Amonaren opariak

Amaia Zubiriak 'Amona Mantangorri' diskoa plazaratu du, berak sorturiko haur kantuekin

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Biloba txikiak zituenean ekin zion haientzako kantuak sortzeari eta prestatzeari: «Umeentzako ohiko kantuak ondo daude, eta balio izan digute, baina iruditzen zitzaidan gaiak aldatu egin behar zirela».Lanari ekin eta berak sortu zituen hainbat kantu, bai doinu eta bai hitz. Horiek Amona Mantangorri diskoko kantu bihurtu ditu Amaia Zubiriak. Brian's Records zigilu sortu berriarekin kaleratu du lana, Nabil(Elkar) aurrekoa argitaratu eta bi urtera. Lehenik Elkarri berari eskaini zion egitasmoa, «baina haiek ez zioten komertzialtasunik ikusten», eta, azkenik, Brian's Records etxeak eman dio aterpea.

Didaktikari eman nahi izan dio garrantzia hitzetan: «Baina ez dut nahi izan oso pedagogikoak izan zitezen, gehiegi nabarmendu zitezen. Hori bai,abestia ondo aprobetxatu nahi nuen». Errepertorio guztia Zubiriarena berarena da, baina badira salbuespen urri batzuk hitzetan. Goizeko kantuarena Pello Lizarralde idazleak idatzia da. Amona Mantangorri kantuaren leloa eta Bonbolontena lo kantuarena ere kantu zaharragoetatik hartuak ditu.

Naturari begirada

Gaietan aniztasunaren aldeko hautua egin du kantariak, baina indar berezia dauka naturarenaipamenak. Euriaren sorrera nolakoa izaten den agertzen du Euriak izenekoan eta urteko sasoiei buruzko informazioa ematen du Lau aro-n: «Lau aro lau. Urtean urtero. Denetan hotzena. Negua lehena. Denetan hotzena, negua lehena». Modu «sinplean eta alegorikoan» azaldu ditu naturaren sekretuak, haurrek bere horretan jaso ditzaten.

Musikari aparteko garrantzia eman nahi izan dio Zubiriak Amona Mantangorri-n, eta, horretarako, aspalditik lagun dituen musikari profesionalengana jo du gainera: «Behingoz ez zedin izan umeentzako egindako musika melenga bat, baizik eta musika arruntago bat. Saiatu gara ohiko eskema batzuk kanpoan uzten. Ez dut esango berria denik edo zerbait hautsi nahi duenik, baizik eta ekarpenen bat egin badezaket, bada egin dezadan».

Pascal Gaigne arduratu da gitarrak jotzeaz, zeina aspaldiko lagun duen; Javi Areak jo ditu perkusioak, bateria, kozinofonoa eta lumak; Luis Mari Moreno Pirata-ren esku egon dira saxofoia eta tuba, eta Ritxi Salaberriak baxua, kontrabaxua eta gitarra jo ditu. Zenbait kantutan bere biloben ahotsen laguntza izan du, eta Ritxi Salaberria bera arduratu da bai moldaketak egiteaz eta baita ekoizpenaz ere.

Kantuak zuzenean eskaintzeko gogoa badu Zubiriak, baina hori beraien esku ez dagoela dio. «Talde bat bagina bezala sentitzen gara, eta gustura ariko ginateke zuzenean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.