benat sarasola
Lauhazka

2010eko urria

2023ko azaroaren 26a
05:30
Entzun

Virginia Woolfek, XX. mendearen hasiera zoroa bizitzen ari zelarik, 1910eko abenduan giza-izaera aldatu egin zela esan zuen. Ziur aski, momentuan inor ez zen jabetuko, eta denak jarraituko zuen, itxuraz bederen, 1910eko azaroan bezalaxe: te-hostoak iragazteko keinu berberak, cricketean aritzeko arau berberak, elikagai-dendan ilara errespetatzeko politezia berbera. Baina, denbora igaro zelarik, hantxe kokatu zuen Woolfek aldaketaren une zehatza: 1910eko negu berriaren hastapenetan.

Mende bat geroago, badirudi XXI. hasiera honetan ere zerbait aldatu dela giza-izaeraren zerako zeran. Alabaina, kontua da giza-izaera piztia apetatsua izaki, bi hilabetez aurreratu zela. Izan ere, 2010eko abenduan ez, baizik eta 2010eko urrian, orain hamahiru urte, etorri zen kanbiamendua: hilabete horretan argitaratu zituen Wikileaks-ek Irakeko Gerrako dokumentuak, orduan sortu zen Instagram, urri hartan hasi zen Tarana Burke sare sozialetan «Me too» esaldia erabiltzen, eta garai hartantxe argitaratu zuen lehen abestia Yung Beef-ek Kefta Boyz-ekin. Berriz ere, momentuan, inor ez zen aldaketaren handiaz jabetu; benetako iraultzak halaxe gertatzen baitira, espanturik gabe.

2023ko udazkenean bizi garelarik, ordea, denbora nahikoa igaro da konturatzeko ordutik hona jende ez gutxi dagoela (gaudela) jokoz kanpo agerikoan. Zenbatetan ez ote dugu aditu urlia seko «desubikatuta» dagoela, sandia aurreko mendean bizi dela, berendiak ez duela egungo egoeraz ezer entenditzen. Harako hura boomerra dela, hemengo bestea edgya. Eta aitortu, askok eta askok aitortzen dute (dugu), gainera: nire garaian ez zen halakorik, gaurko mundu hau zoratu egin da, egungo gazteek hau eta beste.

Belaunaldi berri guztiek egiten omen diote desafio aurrekoari, baina, egiazki, XXI. mende hasierarekin gazte bihurtu ginenok nahiko lan izan genuen aurrekoei ezer leporatzen ibiltzeko. Alde batetik, 2008a aurreko iji eta aja testuingurua; bestetik, gure Gerra amaiezina. Posmodernitatearen biharamuna bizi izan genuenoi mundua eta haren erreminta-kaxa paketatuta eman ziguten, eta bestetik, gure partikularitate honetan, aurrekoen Gerra heredatzea beste erremediorik ez genuen izan, antza. Handik idaztea tokatu zitzaigun eta, neurri batean, ezintasun horrek azaltzen du XXI. mende hasieran idazten, eta oro har, zerbait egiten, hasi ginenen lana. Izan daiteke aurrekoena imitatzeko, izan daiteke eskapismoa egiteko, izan daiteke ezintasun hori aitortzeko, izan daiteke iraultzaile kosmetiko gisa azaltzeko, baina denok partekatu genuen, gutxi-asko, ezin hori.

Horregatik, bekaizkeriaz baizik ezin diegu begiratu 2010eko azaroak ume edo nerabe harrapatu zituenei. Duela gutxi multzo horretan sartzen diren bi poeten emanaldian izan nintzen, eta benetan deigarria egin zitzaidan nola markatzen zuten haien eta haiek baino 10-15 urte zaharragoak ziren poeten arteko distantzia; edo, hobeki esanda, arrakala. Adanismoa leporatzen diete (diegu) ez gutxitan, baina zein iraultza ez da adanista? Harold Bloom zaharrak, zeina dudarik gabe aldakuntza horiek beltzuri jarriko baitzuketen, aspaldi esan zuen ezer berria sortzeko aurrekoa gaizki irakurri behar duzula, ezinbestez. Tradizioarekin obsesionaturik bizi denak eta ñabarduren mizkinkeriatan laketzen denak sekula ez du iraultzarik egingo, ez bada gure belaunaldiak hain ondo ezagutzen dituen iraultza-fakeak. Ezin konprenitua bizi dugu, bai, jokoz-kanpotasuna, behiala irmoa zen zorua egun irristakor sentitzea. Bekaizkeriaz ere begiratzen diegula nioen: izan ere, oi, oraingoek egiten ari zaizkien bezala egin izan bagenie aurre ikasleak (batez ere emakumezkoak) umiliatzea maite zuen unibertsitate-irakasle autoritarioari, txosnetan musika egokia jartzen ez genuelako sintonia aldarazi zigunari, modalitate eta bariazio orotan goitik begiratu ziguten askojakinei…

Batzuek esango dute, kontu horiek gorabehera, gauzak ez direla sobera aldatu eta hor jarraitzen dutela (dugula), boomerrak, edgyak, rockero zaharrak, gizon-heterosexual-zuri jarriak, betiko naftalina usaindunak eta orotariko Perez-Reverterrak lehen lerroan eta aginte-makilari ondo helduta. Arrazoi dute, baina nola ukatu guda, hainbestetan entzun dugun guda kulturala delakoa, galduta dutela (dugula) dagoeneko? Denbora kontua da, oraingo gudu kulturalen garaileak baitira geroko manu militariak.

Azken boladan mintzagai ditugun auzi askok 2010eko urriko kanbiamendu handiak zeharkatzen dituela esango nuke. Horregatik, susmoa dut datozen hilabeteetan Lauhazka honetan idatziko ditudan gauza askok ere, sakonean, horixe izango dutela presente. Nekez idatz daiteke gaur egun hura kontuan izan gabe, eta honenbestez, gazteagoekiko gurasokerian ez erortzeko esfortzurik egin gabe. Ez ahal naiz gehiegitan eroriko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.