Finitu dira Gasteiz eta Bilboko zinema jaiak. Bilboko FANT irabazi zuen Finlandiako tragikomedia ilun-iluna den Death Is a Problem fot the Living (Herioa bizidunen arazo da) gure etxe ondoko areto korrienteetan pantailaratzeko eskubideak eskuratu ditu A Contracorriente Films banatzaileak; beraz, ez izan kezkarik, segituan izango dugu ikusgai mikatza oso den barrabaskeria hori, istant batez gaztelaniaz Tú asesina que nosotras limpiamos la sangre (Erail ezazu zuk; guk –emakumeok— garbituko dugu odola) izendatu zuten Curdled filma gogora eta erraietara ekartzen dizuna. Teemu Nikkiren lan garratz-jator honetan, suerte txarreko bi gizon (bata ludopata hutsa, etxea eta familia ditu galtzear; besteari kasik burmuinik ez duela aurkitu berri diote medikuek. Lanetik bota dute eta emazteak ez du nahi berarekin semerik izan…) errusiar erruletako jokoan hiltzen direnen gorpuak lurreratzeaz (edo) arduratzen dira. Errusiar erruletako biktimak, kontu garbitze batekoak edo heriotza segururik ez dutenenak…
Finitu dira Gasteizko eta Bilboko bilkurak eta pasa den asteartean Canneseko handia hasi. Miarritzeko Le Royalen ikusi zuen zinemajale sorta engaiatuak irekiaren zeremonia, bai Iparraldeko bai Frantziako ehun areto inguru konektatu baitziren festaren hasiera hori pantailan dastatzeko.
Zeremonia horretan, izarrez gaindi, Fatma Hassouna argazkilariaren oroipenak egin zuen dir-dir tristatua. Cannesa joatekoa zen ACID sailean baitago bere inguruan, berak hartutako boteprontoko argazkiekin, berak ahal zuen moduan bidalitako audioekin, egindako dokumental urgentea. Fatma ez da Cannesen izango. Palestianarra zen eta Israelgo misil batek hil zuen pasa den apirilean…
Finitu dira bi eta hasia da denetan erraldoiena, non luxuak eta konpromisoak askotan egiten duten topo. Ala talka.
Zinemak gure auzoetako aretoetan irauten du bizirik eta zutik. Badira bertan (Hegoaldean) bi film aipua merezi dutenak. Bata bestea baino askoz interesgarriagoa da eta zinema gehiago du barrenetan, baina bietan amaren eta seme-alaben arteko harreman disruptiboaz ari dira egileak.
Orain ere, oraindik ere amatasuna emakumezkoen gailurtzat hartzen duten lanak badira literaturan (Claire Kilroyen Soldier Sailor) zein zeluloidean. Ba omen da gure bizitza azken esanahiaz betetzen duen zerbait… Nik nahiago beste ikuspuntu basago eta ankerrago batez aztertzen dutenak. Paperean, esaterako, Rachel Cusken A Life's Work: On Becoming a Mother (Bizitza osorako lana: ama bilakatzeaz).Irainak, irain gogorrak, jaso zituen idazle handiak. Ez bide zuten askok gogoko izan amatasunak sorrarazten duen bertigoaren kronika latz eta umoretsu horren tonua.
Rachelek eraginiko antzeko sosegurik eza eragiten du Cecilia Atan eta Valeria Pivato zinemagile argentinarrek egindako La llegada del hijo (Semearen etorrera) horrek. Ezer gutxi konta daiteke filmaz, ez baita gizalegea barruan duen misterioa argitan jartzea. Gidoi on bat osatzen duten koska estu horiei min ematen die, min handia, argiak, berripaperaren zuriak. Esan dezakegu, baina, film honetan amaren eta semearen arteko harremana urratuko duen gertaera bat suertatuko dela, semeak eraginda. Goi mailako gizartean aise, eroso, duin eta nahiko luxuz bizi den amonaren harridurako, alabaren semearekiko jokabidea ez da usadiozkoa. Alan atera berri da kartzelatik, baina Sofiak ez du beso eta bihotz zabalik hartzen… Ausartak dira gero Valeria eta Cecilia, eta airos gobernatzen dute istorioari darion toxikotasuna. Polita litzateke biek Rachelekin topo egitea. Pantailan edo kafe bat hartuz…
Bigarren filma, También esto pasará (Hau ere bukatuko da) dugu, eta hil berri den muga guztiz kanpokoa zen ama bati alabak egiten dion kantua da. Min ematen zuen kariño batez maite zuen alabak, egun bere semeak maite dituen indar basati beraz. Eredu, akuilu, eta lehiakide ere izan zuen ama. Katalunian gerra irabazi zutenen ondorengoak dira hemen protagonistak, Bartzelonako gauche divine hura osatu zuten gazte horien seme-alabak, dirudunak, jostalariak, kulturaz ondo hornituak…
Filmak Milena Busquetsen liburu famatua du inspirazio, baina orrialdetan arintasun erlaxatua zena, abegikorra doluan baginen ere, pantailan barnehuts azaleko zeozer bilakatzen da. Lastima.
Finitu dira Bilboko eta Gasteizko zinema festak. Aurrera doa gerra guztien testigu izan ohi den Cannes. Amatasuna ez da inoiz erraz azal daitekeen misterioa. Ez dago seme-alabatasuna zertan den dakienik ere. Cannesek, nik uste, ez du erantzunik izango.