Amildegia ezin ikusi

Karlos Gorrindok hirugarren nobela argitaratu du: 'Ezpainak arrainak bezala'.Amodio harreman bat salbatu nahia obsesio du protagonistak

Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Haur eta gazte literaturan asko ibilia da Karlos Gorrindo idazlea (Gernika, Bizkaia, 1958). Hainbat itzulpen ere eginak ditu, eta helduen literaturan bi nobela argitaratu ditu jada: Ni naizen hori (1992) eta Amaren begietan (1995). Urte luzez arlo hori landu ez badu ere, hirugarren liburua argitaratu berri du: Ezpainak arrainak bezala (Erein). Aurreko bi nobeletan osagai oso argi bat egon da: eduki ideologikoa. Azken lanean, baina, sentimenduez hitz egin nahi izan du. «Maitasun istorio baten obsesioa» du kontagai, egilearen arabera.

Marta eta Gorka bikote dira. Baina, ezin jakin zergatik, harremana hoztu egin da. Sentimenduek maiteminetik maitasunera urrats bat egin dute, eta maitasunetik, denboraren poderioz, desamodiora. Desamodio horretaneragina izango du erabakiak ez hartzeak; gero, beldurrak agertuko dira, eta nola ez, zalantzak. «Gizartearen aurrean zelan agertu, gizarteak esaten duenean: 'Sozializatu egin behar da, elkartu, batu, bikoteak sortu, bizi...». Eta, horren ondoren, denborak eragiten duen higadura hori, edo desamodio hori. «Luzamenduan aritzeak dakarren higadura psikiko emozionala...». Inoiz ezin jakin daiteke, ordea, gauzak nola amaituko diren. «Ez dakigu agonia baten ostean zer egon daitekeen. Edo desamodio baten ostean, amodioa berriro susper daitekeen. Ez dakigu».

Harremana hautsi nahi du Martak. Gorkak, aldiz, ez. Hortik sortuko zaio obsesio ia patologikoa. Edozer egiteko prest dago erlazioari eusteko, eta neurotiko agertuko da, errealitatea eta bere barneko mugak ez dituelako argi.

Istorioan asko agertzen da Marta, baina haren presentzia erabat «pasiboa» da. Gorka da protagonista nagusia. Lehen pertsonan eta orainaldian kontatuko ditu bere pentsamenduak eta hausnarketak, bakarrizketa moduan. Eta haren hitzetan agertzen da Marta etengabe. Gorkak emaztearekiko duen obsesioa dela medio, denbora guztian baitago haren pentsamenduetan.

Beste hari mutur batzuk ere baditu kontakizunak. Kazetaria da Gorka, eta eskultore batekin lan egitea tokatuko zaio. Hasieran lan harreman hutsa dena katramilatu egingo da, ordea. Hala, artearen inguruko hausnarketak jaso ditu nobelak. Euskal Herriaren inguruko erreferentziak ere ageri dira kontakizunean. Borroka armatua presente dago testuinguruan, nahiz eta zertzelada modura ageri den. «Saihetsezina da nire bizitzan ETA agertzea, eta harekin zerikusia duten istorioak kontatzea, ETA nire bizitzan ere saihetsezina izan delako».

Dena den, «humanismoari» eman dio lehentasuna. «Nire istorio gehienak ez dira sentimenduetatik aldentzen». Horrekin lotuta doaz liburuaren izenburua eta azaleko argazkia ere. Ezpainak arrainak bezala pasarterik «samurrenetik» ateratako lerro bat da. «Bikote honen egoera triste eta samingarritik ateratako pasarte maitekorrena», du oinarrian. Azaleko argazkian berriz, Marta ikus dezakegu, sofan botata, goxo lo.

«Ahozkotasunetik hurbil»

Ulergarritasuna jarri du guztiaren gainetik Gorrindok, esaldi luzeak alde batera utziz. «Hausnarketan, bakarrizketan eta pentsamenduetan zabiltzanean sortzen diren loturak laburrak izaten dira, eta bide hori jorratu nahi izan dut. Horrek uste dut irakurketari erritmo bizia ematen diola». Inazio Mujika Iraola Ereineko editorearen ustez, gakoa da «ahozkotasunetik hurbil» dagoela haren idazteko modua. Gainera, nabarmendu du «prosa sendoa» erabili duela, bizkaieratik ekarpen esanguratsua eginda. Helduentzako nobela izan arren, gazteagoek ere irakurtzeko modukoa dela uste du.

Gorrindok, bere nobela definitzerakoan, ez du oso argi zein hitz erabili. «Ez dakit nobela intimista ote den. Beharbada, bada». Baina badaki gauza batzuei buruz hitz egitea beharrezkoa dela. «Sentimenduei buruz hitz egitea lehentasunezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.