Iruñeko seme-alaba askoren pozerako jada bertako alkatea ez den Cristina Ibarrolak esandako hura gogoan al duzue? Hainbat alderdiren koalizio batek bultzatuta, kargua galzorian zuela, honako hitz malapartatu hauek bota zituen, «EH Bildurekin lotu baino, nahiago eskailerak garbitu». Damu omen, bide, ei zen gero, eta barkamen erdipurdikoa eskatu zuen. Alferrik, beranduko garbaiak izan ohi baitira gezur ia biribilak.
Gizaki orok dugu narrasti burmuina. Ezin ukatuzkoa da hori, baina batzuei bestei baino txandrio handiagoak egiten dizkiete neurona ezkutu eta malizios horiek, Ekain edo Arditurri kobetan bizi ginen garaietatik gure kaskoan direnek, gure barrenak nahi genukeena baino maizago agerian uzten dituzten garun zati horiek.
Cristinarentzako eskailerak garbitzea ez bide da merezitako lana, eginbehar duina. Alta, badakigu guk oker dagoela. Ibarrola alkate ohiak ez daki Nevena Tahova andre txit aipagarriak lortu duena berak ez duela sekula dastatuko. Eskailerak garbitzen ez dituelako.
Nevena Bulgariakoa. Eta IMDB zinema munduko entziklopediarik nagusi eta osatuenean agertzen da bere izena. Aktorea ote dugu Tahova? Ez. Ekoizlea, agian? Ezta ere. Gidoigilea? Ezta ere…. Nevena garbitzailea da. Kale garbitzailea? Ez. Etxe garbitzailea? Baliteke, baina ez da etxeak garbitzeagatik International Movie Data Base orrialde birtualetan agertzen. Ez, Nevena Tahova IMDBn eta The Bricklayer filmaren bukaerako kreditu tituluetan azaltzen da Zinema Garbitzailea baita eta Renny Harlinek zuzenduriko akziozko pelikula hala moduzko horretako eszenatokiak zilarra bezain garbi utzi zituelako bere lankideekin batera.
Oraintxe arte sortzen garesti samar ziren hainbat arte demokratizatu ditu teknologiak. Musika, esaterako. Zinema ere bai. Printzipioz, egunotan edonork graba dezake bere diskoa etxean. Printzipioz, edonork har dezake kamera txiki bat eskuetan eta film bat filmatu. Gero gerokoa, baina tresneria aldetik, kasik arazorik ez…
Izan dira beste demokratizazio prozesuak zeluloidezko inperioan eta ikus-entzunezko erreinu digitaletan. Etsenplurik garbienetarikoa kreditu tituluei dagokie. Zinemaren hasierako aroan, zuzendariaren deitura ere ez zen aipatzen afixetan. Ekoiztetxeak baino ez zuen horretarako aukera edo eskubidea. Azaltzen hasi ziren gero izarren izenak. Urteak pasatu behar gidoigileen, argazki zuzendarien edo muntatzaileen berri eman zedin pantailan.
Izan dira beste demokratizazio prozesuak zeluloidezko inperioan eta ikus-entzunezko erreinu digitalean.
Orain, berriz, lantalde osagarri direlako horiek osatzen dituztenen aipamen zehatza egiten da. Horrexegatik badira bukaerako tituluak 16 minutu (arras demokratikoak…) baino gehiago irauten dutenak.
Gozamen (ala parafilia, ala obsesioa, batek daki…) egundokoa da begirada pausatzea, kasurako, catering zerbitzuaren ardura izan dutenen gainean. Kamareroak ere agertu ohi dira bertan eta ez bakarrik chefak.
Nahiko al zenukete jakin zeintzuek kozinatu eta garbitu zuten Pablo Larrainen El Conde-n? Ez, ez naiz odolez elikatzen ziren banpiroek zuku-makinatik pasatzen zituzten giza bihotzak kuzinatu edo ahogozagarri horien apurrak eskobatzen zituztenez ari, horretarako baitira betirako bizi nahi duten morroi bereziak.
Ez, pelikulan esku hartzen zuten naturaz gaindikoak ez ziren artista eta langileentzako janaria prestatu eta filmaketa lekuak garbitzen zituztenez ari naiz ni izkribuan. Hona hemen haien graziya: sukaldari nagusia, Alma Castro anderea. Zortzi laguntzaile izan zituen Santiagon jardun zutela. Haien artean, Juanita Gonzalez eta Isham Kamil. Punta Arenas aldera jo zutenean, beste zortzik izan zuten lapikoen erantzukizuna. Izenik jakin gura? Guillermina Gallardo, Mauricio Arismendi, Iván Aguilar…
Zortzik jardun zuten garbiketan eta eszenatokiak germen patogeno guztietatik libre gordetzeko ahaleginetan, hala nola Valentina Contreras, Jeanette Pacheco, Paul Urdaneta…. Cristopher Peersek hondakin guztiak hartu eta Reciclyng Track Spa enpresaren kamioietan sartzen zituela…
Ikusten? Cristina Ibarrola izan da, bai, Iruñeko alkatea, baina eskailerak garbitu izan ez dituenez, ez da agertzen pelikula baten tituluetan. Lastima. Agian, alkatetzarena ez da hain ohore markaz fuerakoa.