar genuela, elkarte perfektua izango zela Tony Viscontik eta Capsulak osatutakoa», azaldu zuen Martin Guevara Capsula taldeko gitarrista eta kantariak Solar Secrets diskoa aurkeztean (Gaztelupeko Hotsak). «Guretzat amets bat zen, nerabe garenetik bildumatzen ari garen disko guztien kontrazaletan jartzen baitu: 'Produced by Tony Visconti'. Gure heroietako bat da rockaren historian». Amets hura bete dute Capsulako kideek Solar Secrets-en grabazioan, eta zoratzen daude hala izandako esperientziarekin nola lortutako emaitzarekin.
John Agnello ekoizlearekin lan egiteko asmoa zuten, azken diskoetan bezala, baina haren agenda beteegia zegoen. Horrek bultzatu zituen Viscontiri eskaintza egitera, duela urtebete inguru, azkenaldian eginak zituzten kantuen grabazio bat bidaliz. Halakorik espero ez bazuten ere, baiezko erantzuna jaso zuten. «Maletak prestatzeko esan zigun, bi aste barrurako estudio bat zeukalako erreserbatua, Lexingtonen (Kentucky, AEB). Hor hasi zen Solar Secrets-en abentura handia».
«Jende askok ingelesa dela uste badu ere —60 eta 70eko hamarkadetan David Bowierekin, T Rexekin eta abarrekin egindako lanengatik batez ere—, Tony ez da ingelesa, Brooklyngoa baizik», azaldu du Guevarak. «Manhattanen bizi da orain, eta han badu bere estudioa. Baina disko hau Lexingtongo Saint Claire estudioan egitea proposatu zigun. New Yorketik hamaika bat ordutara dago, mendiaren erdian; ez du ezer inguruan, dena berdea da, eta oso estudio handia da. Horrek hirurok zuzenean grabatzeko aukera eman zigun, eta hori zen Tonyk lortu nahi zuen gauzetako bat, gure zuzenekoa jasotzea disko batean. Estudioa handia izateak hirurok batera jotzeko aukera ematen zigun, soinuak nahastu gabe».
Egun haietan Tony Viscontirekin batera bizitzeko aukera ere eman zien estudioak. «Harekin gosaldu, harekin tai-chi egin, bazkaldu, elkarri gauzak kontatu... Familia bizitza egin. Eta hor daude emaitzak. Elkarbizitza hori islatuta dago diskoan».
Grabazioaren aurretik sartu zen bete-betean diskoaren prozesuan Visconti, Coni Duchess taldeko baxu jotzailearen arabera. «Kantuak prestatzen ari ginenean, moldaketetan, egiturak finkatzean… Baita kantuen hautaketan ere. 27 demo genituen, eta, haietatik abiatuta, kantuen hautaketa Tonyk egin zuen. Harritu egin gintuen, Capsula soinutik gehien aldetzen zirenak hautatu baitzituen. Abiapuntu horretatik, diskoa irekitze gisa planteatu da, esperientzia berri gisa».
«Moldaketa asko egin genituen, eta batez ere lan asko ahotsetan, harmonietan eta koroetan», azaldu zuen Duchessek. «Aurreko diskoetan egin gabeko gauza asko egin genituen, eta baita esperimentazio asko ere, gitarrarekin, baxuaren soinuarekin…».
David Bowieren baxuarekin
Horrez gain,David Bowiek The Man Who Sold The World diskoan (1970)erabili zuen baxu bera erabili ahal izan zuen Duchessek, 1968ko Fender Precision bat. Hasierako asmoa baxu hura pare bat kantutan erabiltzea zen, baina soinua gustatu eta kantu guztietan erabiltzea erabaki zuten.
Tony Visconti ekoizle huts bat baino askoz gehiago dela egiaztatu dute Capsulako kideek, Martin Guevararen laudoriozko hitz beroek argi uzten dutenez: «Ekoizlea ez ezik, moldaketa egile bikaina ere bada. Oinarrian, musikari handi bat da, eta kontrolaren bestaldean egonda ere, oso ondo uler dezake musikariak zer behar duen: adorezko hitza une egokian, umore ona, gauzak lasaitasunez eramatea...».
Esperimentaziorako joera eta grina gertatu zaie hala ere harrigarriena harengan. «70 urte izan arren, burua irekia dauka, hasiberri bat balitz bezala», Guevararen ustez. «Hunkitu egiten da, pasioa igartzen zaio… Eta David Bowieren Heroes kantuan zer egin duen entzun eta gero, hori guretzat gauza handia izan da. Soinuen eskultore bat da, eta soinuen sortzaile bat. Ez du etsitzen gitarrak gitarra baten soinua izatearekin, edo bateria batek bateria batena. Koxka bat estutzen du dena beti, eta zu eramaten zaitu berarekin abentura horretara. Horregatik, guretzat oso berriak diren gauza asko egin ditugu disko honetan».
Ametsetako ekoizlea
Tony Viscontirekin grabatu du Capsula taldeak 'Solar Secrets' AEBetan, Lexingtongo Saint Claire estudioan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu