Arras kontent gara. Duela 12 urte genuen ametsetarik bat bete dugu: 18 bertsolaritik goitiko txapelketa bat antolatzea Iparraldean.
12 urteko tarte horretan, zortzi finalistak gutxi edo gehiago bertso eskoletan ezagutzeko parada ukan dut. Joanes Etxebarria doi-doia ezagutu nuen. Maulen irakasle aritu nintzen azken urteko, azken klaseetako, azken orenean agertu ohi zen. Kantatzera baino gehiago, bertso eskolako lagunen entzutera. Hala ere, artetan isiltasunetik jalgi eta kopla bixiren bat kantatu ohi zuen, ordura arte kantatu bertsoek baino irri haboro eragiten zuena. Geroztik bide egin du; beti helduen bertso eskolakoekin bilduz eta artetan beste bertsolari batzuekin ere. Hain segur, Mauleko helduen bertso eskolaren hasierako humusik gabe, gerora babesle eta akuilatzaile bihurtu zitzaiona, nekez pasatuko zen Joanes kopatik koplara; nekezago koplatik koblara.
Helduen bertso eskolen aldeko pario sendoa eginkizun da Iparraldean. Denbora iragan da baina ez da berandu. Uste dut hori dela Iparraldean uneon abiatu beharreko pario estrategikoenetarik bat. Eztabaidagarria izan daiteke, baina zer erran Joanesen kasuaren aurrean? Joanes da helduen bertso eskolen aldeko parioak merezi duenaren frogetarik bat. Bat diot, ezen finalaren karietara emaitzarik ezagunena bihurtu den arren, fruitu pila emana baitu lehenago ere Mauleko helduen bertso eskolak: Sohütako haurren bertso eskola, bertso eskoletarako irakasleak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozale berriak, bertsolaritzari buruzko irratsaioa egiten duten kazetariak, saio antolatzaileak (Hernandorena, Bertso Jazza, Mauleko bestetako saioa...), herrian bertso giroa piztea ez ezik hedatzea, bertsozale elkarteko kide berriak... eta azken txapelketa honetarako hiru bertsolari!
Horixe dakar helduen bertso eskolak sustatzeak: ateratzen dira bertsolariak, formatzen dira bertsozale adituak, sortzen dira gai-jartzaileak eta emaileak, prestatzen dira epaile potentzialak, bertso eskoletako irakasleak ere bai, antolatzaileak, elkartekideak... Erran nahi baita, helduen bertso eskolek bertsolaritzaren ekosistema biziberritzen dute, bertsolaritzaren sare iraunkorra sortzeko bide emanez. Eta horrek txapelketari, bertsolaritzari oro har, alimaleko mesedea egingo lioke, areago gureak bezalako periferiako herrialdeetan.
Esate baterako, jujeei dagokionez, gaurko finalean bost epailetarik bi izanen dira sortzez iparraldekoak. Lehenago ere gertatu izan dira halakoak, hots, epaileak ez izatea txapelketa jokatzen den lurraldekoak. Baina, geroari buruz, normalizazio seinale izan liteke bertsolariak ez ezik epaile oro Lapurdi, Baxenabarre edo Zuberoakoak ez izan arren bertako gizartean integraturik bizi direnak izatea. Horrek ez du kentzen Asier Ibaibarriagaren ahaleginaren handia bihotzez eskertzea, eta ez egungoarengatik soilik. Badakit jakin, gainera, bere kadira pozik utziko liokeela hartzeko prest legokeen Iparraldeko nornahiri. Nehor ez baita ordea! Komunikazioa kari ere bada komenigarria jujeak bertako edo bertan integratutako jendea izatea. Hartara ez legoke hitz joko, ideia edo gako hitzik euskalkietako edo bertako erreferentzia delako konprenitu gabe geldituko litzatekeenik. Bestela beti bada inkomunikaziorako arriskurik. Tira, bidea eginez hobetuko da txapelketa, alor guzietan, orain artean bezala.
Amets egin genuelako ekin genion duela dozena bat urte, eta orain hodei batean gara. Egin dezagun auto-konfiantzazko beste jauzi oniriko bat. Eta ea 12 urteren buruko txapelketako bertsolari, plazetako saio eta zale kopuruak bikoizteko gai garen. Badugu egitekorik! Gaur, ordea, besta eguna da; goza dezagun.
Iritzia
Ametsez amets
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu