Antolatzaileek «zeharkaldi artistiko» baten gisan irudikatu dute aurtengo Errobiko festibala. 29. aldia du aurten, eta bihartik igandera bitarte egingo dute, Itsasun (Lapurdi). Julen Axiari jaialdiko zuzendari artistikoaren esanetan, ametsetako munduak «ospatzeko» parada izango da aurtengo egitaraua, eta, mundu horietara jauzi egiteko, hiru «ate» irudikatu dituzte: ametsen sustraitzea, suspentsioa eta utopia. Ate horien inguruan antolatu dituzte ikuskizun, hitzaldi eta bestelakoak.
Bihar 17:00etan ekingo diote egitarauari. Elizaldian egingo da irekiera ekitaldia; bertan Mairu, Rebecca Roger Cruz eta Xiberoa Kantuz Loraturik ikusgarriko kideek hartuko dute parte. Gainera, Mizel Mateo, Aitor Servier, Oier Urreizti, Xermin Camblong, Nahia Sasco eta Maddalen Arzallus bertsolariak ere izango dira. Jarraian, Xiberoa Kantuz Loraturik-en txanda izango da. Atharriko aretoan eskainiko dute emanaldia, 21:00etan. Euskal Herriko kantu tradizionalen inguruko lan bat da. Ihitz Iriart, Maddi Oihenart eta Mixel Etxekopar izango dira oholtzan egongo diren kideetako batzuk.
Euskal Herriko zein kanpoko taldeak gonbidatu dituzte festibalera. Euskal Herriko taldeen artean daude Mairu eta Lurodei. Mairuk tradizioa eta modernitatea uztartzen ditu, ttunttuna, txalaparta edota txirula musika elektronikoarekin nahastuz. Bihar emango dute kontzertua, Atharriko oihal etxean, 00:00etan. Lurodeik ere musika elektronikoa du ardatz. Maylis Raynal eta Manon Irigoienek osatutako bikoteak ostiralean emango du kontzertua, oihal etxean bertan, 17:00etan.
Soinuen nahasketa
Paul Wacrenier, Karsten Hochapfel eta Sven Clerx dira Archetypal Syndicate taldeko kideak. Parisen sortutako hirukotearen txanda ostiralean izango da, 00:00etan. Antolatzaileen esanetan, taldearen erritmoa «obsesiboa da»: «Soinua batzuetan elektrikoa, besteetan aienatua, dena deliberatuki psikodelikoa». Norvegiatik Itsasuraino bidaiatuko du T.I.M. taldeak. Inprobisaziotik tiraka sortzen dituzte kantuak. Larunbatean 19:00etan izango da taldearen saioa.
Dantzarako sortzen dituzte doinuak Muzunguko hiruko kideek. Emile Biayenda, Tatiana Paris eta David Merlo musikarien estilo ezberdinak hibridatuta, musika garaikide eta esperimentala sortzen dute. Kontzertu batzuetarako beste musikari batzuk gonbidatzen dituzte, eta, kasu honetan, Mathilda Haynes ariko da gitarrarekin. Larunbateko azken kontzertua izango da haiena.
Musikari ez ezik, dantzari ere egingo diote lekua jaialdian. Crocodile ikuskizuna taularatuko dute ostiralean, 21:30ean, Atharriko aretoan. Emilie Leriche eta Martin Harriague dantzariek hartuko dute parte bertan, eta Stephane Garin eta Julien Garin musikariak, eta Ensemble 0 taldea arduratuko dira saioa musikatzeaz.
Ibilbide musikatua
Festibalean parte hartuko duten musikariak, ordea, ez dira oholtza gainean bakarrik egongo. Itsasuko oihanean egindako ibilbide artistikoan ere arituko dira horietako hainbat. Izan ere, larunbatean, parte hartzaileek ibilaldi musikatu bat egiteko aukera izango dute. Jean Christian Irigoien eta Beñat Axiari izango dira bertan, eta Koldo Ameztoik egingo ditu kontalari lanak. Antolatzaileek adierazi dute «sorpresa ugari» izango direla. 14:00etan Atharrin hasiko da.
Ikastaroak ere antolatu dituzte, jaialdia hasi aurreko egunetarako. Astelehenean hasi ziren gehienak, eta gaur bertan amaituko dira. Besteak beste, euskal kantugintzaren, txalapartaren eta Maliko eta Georgiako kantuen inguruko saioak antolatu dituzte.
Jaialdiaren egitaraua eta informazio xehea Errobikofestibala.net webgunean topatu daiteke.