Bukatu da prentsa aurreko agerraldia. Musikariarekin batera solasean aritzeko tartea izaten da batzuetan —berandu egiten ez denean, behinik behin—. Hala izan zen aurreko batean. Fermin Alonso Iruñeko kultura zinegotzia zen bertan zirenen ahotan. Sanferminetako jazz kontzertuen gainbeheraren erantzule egin zuten. Burgoen plazatik Sarasate pasealekura lekualdatu zuen jaialdia, baretasun erlatibotik, burrunbaren erdira. Irizpiderik gabe hartutako erabakia zirudien. Beste bat.
Margolari baten ahotik aditua dut artistek ez dutela aukera handirik izaten Iruñean. Haiek dira proposamena egin behar dutenak, eskaintza jasotzeko zain egonez gero koadroek armiarma sareak bailituzkete. Arte garaikidea asteartetik ostiralera bi ordu eta erdiz, larunbatetan lau ordu eta erdiz eta igandeetan bi orduz erakusten duen hirian gertatzen da hori. 2016. urtean kulturaren hiriburu izan nahi zuen hartan, hain zuzen ere.
Testuinguru horretan, baikor ikus daitezke kultur sorkuntzan aritzen diren asko. Aldaketa badatorrela uste dute. Beste batzuk ere ari dira aldaketa politikoaz, aldaketa sozialaz, erregenerazioaz eta erregimenaren bukaeraz. Gizarte aldaketei loturik egoten da kultura, eta, aldaketa lau haizeetara galdegiten dutenen lehentasuna hori ez izan arren, alor guzietan aldatu beharko da, aldatuko bada.
Kulturan eta sorkuntzan ere bai, noski. Haien kudeaketa politikoak bestelakoa izan beharko du. Iruñetik hasita, asko baitute eskaintzeko Nafarroako hiriburuak eta hiriburuko sortzaileek. Premiazkoa dirudi karguen izendatzeko moduan ere aldatzea, kultura kudeatzea ez baita edozeini utz dakiokeen ardura. Beharrezkoa da aldaketarako kultura.

DENA ETA EZTENA
Aldaketarako kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu