Nahi izan nuen salbatu. Ezin izan nuen salbatu. Horra hor zinemaz hitz eta idatz egiten dugunon porrot ohikoa. Ohikoegia. Hasi berritan, inozente erabatekoak ginela, sinetsirik geunden zeharo: aldatuko genituzke ikusleen joerak eta jarrerak. Planto egingo genieke Japonian egoitza duten multinazionalek Hollywooden sortutako film erraldoi horiei, blockbuster esaten zaien horiei. Pentsatzen genuen, inozo!, dardaraz hasiko zirela Tokion eta Kalifornian guk kontrako kritika egin bezain pronto.
Denboraren eta eskarmentuaren poderioz ikasi genuen egia, egia biribila: ez genuen inoren gustua aldatuko. Inoiz ez. Inolaz ere ez. Ez genuen ekoiztetxerik hondamendira bidaliko.
Berandu samar beharbada, baina konturatu ginen. Seko konturatu ere, harroputz ibiliak ginen luzez, jendearen pentsamoldea aldatu nahi eroan. Zertarako? Zergatik? Zeren, noren izenean? Nor ginela uste genuen, ba, txulo halakook? Ohartu ginen ikusleak askotan mokofin ikaragarriak zirela, erabaki izugarri ausartak hartzen zituztela. Ahoa bete hortz onartu behar izan genuen: behin baino gehiagotan, beraiek guk baino azkarrago detektatzen zituzten zarata handirik egin gabe estreinatzen ziren merezimendu handiko film txikiak…
Honetaraz gero, ez dugu mundua aldatu nahi. Ezta zinema ere. Ezinaren aurrean, atzera egitea da, sarri, jokaera duinena. Erretira hori hain krudela izan ez zedin, jainkoek/deabruek botere umil, xume bat oparitu ziguten, pelikula txikiak salbatzeko dohaina, izan ere. Ezingo genuke zeluloidezko giganteen kontra ezer egin, baina aretoetan astebete eskasa iraungo zuen zeluloidezko pieza galdu hainbati luzatuko genieke, akaso, bizitza….
Ezin izan nuen salbatu. Nahi izan nuen salbatu, bai. Zazpi ahalegin baino gehiago egin nituen zuek abisatzeko. Alferrik. Zazpi egun baino gehiago merezi zuen Hegoaldeko aretoetan. Alta, zortzi ere betetzera ez zen iritsi. Nahi izan nuen salbatu. Ezin izan nuen salbatu. Bederen, errukior jokatu zuten jainkoek/deabruek, eta nire porrota bigundu. Hegoaldean desagertu da pantailetatik, baina Iparraldean eskura duzuen Max Premiere plataforman dago alokagai. Kontuan izan, oi hegoaldetar zoritxarrekook, mugatik kilometro gutxira biziz gero, konexioa posible dela plataforma horrekin. Ordenagailuz. Mugikorrez ez. Enkartazioetan eta Nafarroako Erriberan ez. Donostian, Pasaian, Irunen, Hondarribian bai.
Nahi nuen salbatu. Ezin nuen salbatu. Zuek duzue orain nik izan ez nuen beta. Lepoan hartu pelikula eta segi aurrera.
Paul Urkijoren Gaua handia Donostiako Kursaalean estreinatu baino lehen, izan zaitezte pelikula on/txiki honen ama/aita ponteko. Carine Tardieuren L'attachement filmaz ari natzaizue. Hegoaldean Los lazos que nos unen izenburua hartu zuen filmaz, alegia.
Paul Urkijoren Gaua handia Donostiako Kursaalean estreinatu baino lehen, izan zaitezte pelikula on/txiki honen ama/aita ponteko. Carine Tardieuren L'attachement filmaz ari natzaizue. Hegoaldean Los lazos que nos unen izenburua hartu zuen filmaz, alegia. Alice Ferneyren nobela batean aurkitu zuen inspirazioa zinemagileak, eta igualik ez duten Valeria Bruni-Tedeschi eta Pio Marmai aktoreak aukeratu protagonistak izateko.
Pelikulak fin-fin jartzen ditu mahai gainean, gure begi aurrean, kezkatzen, arduratzen, aurrera jarraitzeko indar nahikoa ematen diguten gaiak: bizitza bera, herioa, amodioa, amodiorik eza, amatasuna, ez maitasunarekin, ez sexuarekin, ez odol loturekin zerikusirik ez duen estimu mindu-gozoa…
Zertaz den iazko Veneziako jaialdian arrakasta majoaz aurkeztu zen pelikula hori? Ba… Zure auzoek ospitalera joan behar dute, emakumea erditu minetan baitago. Duten seme txikia zaintzeko eskatuko dizute, ez ezetz ez baietz esateko denborarik eman gabe. Liburuak saltzen dituzu zuk. Ez duzu bikote finkorik. Librea zara. Ez dakizu kozinatzen, ez dakizu ezer umeez. Ezta jakin nahi ere…. Auzo emakumea erditzean hilko da… Horrela hasten da zeluloidezko delizia hau, nik salbatu nahi nuena. Eta ezin. Ikusi orduko desagertu zen Hegoaldeko pantailetatik.
Zuen esku uzten dut L'attachement filmari maite-maite egiteko ardura. Merezi du eta. Zer pentsatua, zer gozatua ematen baitu. Eta artikulu honen izenburua, zertara dator? Hilaren 31n hildakook eta bizidunok Donostiako Kursaalean elkartzen garenean ulertuko duzue. Akerra maite dugu guk. Eta akerra beltza izanik, beltza izan behar, Gaua-n, musuak.
