Antza denez, Pono Player izeneko musika erreproduktore berri bat izango dugu laster gure artean. IPod-ak baino soinu kalitate altuago eskainiz, benetako zaleen alternatiba moduan aurkeztu dute, gainera. Pono aitzakiatzat hartuz, Philip Brophy soinugileak oso artikulu interesgarria idatzi du WIRE britainiar musika aldizkarirako. Bertan soinu grabaketa gordetzen duen aparailu fisikoa eta bera entzutean geure buruan gertatzen den esperientziaren arteko loturaz aritzen da. Esperientzia psiko-akustiko horren bitartez, oraingo unetik kanpo beste garai eta espazio batera bidaiatzeko gai garela azaltzen du. Efektu magiko hori posible egiten duen objektu fisikoa denborarekin aldatuz eta garatuz joan den arren —binilotik MP3-ra— esperientzia bere horretan mantentzen dela dio. Are gehiago, soinu teknikari alorrean aurrerapen teknologikoek entzuleen interes faltarekin sarritan topo egin dutela onartzen du. Pertsona bakoitza unean uneko medio eta baldintzetan bere esperientzia pertsonala izateko gai baita, eta esperientzia horren sakontasunak ez dauka soinu kalitatearekin zerikusirik.
Brophyren ikuspegiarekin erabat ados egoteaz gain, bere hitzak ezin hobeto datozkit Actressen azkeneko diskoa (Ghettoville) entzuterakoan sentitu dudana adierazteko, eta niregan eragin duen identifikazioa eta inpaktu bizia ulertu eta azaldu ahal izateko. Diskoaren musika abstraktua eta latz bezain malgua entzutean, Actress berasentitzen naiz eta bere South London auzoko kaleetan barrena paseatzen. Argi grisa eta usainak sumatzen ditut, bai, eta inguruaren edertasun arraroaz txunditu eta liluratzen naiz,aldi berean. Askok musika elektronikoa edukirik gabeko forma erakargarri hutsa dela diote. Baina Actress moduko artistek egungo teknologiaz baliatuz eta ia etxetik atera gabe musika erabat pertsonala sortzen eta grabatzen dute. Bere kezken isla egiazkoena inprimatzeko gai dira, gure sentipen eta nahi ezkutuenak ukitu ahal dituzte, etamusikaren asmo oinarrizkoena betetzen jarraitzen dute: komunikazioa.

Bi ahotsetara
Aktorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu