Ana Mari Marin margolari baztandarra hil da

Baztango paisaien margo koloristak egin zituen urte luzez. 87 urterekin zendu da.

Ana Mari Marin, Elizondoko mutildantza irudikatzen duen margolan batekin, 2011n. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Berria
2020ko abuztuaren 24a
17:35
Entzun

Ana Mari Marin margolaria Elizondon (Nafarroa) jaio zen, 1933an, eta zazpi urterekin hasi zen margotzen, bolada bat ohean igaro behar izan zuenean, gaixo. Haurtzaroa Frantzian igaro zuen, hiru urte zituenean haren familiak erbesteratu behar izan zuelako, eta Marin nerabe zenean itzuli ziren. Sorterriarekin berriz elkartu izana erabakigarria izan zen harentzat, eta bizitza osoan lotura sendoa izan zuen Baztanekin. Bailara, bertako herriak, mendiak eta magalak izan dira haren margolanen agertoki nagusiak, baina Euskal Herriko beste lurralde asko ere irudikatu ditu, bai eta kanpokoak ere.

Haren pintura espresionista eta bitalista da; haren hitzetan, bere izaera bezalakoa. Kolore biziak erabiltzen zituen, eta olioa eta akuarela, batik bat. Zenbait kritikariren arabera, haren obra "ordenatua, harmoniatsua, arina, freskoa eta intimoa" da.

Harreman estua izan zuen beste artista batzuekin, hala nola Mentxu Gal margolari irundarrarekin, zeinarengandik eragin handia jaso zuen, edo Jorge Oteizarekin, haren "aita espiritualtzat" jotzen zuena. Osasunak utzi zion bitartean margotu zuen; denbora asko ematen zuen estudioan, ia egunero aritzen zen hainbat orduz.

Baina ez zen pinturan bakarrik aritu. Etxekoengandik musikarekiko zaletasuna jaso zuen, eta Elizondoko Abesbatzen Elkarteko kide izan zen hainbat urtez. Baztandarren Biltzarraren sorrera ere sustatu zuen, 1963an. Bailararekiko loturak eta kezkak bultzatu zuen politikagintzan ere aritzera: 1967an udal hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldiz, eta Baztango Udaleko zinegotzi izan zen 1967 eta 1974 artean, eta, ondoren, zinpeko alkate, 1975etik 1977ra.

87 urterekin zendu da, Iruñean, gaixotasun luze batengatik ospitaleratuta zegoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.