Mahou garagardoaren iragarki batek hautsak harrotu ditu asteon hainbat sare sozialetan. Iragarkian, benetan gertatutako istorio bat kontatzen da. Nola Los Desleales musika taldeak doan, zehatzago esanda 6.000 garagardo botilatxoren truke, urtero-urtero Kantabriako (Espainia) herri txiki batean kontzertu bat eskaintzen duen. «Alkateak dirurik ez zutela esan zien, baina gitarristak erantzun zion eurentzat dirua baino garrantzitsuagoa den zerbait bazegoela, zapore handiagoko zerbait: 6.000 Mahou botilatxo», dio iragarkian istorioa kontatzen duen gizonak.
Musikarien prekaritateari iseka egiten ari dela argudiatuz, Change.org plataforman kanpaina bat jarri du abian Carlos Fernandez musikariak. «Inork ez du botilatxoen truke lan egiten. Musikariok ez ditugu gure fakturak garagardoarekin ordaintzen, eta ez gara alkoholiko behartuak», salatu du testuan. Bitxikeria bat dirudiena eguneroko bilakatu delako kexu da Fernandez. «Tamalez, askotan proposatzen digute doan edo kontsumizioaren truke jotzeko. Lotsagarria da horrekin iragarki bat egitea. Oinarrian irudikatzen duena da musika aisialdirako zerbait bezala hartzen dela, baina inolaz ere ez ofizio baten pare. Ez litzaieke bururatuko sendagile edo arkitekto batekin halakorik egitea». Bi egunean 11.000 sinadura bilduta, kanpainaren helburua bete dute, eta iragarkia kendu behar izan du Mahouk.
Musika talde baten lokalean gai ezaguna da hau, doan jotzeko proposamenak ugariak izaten baitira. Momenturen batean musu-truk jo daitekeela, ongintzazko kontzertu batean-edo, inork ez du zalantzan jartzen, baina betiere taldearen erabakiz. Hori ezin da inolaz ere arau orokor bihurtu, balioa duenari balioa kentzen baitio. Bestela, irudikatu une batez musikarik gabeko mundu bat. Egun guztiak askoz ere grisagoak izango liratekeela iruditzen zait niri, eta jendea askoz ere zarpailago ibiliko litzatekeela kalean. Arima sendatzeko gaitasuna baitu musikak, eta hori ez du garagardoak egiten. Tira, agian bai, baina denbora laburragoz irauten du garagardoaren efektuak.

BI AHOTSETARA
6.000 garagardo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu